Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Klik euskaraz' sareko euskarazko tresnen kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

'Klik euskaraz' sareko euskarazko tresnen kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak

2012-11-27 / 09:15 / Eusko Jaurlaritza - HPS   INFORMATIKA

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) hainbat euskarazko tresna sarean jarrita ditu, eta tresna horiek guztiak www.euskara.euskadi.net webgunean daude jasota. Haietako asko beste erakunde edota instituzio batzuenak izan arren, HPSk informazioa bildu eta modu ordenatuan eskaintzeko lan egin du. Tresna horiek guztiak ezagutarazteko kanpaina abiatu du sailburuordetzak eta abenduaren 2ra arte luzatuko da.

Euskaraz lan egin, idatzi, ikasi edota jolaserako orduan oso erabilgarriak dira tresna horietako gehienak, eta gainera, erabiltzeko oso errazak izateaz gain, doan eskura daitezke. Sarritan, ordea, erabiltzaileek ez dituzte tresna horietako asko ezagutzen, eta ezagutzen dituzten kasuetan ere, ez dakite nora jo horiek erabiltzeko. Arazo horri konponbidea eman nahirik Klik euskaraz sareko euskarazko tresnen kanpaina abiatu du Eusko Jaurlaritzak.

Helburu horrekin, azaroaren 26tik abenduaren 2ra Klik euskaraz bannerrak jarriko dira hamaika hedabidetan: Goiena, Sustatu, Argia, Gaztezulo, Eta kitto, Zuzeu, Euskalkultura, Uztarria, Kronika, Aiaraldea eta Hirinet-en. Bereziki publiko euskaldunarentzako kanpaina da, baina euskara ikasten ari direnek ere baliagarri dituzte sareko tresnok.

Horrez gain, 1.500 mahai-gaineko banatuko dira administrazio publikoetan. Mahai gaineko horiek, alde batetik, Klik euskaraz kanpainaren berri ematen dute; bestetik, berriz, Nahi baduzu, nirekin euskaraz leloa daramate. Beraz, alde batera begira edo bestera, nahi-eran erabiltzeko aukera ematen du.

Esandako guztiaz aparte, 16.500 triptiko banatu dira Euskadiko udaletxe, euskaltegi, liburutegi, unibertsitate, ospitale eta osasun-zentroetan. Bertan, euskarazko tresna guztiak biltzen diren helbidearen berri emateaz gain, tresna esanguratsuenak zein diren azaltzen da, hala nola, itzultzaile automatikoa, Xuxen, Hiztegiak, Euskalterm, Euskarazko softwarea, Toponimiako datu basea, Euskarazko IKTen inbentarioa, Sareko euskal gramatika, Euskararen autoikaskuntza online, etab.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Ivan Igartuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak lan handia egin du tresna horiek guztiak biltzen eta ordenatzen, baina sarritan erabiltzaileek ez dituzte erabiltzen: "Online dauden euskarazko tresna guztiak sortzeko ahalegin handia egin da, bai ekonomikoa eta baita teknologikoa ere. Beraz, tresna horiek erabiltzaileei onura ekarri behar diete, eta bide batez, baita euskarari ere. Horretarako baina, tresna horiek ezagutarazi egin behar dira eta horretan saiatu gara kanpaina honekin, euskal erabiltzaileak erreminta horiek guztiak sailkatuta dauden Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren orrialdera bideratzen, hain zuzen ere".


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus