Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  150 elkarrizketa laguntzaile arituko dira ikasturte honetan Euskadiko ikastetxeetan

150 elkarrizketa laguntzaile arituko dira ikasturte honetan Euskadiko ikastetxeetan

2013-10-03 / 09:45 / Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila   IRAKASKUNTZA

Cristina Uriarte Hezkuntza Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ongietorria egin zien atzo (2013-10-02) 2013-2014 ikasturtean Euskadiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxetan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetan jardungo duten atzerriko hizkuntzetako elkarrizketa laguntzaileei.

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu zen ekitaldian, Cristina Uriarte sailburua lau hizkuntzatan zuzendu zitzaien bertaratutako laguntzaileei: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Uriartek gogorarazi zuen, Europako Batzordeak bere helburuen artean duela herritarrei euren ama hizkuntzaz gain beste bi hizkuntza ikasteko aukera ematea, gaztetan hasita. "Europako helburuak gureak dira", gehitu zuen sailburuak. "Europako edozein herritarrek izan behar du ama hizkuntzaz gain beste bi hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna, eta Euskadiko hizkuntzak bi direla kontuan izanik, gure helburua 2+2 izan behar da: euskara eta gaztelania eta atzerriko beste bi hizkuntza".

2013/2014 ikasturte honetan, urrian hasi eta maiatzera bitartean, 150 elkarrizketa laguntzaile arituko dira lanean Euskadiko 135 ikastetxetan, Batxilergoko eta DBHko ikasleekin batik bat, baina horietako batzuk Hizkuntza Eskola ofizialetan ere arituko dira. Gehienak ingeleseko laguntzaileak dira, eta Estatu Batuetatik datoz asko (68), baina badira britainiarrak, australiarrak, zeelandaberritarrak eta irlandarrak ere. Frantseseko laguntzaileak Frantziatik iritsi dira (14), eta alemanekoak, berriz, Austria (3) eta Alemaniatik (4). Azkenik, italiar bat ere badago tartean.

Elkarrizketa laguntzaileek -euren jatorriko herrialdean unibertsitate ikasketen azken urtea burutzen ari diren gazteak izan ohi dira gehienak- irakasle titularrari laguntza ematen diote atzerriko hizkuntza ikasgaian, eta euren funtzio nagusia ahozko komunikazioan ikasleen gaitasunak lantzea eta indartzea da. Astean 12 eskola ordu ematen dituzte irakasle titularra lagun dutela, eta inoiz ez bakarrik.

Ikasturte honetan izango diren 150 elkarrizketa laguntzaileetatik 115 Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak finantzatzen ditu, eta gainerako 35ez Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa arduratzen da. Atzo goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin zitzaien harreraren ondoren, elkarrizketa laguntzaileek ikastaroak burutuko dituzte Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofizialean, gaur eta bihar (urriaren 3an eta 4an).


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus