Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eusko Jaurlaritzak gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu du

Eusko Jaurlaritzak gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu du

2011-07-21 / 09:25 / Eusko Jaurlaritza - HPS   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Guztira, 52 autoeskolak eskainiko dute gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoan; 52 autoeskola 96 eskola ezberdinetan banatuta.

Eusko Jaurlaritzak, Kultura SailekoHizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) eskutik, eta Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzarekin lankidetzan, gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berria aurkeztu zuen atzo (2011-7-20) Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak Bilbon duen egoitzan. Aurkezpenean, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiz gain, Euskadiko Trafikoko zuzendari Amparo Lopez ere izan zen.

Euskaraz badu halako punttu bat izena du gidabaimena euskaraz ateratzeko ekimen berriak. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik aditzera eman zuenez, "euskararen erabilera gizartearen alor ezberdinetara hedatzeko ahaleginean, gure aspaldiko nahia zen, nola ez, gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera eskaintzea gure herritarrei".

Ildo beretik, Euskadiko Trafikoko zuzendari Amparo Lopezek azpimarratu zuen "oso garrantzitsua dela euskararen erabilera gure bizitzako esparru guztietara zabaltzea. Eusko Jaurlaritza, hain zuzen ere, arreta berezia jartzen ari da gai honen inguruan burutzen dituen kanpaina guztietan eta, horren haritik, albiste on hau helarazten dugu gaur, gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ematea, hain zuzen".

Guztira, 52 autoeskolak eskainiko dute gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoan; 52 autoeskola 96 eskola ezberdinetan banatuta. Kopuru horretatik, 25 autoeskola Bizkaikoak dira, 26 Gipuzkoakoak eta, oraingoz, bakarra Arabakoa. Dena den, Lurdes Auzmendik argitu zuenez, "laster batean lurralde honetan ere zerbitzu hori eskainiko duen autoeskola gehiago izateko itxaropena dugu". Horrenbestez, ehunka, milaka gaztek eta ez hain gaztek ere azeleragailua euskaraz zapaltzeko aukera izango dute hemendik aurrera.

Autoeskola horietan ikasleek Trafikoaren araudia euskaraz, multimedia programa erakargarri bat eta azterketa eguneratuez osatutako CDa izango dituzte eskura. Haien zerbitzura propio prestaturiko irakasle euskaldunak ere izango dituzte.

Azterketa praktikoa, oraindik ez

Hortaz, baliabide teknikoak eta pertsona aproposak daude gaurtik aurrera nahi duen orok prestakuntza akademikoa eta azterketa euskaraz egin ahal ditzan. Nolanahi ere, Hizzkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik argitu zuen, momentuz behintzat prestakuntza akademikoa eta B gidabaimenaren azterketa teorikoa ateratzeko aukera izango dela soilik: "Azterketa praktikoari dagokionez, oraindik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere azken erabakia eman behar du, baina berandu baino lehen azterketa praktikoa ere euskaraz egin ahal izango dela ziur gaude. Izan ere, borondate handia dago hori horrela gerta dadin, eta ez da asko itxaron beharko hori gauzatzeko; horrenbestez, gainera, gidabaimena euskaraz ateratzeko kate osoa itxita geratuko litzateke".

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskadiko Trafiko Zuzendaritzarekin lankidetzan egindako ekimen hau, euskararen erabilera bermatu eta sustatzeko egiten ari den ahaleginetako bat da. Hala berretsi zuen Lurdes Auzmendik ere: "Dagoeneko ez dago aitzakiarik bolantearen aurrean jarri aurretik eta ondoren bolantearen aurrean jartzeko gaitasuna lortzen dugunean euskaraz ez egiteko, euskara ez erabiltzeko, eta ez da horretan geratuko, ez horixe; honen ondoren ahalegin gehiago etorriko dira, euskararen bidea luzea baita, eta ez du etenik. Eman diezaiogun argi berdea".

Atzo aurkeztu zen ekimen horren ikasmateriala banatu da dagoeneko partaide diren EAEko autoeskola guztietan, udal kiroldegi eta gizarte-etxeetan, euskaltegietan eta gazte informazio bulegoetan. Irailetik aurrera, berriz, ikastetxe eta unibertsitateetan banatuko da.


Inprimatu


Erantzun

 
Informazio gehiago
2011-07-21 / 10:16 / Tolosaldeko Euskararen Semaforoa

Azterketa praktikoa gaztelaniaz egiten dugu, bai. Informazio gehiago nahi baduzue, hemen daukazue:

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus