Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  BerbaTek: hizkuntza-, ahots-, eta multimedia-teknologiak praktikan

BerbaTek: hizkuntza-, ahots-, eta multimedia-teknologiak praktikan

2012-02-08 / 09:35 / Amaia Mendizabal (Elhuyar Fundazioa)   INFORMATIKA

BerbaTek ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo (2012-2-7) Usurbilen, Elhuyar Fundazioaren egoitzan egindako ekitaldian. Vicomtech-IK4 teknologia-zentroak, Tecnalia Research and Innovation Fundazioak, EHUko Aholab eta IXA taldeek eta Elhuyar Fundazioak osatutako partzuergoak egin du hizkuntzen industriarentzako irtenbide praktikoak helburu dituen ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo eta Kultura sailen laguntzarekin.

Eragile horiek hizkuntza-teknologiak ikertzen eta garatzen jardun dute 2009 eta 2011 bitartean, hizkuntza-industrien alorrean erabilera praktikoa izango duten aplikazioetan indarra jarriz. Izan ere, hizkuntza-industrien euskarri teknologikoa bilakatzeko bokazioa du BerbaTek proiektuak.

Horrenbestez, ikerketa-lanari erabilera praktikoa ematea, batik bat hizkuntza-industrien alorrean, izan da hasieratik ikertzaileen helburu nagusietariko bat. Ahalegin horren erakusgarri, demo bana aurkeztu zuten atzo industria horretako hiru azpisektoreentzat: batetik, edukien sektorearentzat, bilatzaile semantiko multimedia baten demoa; bigarrenik, itzulpenen sektorerako, dokumentalen bikoizketa automatikorako demoa; eta, azkenik, irakaskuntza sektorearentzat, tutore pertsonal baten demoa.

Bilatzaile semantiko multimediak Elhuyarrek eta IXA Taldeak eraikitako zientzia eta teknologiako WNTerm ontologia espezializatua du oinarri; hau da, kontzeptuak semantikoki lotzen dituen sarea. Elhuyar Fundazioak sortutako edukien gainean egiten ditu bilaketak, eta, Tecnaliak garatutako teknologiaren bidez, termino bat bilatzen denean, ontologian oinarritu eta termino horren sinonimoak, azpiklaseak eta superklaseak ere bila ditzake. Aldiz, emaitza irudi bat bada, antzeko irudiak ematen ditu, Vicomtech-IK4ren teknologian oinarrituta.

Filmak automatikoki bikoiztea oraingoz erronka zaila bada ere, bikoizketa automatikoaren demoak egoki egiten du lan ezaugarri zehatzeko dokumentalekin: hizlari bakarra dagoenean eta ezpainen mugimenduarekin koordinatzea ezinbestekoa ez denean. Gaztelaniazko dokumental bat eta haren transkripzioa izanik, Vicomtech-IK4ren denbora-lerrokatze automatikoaren teknologiaren bidez, azpititulu-fitxategi bat sortzen da. Gero, IXA Taldearen Matxin itzultzaile automatikoak euskarara itzultzen ditu azpititulu horiek, eta Aholab-en testu-ahots bihurketa-teknologiak euskarazko ahots sinkronizatua sortzen du. Demo horrek arrakastaz funtzionatu du Elhuyarren, Teknopolis telebista-saioko hizlari bakarreko atalekin.

Hizkuntzak irakasteko tutore pertsonalari dagokionez, emozioak adieraz ditzakeen 3Dko pertsonaia bat da, Vicomtech-IK4k garatutakoa. Euskaraz hitz egiten du, eta euskaraz esaten zaiona ulertzeko gai da, Aholab-en teknologiari esker. Horrela, IXAren teknologiaren bidez automatikoki sortutako gramatika-ariketak edo ulermen-ariketak egiten lagundu diezaguke. Gainera, Aholab-en teknologia baliatuta, gure ahoskera ebaluatzen du. Azkenik, idazten ere lagundu gaitzake (hiztegiak kontsultatzea ahalbidetzen du, hitzak nola deklinatzen diren eta zenbakiak nola idazten diren esan...), IXA eta Elhuyarren teknologiaren bidez.

BerbaTek proiektuaren aurretik, bost eragileek osatutako partzuergoak Anhitz proiektua garatu zuen 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa garatu zuten. 2002-2004 aldian, berriz, Hizking XXI proiektua garatu zuten.

Horren guztiaren berri eman zuten atzoko ekitaldian Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioaren zuzendari nagusiak, Edorta Larrauri Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologia zuzendariak, Begoņa Muruaga Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Igor Leturia Elhuyar Fundazioaren I+G unitateko arduradun eta BerbaTek proiektuaren koordinatzaileak.


(AMAIA MENDIZABAL ELIAS Elhuyar Fundazioaren Marketin saileko arduraduna da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus