Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hiahoka, hizkuntza ahotsaren eta kantuen bitartez sentitzeko proiektua

Hiahoka, hizkuntza ahotsaren eta kantuen bitartez sentitzeko proiektua

2012-01-24 / 09:50 / Mikel Aginagalde (Banaiz Bagara Elkartea)   KULTURA

Banaiz Bagara elkarteak, Mintzola Fundazioarekin eta Euskal Kantuzaleen elkartearekin lankidetzan, euskara ikasteko eta erabiltzeko bide berriak ireki asmoz garatu duen proiektu pilotuaren emaitzak eta irakasleentzako materiala aurkeztu ditu.

Atzo, 2012-1-23an, aurkeztu zuten Hiahoka Villabonan, Mintzolaren egoitzan. Eguerdian prentsaurrekoa eman zuten Petra Elser Banaiz Bagara Elkarteko zuzendariak, Ana Elorza eta Mireia Otzerinjauregi kantu irakasleek, Euskal Kantuzaleen Elkarteko Juan Luis Aranburuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak. Banaiz Bagara Kultur Elkarteak Hizkuntza Ahoz eta Kantuz (HIAHOKA) sentitzeko esku-liburua eta CD-a prestatu ditu eta, arratsaldean, Mireia Otzerinjauregik eta Ana Elorzak bi orduko formazio saioa eskaini zuten, proiektuko ikasmateriala oinarri hartuta.

Hiahoka proiektuak euskara ikasteko eta erabiltzeko bide berriak ireki nahi ditu. Beste kultura eta hizkuntzetatik etortzen diren pertsonei batez ere, baina baita euskararekin "arroztasuna" sentitzen duten guztiei ere. Kantuak ikasteko ahots teknikak eta ahots eta gorputz ariketak hizkuntzara hurbiltzeko erabiltzeko proposatzen dugu. Hori guztia modu ludiko eta parte-hartzaile batean, baita ere euskal kantuak eta Euskal Herriko kantu kultura transmitituz eta kulturen arteko ulermena beste modu batean esperimentatuz.

Mireia Otzerinjauregi eta Ana Elorza kantu irakasleek 2011n eman zuten hainbat kantu saio eta tailerretan erabilitako ariketak eta esperientziak irakasleentzako liburu pilotu batean bildu ditugu. Saio haietan beste hizkuntzetatik eta beste kulturetatik (baita beste musika kulturetatik ere...) datozen ikasleekin euskal kantuak landu genituen: ahoskatuz, errepikatuz, erritmoz, gorputzez, zatika eta baita taldeka eta kalean kantatuz ere. Teknika hauek Mintzola Fundazioan burutu ziren bi tailerretan kantu irakasle, euskara irakasle eta beste arloko kultur eragileekin konpartitu genituen, gure esperientziak beraiekin elkartrukatuz. Aldi berean, Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatutako ekitaldien bitartez, hainbat kale-kantujira eta kantu topaketetan parte hartu genuen, kantatzeko kultura ez bakarrik zentzu didaktiko bati mugatzeko, baizik eta, euskal kantuen kultura herrikoia eta kolektiboa konpartitzeko.

Atzoko aurkezpenean, Petra Elserrek proiektuaren berri eman eskerrak eman nahi izan zizkien laguntza eman duten guztiei. Ana Elorzak, bestalde, garbi utzi nahi izan zuen egitasmoa "proiektu pilotua dela oraindik eta emaitzak ikusteke" daudela, nahiz eta aurrera egiteko aukera handiak dituen. Egitasmoaren metodologiaren oinarria ahozkotasuna dela azpimarratu zuen, eta hori ariketa sinple eta errepikakorrez lortzea dutela helburu. Juan Luis Aranburuk, berriz, etorkinen integrazioan kantuak duen garrantzia nabarmendu zuen, eta aurrerantzean "abestien bidez kultura ezberdinak elkar ezagutu eta haien artean hurbiltzeko lana egitera" dei egin zuen.


(MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA Banaiz Bagara Elkarteko kidea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus