Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lurdes Auzmendi: "Elebideri esker, Euskadiko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak"

Lurdes Auzmendi: "Elebideri esker, Euskadiko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak"

2011-10-18 / 08:55 / Eusko Jaurlaritza - HPS   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) Elebiden, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuan, 2010. urtean jasotako intzidentzien berri emaneta kanpaina berria aurkeztu du.

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburordeak 2010ean herritarrek Elebide zerbitzuaren bidez jarritako kexen, kontsulten, eskaeren eta iradokizunen datuak eskaini ditu. Sailburordeak emandako datuen arabera, 2009koan 212 kexa bildu ziren guztira. Horietarik, 209 euskarari zegozkion eta 3 gaztelaniari. 2010ean, 261 kexa aurkeztu dira, horietarik 254 euskarari dagozkiola eta 7 gaztelaniari. Horrenbestez, kexak ehuneko 23 gehitu dira. Hau da, herritarrek erabilitako hizkuntza kasuen ia ehuneko ehun, zehazki % 98,6, euskara izan zela, eta % 1,4 soilik gaztelania.

Auzmendiren hitzetan, "datu soil horrek adierazten du, Elebideri eta antzeko erakunde eta elkarteei esker, Euskadiko herritarrak gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak. Pozgarria da ikustea sailburuordetzak bultzaturiko sentiberatze kanpainak arrakastatsuak izan direla".

Euskararen normalizazioa pausoz pauso doa, gelditu gabe, aipatu du sailburuordeak, "eta ez du atzera egiterik. Euskadin berezko hizkuntzaren alde lortutako adostasun politiko eta soziala sasoian dago, eta arrakasta horretan erakundeek ardura izan dute".

Nolanahi ere, Auzmendik onartu du euskararen normalizazioak argiak eta itzalak dituela. "Azken hogeita hamar urteei perspektiba pixka batekin begiratuz gero, ordea, ezin da ukatu argiak askoz gehiago direla itzalak baino. Balantze horrek indarra ematen digu egiazko gizarte elebidunaren aldeko eguneroko lanean aurrera egiteko. Gure nahia euskalgintzan aurrera egitea da, arian-arian, baina tinko, ahuleziarik gabe. Askatasunean oinarritutako elebitasuna dugu helburu, inposizioaren bideak euskararenganako ezin ikusia, gorrotoa sortu baino ez baitu egiten".

Patxi Martinez de Marigorta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak onartu duenez, berriz, "Elebide, pixkanaka, bidea urratzen doa hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzua emateko bide horretan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Elebideren eskutik lortu nahi duen helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialek elkarren arteko oreka lortzea da".

Martínez de Marigortak Elebiden zure hizkuntza eskubideak babesten ditugu leloa duen kanpaina aurkeztu du, "horixe baita, azken batean, gure helburua: herritar bakoitzaren hizkuntza eskubideak bermatuta izatea" aipatu du.

Kanpaina, gaurtik

Elebideren kanpaina gaur, urriak 18, hasiko da markesinetan eta datorren astelehenera arte, urriaren 24ra arte, luzatuko da. Internet, sare sozial eta irratiz, berriz, egun gehiagoz luzatuko da. Aurtengo Elebideren kanpaina honen helburua, gizartea gizarte elebidun baten alde sentsibilizatzeko ahalegin horretan beste urrats bat egitea da eta, jakina, herritarrek zerbitzu hau gehiago erabili dezaten.

Azken urteko datuei erreparatzen badiegu, Elebideren zerbitzua pixkanaka-pixkanaka gizartera iristen ari dela azaldu du Patxi Martínez de Marigortak, "baina oraindik lan handia dugu aurretik. Alde horretatik, erakunde publikoen zein enpresa pribatuen jarrera azpimarratu nahi nuke, kasu gehienetan konponbide bat bilatzeko borondate handia erakutsi dutelako".


Inprimatu


Erantzun

 
Non dago lotsa? 30 urte eta gero, hau?
2011-10-18 / 09:25 / Bittor Hidalgo - Donostia

Jakin nahi nuke zer esan dion ELEBIDEk, zer esan diozuen Lurdes Auzmendik HPSko buruak edo Blanka Urgell sailburuak, BENGOA zuen gobernukide sailburuari, oraintxe ere berriro egin dituen adierazpenen aurrean, ukatuz, arreta medikua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea EAEn, EAEko estatutu eta euskararen legeetatik 30 hamar urte eta gero. Noski, kapa eta ezpataz defendatzen segitzen duen bitartean Espainia osoko biztanleek duten eskubide urraezina bere arreta medikua espainolez jasotzeko Donostian edo Lekeition ere, hala behar dutenean (ez bekie gerta).

Non dago lotsa? 30 urte eta gero, hau?

Erantzun zain, adeitasunez


(BITTOR HIDALGO, Donostia)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus