Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  AEKk eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

AEKk eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

2013-04-18 / 09:25 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoa, Aizu! aldizkarian sortutakoa batez ere, Akademiaren eskuetan jarriko du AEKk.

Atzo, apirilaren 17an, AEKk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. AEKren izenean Mertxe Mugika koordinatzaile nagusiak sinatu zuen, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eņaut Mitxelena AEKk kaleratzen duen Aizu! aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere ekitaldian izan ziren.

Hitzarmen horrek AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu. Bai Andres Urrutiak, baita Mertxe Mugikak ere, beren poza adierazi zuten. "Orain gutxi -gogorarazi zuen Mugikak- Korrika egin dugu, Eman euskara elkarri lelopean. Eta gaurko sinadura horren adibide garbia da, hemen bi erakunde elkartu garelako euskara elkarri emateko".

AEKren historia ulertzeko Euskaltzaindia ulertu behar dela esan zuen jarraian, eta hala adierazi zuen ere Andres Urrutiak. Honen esanetan, "Euskaltzainditik bertatik sortutako AEKrekin sinatzen dugu. Eta AEKk aspaldian lortua du heldutasuna. Beraz, sinatze honek esan nahi du AEKtik sortutako fruitu eder eta oparoak berriro datozela Euskaltzaindira".

Besteren artean, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, argitaraturikoaren euskarazko testu-multzoa, Aizu! aldizkarian sortutakoa batez ere, Akademiaren eskuetan jarriko du AEKk. Lexikoaren Behatokiaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua eraikitzea da. Egitasmo horretako testu-masak hainbat hedabidek euskaraz ekoitzitako berriak -ahozkoak nahiz idatzizkoak- hartzen ditu oinarritzat, zurrupatuz eta corpusaren zoru bihurtuz. Akademia; UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da.

Horretaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:

  • AEKk antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu, eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu.
  • AEKk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta horiei buruzko iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu. Halakoetan, teknologia berrien erabilera sustatuko da.
  • Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Gainera, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
  • Erakunde biok erraztasunak emango dizkiote elkarri egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.

Helburu hauek lortzeko, AEKk eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus