Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Aldundiarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren, entitateen eta erakundeen errolda sortuko du GFAk

Aldundiarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren, entitateen eta erakundeen errolda sortuko du GFAk

2012-03-21 / 09:05 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Prozesu horri ekingo dio aurtengo errenta kanpaina baliatuz, 400.000 zergadun gipuzkoarri eragiten baitie Ogasunaren kanpainak.

Aurreko gobernuak onartutako hizkuntz ofizialen erabilera arautzeko dekretuan jasotako egitasmoa abian jarriz, Aldundiarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren, entitateen eta erakundeen errolda sortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA).

Hain zuzen ere, aurtengo errenta aitorpenaren kanpaina baliatuko dute errolda osatzen hasteko; 400.000 zergadun gipuzkoarri eragiten die Ogasunaren kanpainak. Prozesua udaberri honetan hasiko bada ere, ez da amaituko errenta kanpainan; aurrerago ere GFAk pertsona fisiko eta juridikoak gonbidatuko ditu harreman guztiak euskaraz egitera.

Urteroko ohiko galdera baliatuz, euskara hutsezko harremana nahi duten zergadunen informazio hori Aldundiarekiko harreman guztietara zabalduko da, eta horretarako baimena eskatuko zaie zergadunei.

Aurrelikidazioetan zailtasun teknikoak

Errenta aitorpena egiteko lau modalitate daude: telematikoa, mekanizatua, paper bidezkoa eta aurrelikidazioa. Lehen hiruetan prozedura arruntean eskatuko da euskarazko harremanaren informazioa GFAra orokortzeko baimena. Baina likidazio proposamenen bidezkoan horretarako zailtasun tekniko batzuk daudela aurreratu dute foru gobernutik: aurrelikidazio bidezko ereduan, euskarazko harremanaren informazioa orokortzeko baimena zergadunak berak eman duela ziurtatzeko modurik ez dago. Talderik handiena da hau, 240.000 zergadun biltzen baititu.

Horregatik, GFArekiko harremana euskara hutsez nahiko duten gipuzkoarrei eskatuko zaie Ogasuneko bulegoetara gerturatu eta nahi hori adieraztea espresuki (nortasuna agiria erakutsi eta inprimaki labur bat beteta).

Euskara hutsezko harremana nahi duten herritarren errolda osatzeko prozesua hurrengo urteotan emandako urratsekin burutuko da, nagusiki aurrelikidazio bidezko ereduan baimen eskea sistematizatzeko urratsarekin.

Hainbat udalek ere ekimen hori dute abian aspalditik eta GFAren asmoa da ahalegin guztiak bateratzea.

Herritarren eskubidea bermatzea

"Egin nahi duguna PSE-EEk eta PPk leporatzen digutenaren justu kontrakoa da. Guk ez dugu inor baztertu nahi, baizik eta gurekin harremana euskara hutsez izan nahi dutenei horretarako aukera eman. Egun, kasu askotan, hori ez da posible, eta, alde horretatik, euskaldunak daude baztertuta. Hau ez da gazteleraz hitz egiten dutenen aurkako mehatxu bat", adierazi dio Berria egunkariari Zigor Etxeburua GFAren Euskara zuzendariak. "Helburua bakarra da: herritarrek administrazioarekin euskarazko harremana izateko duten eskubidea bermatzea. Hori besterik ez", esan du.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus