Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hitanoa on-line ikasteko aukera, urtarriletik aurrera

Hitanoa on-line ikasteko aukera, urtarriletik aurrera

2011-12-20 / 09:30 / Eneko Haritza (maramara*)   INTERNET

Maramara* taldeak hitano ikastaroa antolatu du, on-line, 2012 urte hasierarako. Urtarrilaren 9an ekingo diogu, eta 14 asteko iraupena izango du 40 orduko ikastaro honek.

On-line ikastaroa Hitanoa. Mintza hadi lagun! ikasliburuan oinarrituta dago, eta liburuko ariketak eta berariaz sortutako beste batzuk txertatu ditugu. Izan ere, izena ematen dutenek aipatutako liburua jasoko dute opari. Ordenagailuz egiteko ariketez gain, tutorearekin mintza-saioak ere egingo dira Skype bidez.

Berrikuntza handia da urrats hau eta e-ikastaroak webgunean txertatzen joango garen ikastaro guztien abiapuntua da honakoa.

Beste ikastaroak eta saioak

Gainera, ikastaro hau jada egina duenarentzat, Skype bidezko mintzapraktika saioak ere eskainiko dira. Ordubeteko 10 saio, hain zuzen ere.

Abenduaren 31 arte eman daiteke izena, www.hitanoa.com webgunean.

On-line ikastaroaz gain, Donostiako euskaltzaleen elkartea den Bagerarekin batera, ikastaro presentzial bat emango du maramara* taldeak, abenduaren 15etik aurrera. Irakaslea Eneko Haritza izango da.

Bide luzea hitanoaren inguruan

Maramara* taldeak esperientzia handia dauka hitano ikastaroak ematen. Azken hamar urteetan, 20 ikastaro presentzial baino gehiago eman ditu Ritxi Lizartzak, baita hamaika hitzaldi ere, gaiari buruz. Ikus-entzunezko gidoiak, antzezlanak eta literatura alorreko lanak zuzentzen topatu zituen korapiloek eraman zuten Ritxi Lizartza proposamen bat lantzera, hitanoaz arautu gabe dauden esparruetan murgilduz.

2009an Ritxi Lizartzaren Hitanoa. Mintza hadi, lagun! ikasliburua argitaratu zuen maramara* taldeak, proposamen metodologiko bat eginda eta ikastaroetan bildutako esperientzian oinarritutako ariketekin.

Orain, garai berrietara egokituz, pauso bat gehiago eman, eta on-line ikastaroak eskaintzen hasiko da maramara* taldea. Lehena, datorren urtarrilaren 9an hasiko dena.

Hitanoa webgunean (www.hitanoa.com) ikastaroei buruzko informazio gehiago eskura daiteke. Ariketen adibide batzuk entzun nahi izanez gero, hemen dago lotura zuzena: http://hitanoa.com/baliabideak/audioak-eta-bideoak.


(ENEKO HARITZA irakaslea eta maramara* taldeko kidea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus