Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bertsolaritzaren transmisioa, sendoago ikasturte berrian

Bertsolaritzaren transmisioa, sendoago ikasturte berrian

2011-11-10 / 09:50 / Estibalitz Esteibar Iriondo (Bertsozale Elkartea)   KULTURA

Bertsolaritzaren transmisioa Bertsozale Elkartearen proiektuaren zutabe nagusietakoa da. Bertsolari eta bertsozale berrien heziketan ikastetxeetan zein bertso eskoletan egiten den lana ezinbestekoa da bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna bematzeko.

2011-2012ko ikasturtea hasi berri den honetan, herrialde guztietan gogor ari gara lanean eta pozteko modukoa da bertsolaritzaren transmisioa urtetik urtera eremu berriak irabazten ari dela ikustea.

Ikasturte berri honetan guztira 374 ikastetxetan landuko da bertsolaritza Bertsozale Elkartearen eskutik. Iazkoarekin alderatuta, 47 ikastetxe berri sartu dira proiektuan.

Horri esker, 20.270 ikasle dira astero edo hamabostero bertsolaritza landuko dutenak beren ikastetxean. Iazkoarekin konparatuta, aldea ez da makala, 2.828 ikasle gehiago baitira.

Hori guztia aurrera eramateko Bertsozale Elkarteko 36 bertsolaritza irakasle dira gelaz gela proiektua garatzen dutenak. Zeregin horretan herrialdeetako zein Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio saileko langileen ezinbesteko laguntza jasotzen dute.

Herrialdez herrialde, honakoa da ikasturte honetako argazkia:



ARABA

Datuak:

  • Ikastetxeak: 41 (iaz 33 ziren)
  • Ikasleak: 2.060 (iaz 1.623)
  • Taldeak: 134 (iaz 88)
  • Irakasleak: 5 (iaz 4)

Araban hainbat ikastetxe eta ikastola sartu dira transmisio proiektuan: Toki Eder ikastola (Gasteiz), Gorbeia ikastola (Zigoitia), Arteko Gure Ama (Artziniega), Lamuza herri ikastetxea, Laudio Ikastola, La Milagrosa ikastetxea eta Fabian Legorburu ikastetxea (Laudio) eta Bastida Ikastola (Bastida).

Aiaraldean Laudion eta Artziniegan bertsogintza lantzen hasita, eskualdea asko indartu da. D eta B ereduko ikastetxe guztietan ematen da bertsolaritza. Gorbealdean eta Errioxan ere D ereduko ikastetxe guztietan.

Horrez gain, bi bertso eskola berri sortu dira Araban, Laudioko Bertso Eskola eta Murgiako Bertso Eskola. Tailerren bidez, bertso eskolarik ez dagoen eskualde eta herrietara heltzeko asmoa dute: Barrundia, Artziniega edota Aņana.



BIZKAIA

Datuak:

  • Ikastetxeak: 156
  • Ikasleak: 7.023 (1.078 gehiago)
  • Taldeak: 248 (52 gehiago)
  • Irakasleak: 15

Lehen aldiz, Bizkaiko ikastola guztietan egin da Bertsozale Elkartearen proiektuan parte hartzeko eskaintza. Bizkaiko 15 ikastolatan eskaini da proiektua, eta ikasturte honetan 11 ikastolak hartuko dute parte (osotara 676 ikaslek). Horiez gain, 10 ikastetxe publiko berri sartu dira transmisio proiektuan.

Herrialdearen barruan ikasturte honetan bereziki Durangaldean eta ezkerraldean indartu da bertsolaritzaren transmisioa.



GIPUZKOA

Datuak:

  • Ikastetxeak: 125
  • Ikasleak: 9.394
  • Taldeak: 454
  • Irakasleak: 11

Ikasturte honetan hainbat ikastetxe berri sartu dira proiektuan: Legazpiko Haztegi Ikastola; Errenteriako Koldo Mitxelena eta Langaitz Ikastola; eta Donostiako Nuestra Seņora de Aranzazu, Santa Teresa Ikastetxea eta Jakintza Ikastola.

Hainbat herritan ere, sendotzen ari da bertsolaritzaren transmisioa. Errenteria aurreko ikasturtean sartu zen proiektuan, Cristobal Gamon ikastetxeak apustu irmoa egin zuen eta berak ekin zion bideari. Aurten, bi ikastetxe gehiago daude, Koldo Mitxelena eta Langaitz. Horrez gain, sinatu berrian den hitzarmenari esker, Errenteriako Udalaren laguntza jasoko du proiektuak. Era berean, Legazpi ere sartu da proiektuan, oraingoz, Haztegi Ikastolaren eskutik.

Bertso eskolei dagokionez, oraindik zaila dute herrialdeko mapa osoa eskaintzea, baina nabarmentzekoa da Tolosako Helduen Bertso Eskolaren martxa, aurreko ikasturte amaieran jarri zen martxan eta aurten bi talde ari dira lanean.



NAFARROA

Datuak:

  • Ikastetxeak: 33
  • Ikasleak: 1.193
  • Taldeak: 51
  • Irakasleak: 3

Hezkuntza Sailarekin datozen hiru urteetarako hitzarmena sinatu dute Nafarroan, urtetik urtera aurrekontua eta talde kopurua errebisatu eta zehaztuko direlarik. Bertsolaritza irakaskuntzan programa aurrera ateratzeko ezinbesteko diru ekarpena da, Udal eta Mankomunitateen laguntzarekin batera proiektuaren etorkizuna bermatzen duena.

Horrez gain, nabarmentzekoa da bertso eskolak izaten ari diren hazkundea. Ikasturte berriarekin bost sortu dira: Lekunberriko gaztetxoak, Lekunberriko helduak, Uharte-Atarrabiako gazteak, Baraņaingo helduak eta Lizarrako helduak.



XILABA (Xiberoa, Lapurdi, Baxe Nabarra)

Datuak:

  • Ikastetxeak: 30. Horietatik, 19 dira asterokoan bertsolaritza lantzen dutenak. Besteak, ikastaldi laburren bitartez.
  • Ikasleak: 990
  • Irakasleak: 2

Seaskarekin iazko ikasturtean ekin zitzaion berriz ere elkarlanari eta gaur egun Seaskako ikastola guztietan, 19tan, eskaintzen da proiektua. Horrez gain, Hegoaldeko Elkargoarekin aurten ere akordio bat sinatu da, horri esker 9 eskola elebidunetan 8 orduz bertsolaritza irakatsiko da.

Lan horren ondorioz, ikasturte honetan jada haurren 22 bertso-eskola talde berri sortu dira (pasa den ikasturtean 9 ziren), guztira 110 bat haur ari dira.

Ikasturte berrian bertso-eskoletako haurrek opari berezia jasoko dute: euren bertso jarri musikatuekin osatutako KD-a banatuko zaio haur bakoitzari.

Ikastolen Elkartearekin akordioa eta etengabeko formazioa

Herrialdeetako datuek erakusten duten bertsolaritzaren transmisioaren osasun onaz gain, Euskal Herri mailan bi nobedade nagusi ditu ikasturte berriak.

Batetik, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlan akordioa sinatu berri dugu, 2011-12 ikasturtean abian jarri dena. Akordioa aurrerapauso handia eta mugarria da bi erakundeentzat. Azken urtetan herrialde mailako akordioak egin ostean, oraingoan hitzarmen orokor bat adostu dugu.

Hitzarmen horri esker bi erakundeek elkarlana abiatu dugu, datozen urteotan garatuko dutena.

Hauexek dira ildo nagusiak:

  • Euskal Curriculumaren baitan, bertsolaritzari dagokion tokia zehaztea. Hasi Haur Hezkuntzatik eta DBHraino, eskola ordutan bertsolaritzaren lanketak behar duen trataera zehaztuz.
  • Bertsolaritza klaseak eskola ordutan. Haur Hezkuntzatik DBHrako ibilbide horretan, ikasturte batean edo bitan bertsolaritza klaseak eskainiko dira, bertsolaritza irakaslearen eskutik. Bertsozale Elkarteak eskaintzen du, Gu ere bertsotan izenez ezagutzen dena.
  • Bertsolaritzari lotutako materialgintzan elkarlanean egitea.
  • Ikastolatan zein herri mailan bertso-eskolak eta bat-bateko taldeak sustatzea.
  • Eskolarteko Bertsolari Txapelketa elkarlanean antolatzea. Urtetako ibilbidea duen Eskolartekoa aberasteko eta gaurkotzeko, konpromiso hau ere jaso da hitzarmenean: bertso-eskolekin batera Eskolarteko Txapelketa aberasteko hausnarketa prozesu bat egitea.

Aurtengo ikasturteak ekarri duen bigarren nobedadea bertsolaritza irakasleen formazioarekin lotuta dago, ikasturte osoko formazioa bideratu da. Irakasleek beraiek aukeratu dute gaia, "Irakaslearen estrategiak" eta Mapi Urresti psikopedagogoaren laguntza izanen da hori lantzeko.

Urtean zehar Euskal Herri mailako bi mintegitan gaiaren inguruko formazio teorikoa jasoko dute irakasleek, eta ikasturtean zehar herrialdeetako irakasle mintegietan formazioari bere orduak eskainiko zaizkio. Ikasturtean zehar egindako lan hori guztia jasoko da, "Irakaslearen estrategiak" fitxatan.


(ESTIBALITZ ESTEIBAR IRIONDO Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen komunikazio arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus