Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Ikasleentzako diru-laguntza zuzenak berreskuratuta hasiko da 2013-2014 ikasturtea euskaltegietan

Ikasleentzako diru-laguntza zuzenak berreskuratuta hasiko da 2013-2014 ikasturtea euskaltegietan

2013-09-16 / 09:30 / Eusko Jaurlaritza - Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila   IRAKASKUNTZA

2012-2013 ikasturtean euskaltegi publiko nahiz pribaturen batean ikasle izan direnei zuzendutako diru-laguntzak izango dira, zehatzago esanda, 2012ko bigarren deialdian edo 2013ko lehenengoan agiria ateratzeko azterketara aurkeztu eta gainditu duten ikasleei zuzenduak.

Albiste pozgarriarekin hasiko da 2013-2014 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegi sareko ikasleentzat. Urte batez bertan behera utzita egon ondoren, euskara ikasleei diru-laguntza zuzenak ematen dizkien deialdia berreskuratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, horretarako 700.000 euro ipinita. 2012-2013 ikasturtean euskaltegi publiko nahiz pribaturen batean ikasle izan direnei zuzendutako diru-laguntzak izango dira, zehatzago esanda, 2012ko bigarren deialdian edo 2013ko lehenengoan agiria ateratzeko azterketara aurkeztu eta gainditu duten ikasleei zuzenduak. Baldintza hori bete eta laguntza eskatzeko interesik duten ikasleek irailaren 4tik urriaren 3ra arte dute zabalik eskaera egiteko epea.

Ikasleentzako laguntza zuzenak berreskuratzeaz gain, euskaltegien finantziaziorako diru-laguntzak ere oso-osorik mantendu ditu aurten Eusko Jaurlaritzak, 30.372.000 euro orotara. Horietatik 18.890.000 euro euskaltegi pribatu homologatuentzat izango dira, eta gainerako 11.482.000 euroak, berriz, udal euskaltegientzat. Euskara eskolak ematen dituzten Euskal Etxeentzat, aldiz, 200.000 euro daude ikasturte honetan.

32.330 ikasle aurreko ikasturtean

Ikasturte berria hastera doala, 2012-2013 ikasturteari dagozkion datuak eman ditu ezagutzera Joseba Erkizia HABEko zuzendariak. 2012-2013 ikasturtean 32.330 pertsona aritu dira euskaltegietan euskara ikasten, guztira 1.344 irakaslerekin, HABEren sare homologatuan dauden 106 euskaltegietan. Ikasleen % 16 Araban aritu dira, % 29 Gipuzkoan eta % 55 Bizkaian. Ikasleen % 67,4 emakumezkoak dira, eta % 32,6 gizonezkoak. 32.330 ikasle horietatik % 27,9 langabeak izan dira.

Ikasleen batez besteko adina, berriz, 38 urte izan da. Ikasleen % 55, erdia baino gehixeago, 25-45 urte bitartekoak izan dira. Bost urtetako segmentutan, 36-40 adin tartea da ugariena. Azkenik, 2012-2013 ikasturtean HABEren agiri ofizialen bat eskuratu dutenak 5.337 dira.

Euskaltegi sarearen ikasturte hasierako aurkezpenean, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak iragarpen bat egin nahi izan du. HABEk eta Eusko Jaurlaritzak, legealdi honetan, euskaldun berriari merezi duen aitortza eta omenaldia egiteko ekimen berezi eta esanguratsu bat burutzeko asmoa dutela, alegia.


Gai honekin lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus