Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Garoa' eta 'Firi-firi' eguneratuta eta berrargitaratuta

'Garoa' eta 'Firi-firi' eguneratuta eta berrargitaratuta

2013-11-06 / 09:30 / Labayru Ikastegia   KULTURA

Labayru Ikastegiak XX. mendeko idazle klasiko biren idazlanak berrargitaratu ditu testuak eguneratuta: Domingo Agirreren Garoa eta Pablo Zamarriparen Firi-firi. Liburu biok Sutondoan bilduman sartzen dira, gure literatura klasikoa baina oraintsukoena, gaurko irakurleen eskura jartzeko bideratutako bilduman.

<b><i>Firi-firi</i></b>

Firi-firi

Pablo Zamarripa 1877. urtean jaio zan Laredon, gurasoak hara joanak ziralako. Baina txiki-txikia zala atzera Sondikara etorri zan familia, gurasoen jaioterrira, eta Sondika izan eban gehienbat bere bizilekua.

Abade egin eta Bermeoko Almikan egin eban lehenengo abade-ardurea, gero Zallako Otxaranen eta ondoren Gatikan, eta handik Bermeora bialdu eben barriro, uriko parrokia nagusira parroko. Azkenengo urteetan Sondikara bihurtu zan, gurasoen eta bere umetako herrira, eta han egon zan abade 1950eko San Pedro bezperan heriotzeak hartu eban arte.

Euskerearen alde lanean gazte-gazterik hasi zan, abadegai zala, eta hil arterainoko guztian ekin eutsan arlo horri, fin eta gogo handiz.

Bere liburuetan landu eban euskerea, ia beti, bizkaiera izan zan, eta bizkaieraren barruan, Txorierri aldeko estiloa eta errepertorioa erabili eta bultzatu eban gehienbat. Zamarripa harro be harro egon zan beti, txorierritar izateaz: Sondika, Asua eta Txorierri dira, gehienbat, sarrien aitatzen dituan izenak, eta bai hizlauz, bai hizneurtuz, Txorierriko edo bizkaieraren sartaldeko baliabideak landu zituan gehien.

Hizkuntza arloko lanak ondokoak dira: Gramatica Vasca, Manual del Vascˇfilo eta Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco.

Literaturaren arlokoak, beste honeek: hitz neurtuz, Gora begira, eta hizlauz: Anayak gara, Zaparradak eta, Kili-kili eta Firi-Firi.

Zamarriparen gogo mundua gehienbat Txorierriari lotuta dagoanez, bere idatzietako berbakerea, pasadizuak eta alkarrizketak be -orduko Txorierri baserri girokoa zan gehiago kaletarra baino- Txorierriri lotuta dagoz, eta bertako euskera ederrean eihota.

Liburu honetan agertzen diran idatziak Gaceta del Norte izeneko egunkarian argitaratu zituan lehenengoz Zamarripak, eta gero liburuan batuta 1935ean. Egunkariko artikuluak dira, laburtxuak, bere denporako gaiei buruz, ironia handiagaz idatziak eta oso kritikoak.

Berrargitalpenaren edizioa Nagore Etxebarriak eta Maribi Egiak egin dute, eta Adolfo Arejitak idatzi du sarrera.

Garoa

Nobela honetan Domingo Agirrek baserri-giroko bizimodua erakutsi dau, eta hizkuntza aldetik gipuzkera erabili, Kresala-n itsasokoa bizkaieraz emon eban moduan. Nobela kostunbrista da, bere garaiko pentsaeraren erakusgarri.

Edizino honetan egilearen idazmoldea gaurko arau eta ohituretara egokitu da grafiaren aldetik, berak darabilen gipuzkerari eutsita.

Domingo Agirre euskal literaturako idazle klasikoa dogu, nobela generoaren hastapenetan bere ekarpena ezinbestekoa dogu gure literaturaren historian. Garoa nobela honek O˝ati, Arantzazu, Urbia ditu eszenatoki eta gipuzkeraz idatzita dago.

Sarreran Sebas Gartzia Trujillok holan dino: "Garoa-ren gaia maitasunezko istorio xume bat da, dramatiko samarra (senargaia itsu geratzen da istripu batean) eta, alde guztietatik -pertsonaiak, espazioa, denbora...-, erabat ideologizatua: etxeko lehen fruiturik onenak (Madalen) Jainkoarentzat dira.

Eta hala ere, onartu beharra dago Garoa-ren istorioa begiko zaiola euskal irakurleari. Lehen lerrotik, maitagarri zaigu Joanes artzaina, pipa ezpainetan duela, zertan eta galtzerdiak ehuntzen diharduela, non eta Urbiako zelaian!". Halan jarraitzen dau liburuaren adarrak garantzen. Klasiko bat dogu gure literaturan, nobela generoaren aintzindaria, euskerea literaturara ekarteko ahalegin apartekoa.

Berrargitalpenaren edizioa Miren Atutxak eta Adolfo Arejitak egin dute, eta Sebastian Gartzia Trujillok idatzi du sarrera.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus