Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bigarren Hezkuntzako 20 ikasle, Hizkuntzen Europako Eguneko world café-an

Bigarren Hezkuntzako 20 ikasle, Hizkuntzen Europako Eguneko world café-an

2013-09-27 / 10:15 / Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila   IRAKASKUNTZA

Europaz, bertako hizkuntzez eta ohiturez duten ikuspuntua partekatu zuten EAEko bost institututako gazteek ingelesez burutu zen kafe-solasaldian.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Batxilergoko lehenengoko 20 ikaslek hartu zuten pate atzo (2013-09-26) Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan (Gasteizen) burutu zen Elos World Café ekimenean. Ordubetez, eta bosna laguneko lau mahaitan banatuta, Europa izan zen gazteek ingelesez izan zituzten solasaldietako ardatz nagusia.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak eta Begońa Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak egin zieten ongietorria ikasleei, solasaldiei ekin aurretik. Sailburuordeak azpimarratu zuen Europaz edo Europako gaietaz aritzeko orduan hizkuntzak ezin direla albora utzi. "Europan edo mundu zabalean ikasketak burutzeko edo lan egiteko aukera izango duzue etorkizunean nahi baduzue, eta irekitzen ari den testuinguru berri honetan, hizkuntzak ezinbesteko izango dituzue", nabarmendu zien sailburuordeak gazteei. Garamedi zuzendariak, aldiz, "etengabeko ikasketa eta berrikuntza prozesuan lan eta lan" ari izana eskertu zien ikasle eta irakasleei, eta ahalegin horretan "beti izango duzue gure laguntza", gehitu zuen.

Mahai bakoitzean ordu laurdeneko denbora, eta Europako Batasunarekin zerikusi zuzena zuen galdera sorta izan zituzten gazteek solaserako, hurrengo mahaira pasatu aurretik. Horrelakoxea izan ohi da World Café-aren funtzionamendua. Lehen mahaian, Europako Batasuneko erakundeak izan zituzten mintzagai: Zer da Europako Batasuna zuretzat?; Zein motatako erabakiak hartzen dira Europako erakundeetan?; Zein eragin dute zugan?... Bigarren mahaira pasatutakoan, berriz, Europako hizkuntzen eta ohituren ingurukoak izan ziren galderak.

Hirugarren mahaira aldaketa egin zutenean, euren ikastetxeetan Europarekin lotura duten zein jarduera antolatzen den azaldu zioten elkarri ikasleek, eta laugarren mahaian, azkenik, euren etorkizunaz hitz egin zuten: etorkizunerako euren planez, atzerrian ikasteko aukerez edo beste hizkuntzaren bat ikasteko asmoaz jardun zuten. Ordubetez, eta ingelesez, gai horien guztien inguruan duten ikuspegia partekatzeko egokiera bikaina.

EAEko bost institututako gazteek hartu zuten parte atzo goizeko World Café solasaldian, guztiak ere Elos sareko kide: Aguraingo Aniturri, Donostiako Antigua-Luberri, Bilboko Botikazar, Gasteizko Ekialdea eta Azpeiti-Azkoitiko Urola Ikastolako neska-mutilak elkartu ziren. Urtero, irailaren 26an Europako Kontseiluaren ekimenez ospatzen den Hizkuntzen Europako Egunaren baitan antolatu zuen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak kafe-solasaldi hau, egunaren beraren helburuekin bat eginez, eleaniztasuna eta kultura arteko ezagutzaren garrantzia azpimarratu nahian.

Elos sarea

Helburuetan bat egiten duten Europako ikastetxeen sare bat da Elos. Sare honetako kide diren ikastetxeek, Europako beste ikastetxe batzuekin nazioarteko topaketetan parte hartzen dute, esperientzia trukeak gauzatzeko. Dimentsio europarrari lotutako kontzeptuak garatzen dituzte ikastetxe hauek ikasleekin, hau da, ikasleek etorkizunean herritar europar izateko behar dituzten edukiak, gaitasunak eta jarrerak lantzen dituzte.

Sareko ikastetxe guztiek, gainera, Europa mailan garatu eta aplikatutako ebaluazio eta ziurtatze- tresnak erabiltzen dituzte. Helburua, beraz, Europa eta nazioarteko dimentsioak gero eta protagonismo handiagoa izango duen etorkizunari era sortzaile eta eraginkorrean aurre egiteko ikasleak prestatzea da.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus