Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eusko Jaurlaritzak 'Euskararen aurpegiak' kanpaina abian du

Eusko Jaurlaritzak 'Euskararen aurpegiak' kanpaina abian du

2012-11-27 / 10:00 / Eusko Jaurlaritza - HPS   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) Euskararen aurpegiak izeneko kanpaina abian jarri du, abenduaren 3a bitarte (Euskararen Nazioarteko Eguna). Euskararen munduen aniztasuna eta euskarak euskal gizartea kohesionatzeko duen gaitasuna azpimarratu nahi dira kanpaina horretan, eta xede horretarako telebistarako, irratirako nahiz Interneterako prestatu den kanpaina ikusi eta entzun ahal da egunotan.

Euskararen aurpegiak du izena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azaroaren 24an abian jarri zuen euskararen aldeko kanpainak, eta bi ardatz nagusi ditu: euskararen munduen aniztasuna eta euskarak euskal gizartearen kohesiorako duen gaitasuna.

Izan ere, euskara hizkuntza modernoa da, euskal herritarren eguneroko bizimodua egiteko ezinbesteko bidelagun dena. Gizartean dauden eragile eta sektore guztiak batzen ditu, kolore, maila, adin, arraza eta jatorri guztietako pertsonek dute lekua euskararen unibertsoan. Bertan daudenak eta Euskal Herritik kanpo daudenak bat egiteko zubi ezin aproposagoa da, halaber.

Horrenbestez, aldagai horiek guztiak ordezkatu eta azpimarratzen dituen komunikazio-kanpaina bizi eta eraginkorra burutuko da abenduaren 3a bitarte (Euskararen Nazioarteko Eguna). Xede horretarako, telebistaz (ETB1, ETB2 eta ETB3), irratiz (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) eta Internetez (eitb.com) oihartzun zabala emango zaio hamar egunez. HPSren www.euskara.euskadi.net webgunean eta Youtube-n ere kanpainaren inguruan prestatutako bideoklip osoa jarriko da nahi duen orok ikusteko aukera izan dezan.

Kanpaina publiko ezin zabalago bati zuzentzen zaio, euskal gizarte osoari, alegia. Euskararen aniztasuna azpimarratu nahi du euskal herritar guztien begietara, euskararen aurpegi askotarikoak, hizkera ezberdinak, egoerak eta bizipenak azaleratuz, eta eragileen presentzia zuzena izango da bertan: immigranteak, euskaldun berriak eta zaharrak, euskaldun ezagunak, anonimoak, zahar eta gazte...

Eusko Jaurlaritzako HPSk euskararen normalizazioan eta euskararen erabileraren alde hainbat ekimen sustatu ditu, eta horren baitan kokatzen da ere Euskararen aurpegiak izeneko kanpaina hau.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus