Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Koloreztatu euskararen bidea!

Koloreztatu euskararen bidea!

2013-10-28 / 09:45 / Bagera   HIZKUNTZA

Udaberrian Bidea marraztera goaz! izenburupean jardunaldiak antolatu genituen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, XXI. mendean Donostia euskalduntzeko bidean donostiar euskaltzaleok egin dezakeguna marrazten hasteko helburuarekin. Parte hartu zuten bidelagunen eta euskaltzaleen ekarpenei esker bidearen lehen marrak ipini genituen. Orain, marrazten hasitako bidea koloreztatzeko garaia da!

Gogoan izango duzuen bezala, udaberrian, Bidea marraztera goaz! deituriko jardunaldiak antolatu genituen. Helburua, Donostiako euskaltzaleok bildu eta denon artean Donostia euskalduntzeko zer behar dugun definitzen hastea zen. Horretarako hainbat bidelagun izan genituen, eta bakoitzak bere ikuspuntu eta esperientzietatik planteatutako hiru galderei erantzuten ahalegindu ziren. Gauza asko entzun eta esan genituen, saioak aberatsak izan zirela iritzi dugu.

Memoria pixka bat freskatzeko, jardunaldien ondorioak landu genituen azken saiotik ateratakoa laburbiltzen duten bi dokumentu atxikitzen dizkizuegu:

Margotzeko paleta kolorez bete genuen. Orain, horiek aintzat hartuta, denon artean adostutako ekintza zehatzen bidez, zirriborratutako bideari kolorea ematen hasteko garaia da. Horretarako, udazkenean bi saio antolatu ditugu ondorengo helburuekin:

  • Urriaren 29ko saioan, lehentasunezko lan ildoak eta ekintza zehatz batzuk identifikatuko ditugu, Donostiako euskaltzaleen parte-hartzeari esker aurrera atera ahalko direnak.
  • Azaroaren 12ko saioan, aurreko saioan proposatutako ekintza egingarri eta bideragarrien arteko aukeraketa egingo dugu, eta baita ere irudikatutako ekintza gauzatzeko antolaketa zehaztu.

Bi saio hauek, asteartez izango dira, arratsaldeko 18:30ean hasita San Telmo Museoko Hezkuntza tailerrean.

EHko Euskaltzaleen Elkarteen Topaguneko bi kide izango dira saio hauek dinamizatzen.


(BAGERA, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus