Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Topagunean federatutako tokiko hedabideek Tokikom enpresa eratu dute

Topagunean federatutako tokiko hedabideek Tokikom enpresa eratu dute

2012-03-20 / 10:00 / Joxe Rojas (Topagunea)   ENPRESA

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko bazkide diren 19 hedabidek eta Topaguneak berak Tokikom enpresa sortu dute; Eskoriatzako HUHEZI fakultatean joan den larunbatean (2012-3-17) egin zuten batzarrean eratu zuten. 2009an hasitako bideari jarraiki, enpresa berria tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da.

Garai zailak dira hedabide guztiontzat, eta aurrera egitekotan ezinbestekoa da azkar mugitzea. Tokikom enpresa tokiko hedabideek egoera berriei erantzun azkarra emateko tresna gisa sortu da, eta hiru izango dira bere eginkizun nagusiak:

  • Esparru komunak eraikitzea eta kudeatzea: publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne komunikazioa...
  • Solaskidetza sendoa lortzea euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeen aurrean.
  • Toki hedabideen integrazio posiblearen diseinua proposatzea eta horren inguruan adostasuna eraikitzea.

Mugimendu honekin, tokiko hedabideek, barne kohesioa lantzeaz gain, Euskal Herri mailan zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana ere erraztu nahi dute, foro horretara ere ahots bateratua ekarriz.

Ekintza eta gogoeta

Tokikomek zerbitzu mailako eginkizun zehatzak izango ditu: publizitate komunaren kudeaketa, tokiko hedabideentzako plataforma digital bateratua... Horretarako, enpresa berriak baliabide propioak izango ditu, eta horiez gain bazkideek metatutako jakintza eta azpiegiturak ere baliatuko ditu.

Gainera, Tokikomek maila goreneko gogoeta prozesua ere abiatu nahi du. Hedabideok helburu baino, tresna gisa ulertuta, funtsezko galdera bati erantzun nahi dio sozietate eratu berriak: Zer nolako egitura komunikatiboa behar du euskal hiztun komunitateak mundu globalean komunitate gisa bizirauteko?

Ez da galdera erraza, eta horregatik, aliatuak ere bilatzen ari da erantzuna bilatzen laguntzeko. Hala, Tokikomen lehen lan publikoetakoa galdera horren inguruko jardunaldiak izango dira. Jardunaldi horiek ekainean egingo dira, HUHEZIrekin elkarlanean. Horien emaitza eskuartean hartuta, Tokikomek udazkenean abiatuko du tokiko hedabideen esparrua berrantolatzeko lana, bazkideekin batera integrazio ibilbide ezberdinak landuz.

Partaidetza zabala

Ekimenak oso harrera ona izan du hedabideen artean, hala Topagunean nola Topagunetik kanpo. Larunbateko ekitaldian, hedabideak egiten dituzten 19 elkartek sinatu dute sozietatearen eraketa, baina ateak zabalik egongo dira gerora ere gerturatu nahi dutenentzat. Topagunearekin batera, honako hauek dira Tokikom sozietatearen bazkide sortzaileak:


(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus