Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lau harmarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean

Lau harmarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean

2012-05-17 / 10:10 / Idoia Torregarai (UEU)   IRAKASKUNTZA

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Udako Ikastaroek 40 urte beteko dituzte aurten. Egoera ekonomiko zaila bizitzen ari den une honetan, azken urteetako ikastaro kopuru handiena antolatu du, bere lanaren beharrezkotasuna azpimarratu eta ahalik eta matrikula gehien lortzeko asmoarekin. Ikastaroei buruzko informazio guztia www.ueu.org helbidean dago.

Ikastaroen aurkezpenean Karmele Artetxek, UEUko zuzendariak, eta Irati Iciarrek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak, hartu zuten parte.

Karmele Artetxek hartu zuen lehendabizi hitza: "40 urte beteko dituzte aurten UEUren Udako Ikastaroek. Ez da gutxi; lau hamarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean. Denbora tarte horretan UEUk egindako ekarpena handia izan da: euskara unibertsitate esparruan landu zitekeen apustua, euskarazko hiztegi teknikoaren definizioa, euskal komunitate zientifikoarentzat bilgune izatea, proiektu berritzaileak martxan jartzeko gaitasuna, unibertsitate-mailako testugintzan eta formazioan egiten duen lan erreferentziazkoa eta, noski, Euskal Unibertsitatearen aldarria.

Hainbat gaietan aurrerakuntza nabarmenak egin dira, ez bakarrik UEUren lanagatik, euskalgintzako beste hainbat erakundeen lanagatik ere bai. Oraindik, ordea, UEUk baduela zer eginik uste dugu, eta etorkizunean UEUren ekarpena ere handia izan daitekeela sinisten dugu. Guztiek, ordea, ez dute berdin pentsatzen eta tamalez, urteurren hau egoera ekonomiko larrian ospatzea tokatzen zaigu. Goian aipatutako guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak UEUri partida izenduna kentzearen erabakia guztiz bidegabea iruditzen zaigula adierazi nahi dut, eta datorren urterako hausnarketa egin dezan eskatzen diogu.

Aurretik ere egoera larriak bizi izan ditugu UEUn, eta orduan bezala, orain ere aurrera egingo dugu. Izan ere, gure bazkide eta gertu ditugun erakunde eta banakoak erakusten ari zaizkigun babesa eta laguntza izugarria izaten ari da, eta horrek beste 40 urtez aurrera egiteko nahikoa indar ematen digu. Aurtengo Udako Ikastaroak horren isla izatea nahi dugu. UEUren lana ezagutara eman nahi dugu beraien bidez, jendeak ezagutu gaitzala gu eta baita egiten dugun lana ere. Horretarako Udako Ikastaroak parada ezinhobea dira. Eta horrekin batera, gure diru-sarrerak handitu nahi ditugu. Gonbidatuta zaudete denok".

40 ikastaro 40. urteurrenean

Irati Iciarrek, UEUko Ikastaroen arduradunak, hitz egin zuen ondoren, ikastaroei dagozkien xehetasunak azaltzeko: "40. urteurrena ospatzeko aurten 40 ikastaro antolatu ditugu, azken urteetako kopururik handiena. Guretzat erronka handia izan da kopuru hau antolatzea betiko kalitateari eutsiz krisi garai honetan, baina gure bazkide eta gertukoek erakutsi duten babesa izugarria izan da. Beraiei esker aurkezten dugu aurtengo eskaintza oparoa. Orain, matrikula kopurua ere azken urteetako handiena izatea geratzen da".

Esan bezala, guztira 40 ikastaro antolatu ditu UEUk aurten; horietatik 22 Eibarren (UEUren ikastetxe nagusian), 8 Baionan (IUT Unibertsitatean) eta 10 Iruņean (Jaso Ikastolan) emango dira. Iciarrek adierazi moduan: "Sei jakintza arlotan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientziak eta gizarte zientziak, eta azken hau izango da jakintzarik nagusiena".

Iciarren esanetan, aurten hiru formatu desberdineko ikastaroak daude:

  • Ikastaro espezializatuak: ikastaro hauek egiteko aurretik jakintza maila bat beharrezkoa da.
  • Dibulgazioko ikastaroak: interes orokorreko ikastaroak dira eta jakintza maila zehatzik ez da behar.
  • Garapen pertsonaleko ikastaroak: ikastaro hauek pertsona moduan garatzeko balio dute; galerak modu baikorrean bizitzen ikasteko, adibidez.

Prezioak eta diru-laguntzak

Irati Iciarrek UEUren udako ikastaroetarako dauden diru-laguntzen inguruko informazioa ere aipatu nahi izan zuen, laguntza ugari daudenez jendea hauek eskatzera bultzatzeko. Horiei guztiei buruzko informazioa ere www.ueu.org webgunean aurki daiteke.

Ekintza berezia urteurrena ospatzeko


UEU Bonoa: oparitu UEU!

Maiatzaren 21etik aurrera salgai jarriko ditugu UEU Bonoak. Gure asmoa bono hauen bidez bikoitza da: alde batetik, diru-sarrera propioak lortzeko bide berriak urratzea, eta bestetik, UEUren ikastaro eta liburuak ezagutzera eman, "UEU oparitu" edo "UEU erabili" daitekeenaren mezua zabalduz. Hau da, ezagutza ere oparitu daitekeen zerbait dela adierazi nahi dugu.

Bonoek 30 euro balioko dute, baina 33 eurotako balio erreala izango dute. Hau da, UEUk % 10a oparitzen du.

Bono hauek UEUren ikastaroak ordaintzeko, liburuak erosteko edota bere aldizkarietako harpidetzak egiteko balio dute.

2012ko abenduaren 31an iraungituko dira.

Opariak egiteko balio dute. Hau da, norbaitek erosi eta beste bati eman diezaioke.

Nola eskuratu: komunikazioa@ueu.org helbidera idatziz edota (0034)943821426 telefonora deituz.


Hitzaldi-zikloa

UEU eta Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, ekainaren 4tik 7ra bitartean hitzaldi-zikloa antolatu dugu pil-pilean dauden gaiekin. Hitzaldiak Bilboko La Bolsan egingo dira, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Oraindik guztiak ez daude lotuta, baina horietako bi aurreratu ditzakegu:

  • Krisi ekonomikoari buruz. Joseba Tobar-Arbulu eta Xabier Renteria. Ekainaren 4an.
  • Euskararen inguruko diskurtsoa aldatu beharra. Iņaki Martinez de Luna. Ekainaren 6an.


Bizipozen bloga

40 urte hauetan guztietan milaka pertsonek parte hartu dute UEUren Udako Ikastaroetan. Milaka gertakari, pasadizo eta kontu lau hamarkadetan. Bizipen hauek guztiak (guretzat bizipozak direnak) batu nahi ditu blog honetan: www.unibertsitatea.net/blogak/ueu40, Udako Ikastaroek (eta UEUk) zer eman diguten eta zer eman dezaketen adierazteko, bisita-liburu baten antzera.

Hori dela eta, Udako Ikastaroetan parte hartu duten guztiei dei egiten diegu beraien esperientzia bidali diezaguten komunikazioa@ueu.org helbidera.


(IDOIA TORREGARAI MARTIJA UEUren komunikazio arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus