Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskal sortzaileak eta munduko euskara eta euskal kultura ikasleak, gertuago

Euskal sortzaileak eta munduko euskara eta euskal kultura ikasleak, gertuago

2013-11-12 / 09:45 / Etxepare Euskal Institutua   KULTURA

Etxepare Euskal Institutuaren eta Maramara taldeko Mintzanet egitasmoaren arteko lankidetzari esker, euskal egileek eta eragileek zuzeneko prestakuntza-saioak eskaini ahalko dizkiete, Euskal Herritik, Institutuak mundu osoko 34 unibertsitatetan dituen euskara eta euskal kultura ikasleei.

Egitasmoa azaroaren 8an aurkeztu zuten, Donostian, erakustaldi bat ere eginez: Eider Rodriguez idazleak zuzeneko konexioa egin zuen Poloniako Poznaniako Adam Mickiewicz Unibertsitateko Amaia DonÚs irakaslearekin eta sei poloniar ikaslerekin; Katu jendea ipuina izan zuten hizpide, euskaraz.

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak aurkezpenean azaldu zuenez, Institutuak mundu osoko 34 unibertsitatetan dituen irakurletzetan eskaintzen duen formakuntza aberastea eta gure kulturari buruzko ezagutza areagotzea dira egitasmoaren xede nagusiak. Eskaintza berri honi esker, euskal sortzaileak eta kultur eragileak ikasleekin harremanetan jarri ahalko dira, Internet bidez, kultur gai zehatzak landu ahal izateko. Egitasmoa Mintzanet plataformaren bitartez gauzatuko da.

Edozein arlotako sortzaile edo eragileekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko zaie sareko irakurleei (irakasleei); Etxepare Institutuak hartuko du segidan egileekin harremanetan jarri eta hitzorduak kudeatzeko ardura. Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregik adierazi zuenaren arabera, malgutasuna, gertutasuna eta gaurkotasuna sustatu nahi dira gehienbat, ikuspuntu pedagogikoa abiapuntu hartuta; hala, irakasleek aldez aurretik prestatu beharko dute gaia ikasleekin, eta gidoi bat prestatu. Saioak ordubete ingurukoak izango dira.

Maramara taldea zuzentzen duen Ritxi Lizartzak Mintzanet duela urtebete sortu zela ekarri zuen gogora, Internet bidez euskaraz mintzatzeko aukera eskaintzeko asmoz. Saio berri hauen bitartez Institutuko ikasleak euskal artistekin harremanetan jartzeko aukera emateaz gain, nazioarteko euskaldun berriei Mintzanet tresna ere ezagutzeko parada emango zaiela azpimarratu zuen, eta euskaldun gehiagorekin harremanetan jartzeko bide berri bat zabaldu.

Konexioek zer nolako egitura izango duten adierazteko Eider Rodriguez idazleak -EHUko irakasle eta doktore ere badenak- saio labur bat burutu zuen Poznaniako Adam Mickiewicz Unibertsitateko Amaia DonÚs irakaslearekin eta sei poloniar ikaslerekin. Aldez aurretik irakurrita zuten Katu jendea ipuina izan zuten hizpide, euskaraz gehienbat. Hainbat gaiei buruzko jakin-mina asetzeko aukera izan zuten ikasleek: egilearen idazketa prozesua, itzulpengintzarekin duen harremana, euskaraz idaztearen zergatia, ipuineko protagonisten adinaren garrantzia edota katuen metaforaren esanahia... asko izan ziren egileak erantzun zituen galderak.

Rodriguezek ere itauntzeko aukera izan zuen; ikasleen erantzunen arabera, euskara desberdina eta txikia izateak eta gure kultura guztiz berezia izateak erakarri ditu euskal irakurletzara. Poznaniako Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara eta euskal kultura eskoletan 50 ikasle ari dira aurten. Amaia DonÚs irakurleak 540 ordu irakasten ditu urtean.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus