Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  2012arekin, .EUS domeinua eskatuko dugu

2012arekin, .EUS domeinua eskatuko dugu

2011-06-21 / 09:35 / PuntuEus Elkartea   INTERNET

Ekainaren 19an hasi eta 24ra bitarte, ICANN erakundea bere 41. bilera egiten ari da Singapurren. Eta atzo, ekainak 20, domeinu berrien prozesuan inflexio-puntu bat suposatzen duen erabaki bat hartu zuen ICANNek: 2012ko urtarrilaren 12an lehen mailako domeinu orokor berriak eskatzeko aukera irekiko da [ gTLD, generic Top Level Domain ].

"Gaurko erabakiak Interneteko aro berri baten hasiera iragartzen" duela esan du Peter Dengate Thrushek, ICANNen Zuzendaritza Mahaiko lehendakariak. ICANNeko CEO Rod Beckstromek, berriz, "edozein hizkuntza eta idazkerako lehen mailako domeinu berriak eskatu ahal izango direla" azpimarratu du. Izan ere, domeinuen historian lehen aldiz, hizkuntza eta idazkera ezberdinetako domeinuak eskatzeko aukera irekiko da [ idazkera arabiarra edo txinatarra, esaterako ].

Atzoko erabakira iristeko bidea, ordea, luzea izan da. Lehen mailako domeinuak eskatzeko azken aukera 2004an ireki zen eta, azken zazpi urtetan, ICANN erakundea domeinu berriak eskatzeko politikak definitu eta hauen ebaluaziorako irizpideak zehazteko eztabaida prozesu batean murgilduta egon da. Prozesu hori gertutik jarraitu du PuntuEus Elkarteak, eztabaidaren parte ere izanez. Baina ez dugu horren berri eman, ez baitugu .EUS domeinua eskatzeko data zehatz eta hain egiazkorik gaur arte ezagutu.

Hori horrela, orain arteko esperientziatik abiatuta, data zehatz honen gaineko ziurtasuna ez dugu % 100ean kokatzen. Azken zazpi urtetan ICANNek aurkeztu dituen datak ICANNek berak atzeratu ditu. Baina egia da eztabaida prozesuak inoiz baino fruitu gehiago eman dituela azken urtebetean eta horrek erakusten digula 2012ko urtarrilaren 12an domeinuak eskatzeko aukera kasik ziurra izango dela.

ICANNek egutegi zehatza du eskuetan: uztaila erdialdean Applicant Guidebook-aren azken bertsioa onartuko da [ hori da domeinuak eskatzeko bete behar diren baldintzen eta dokumentuen gidaliburua ]; abuztutik aurrera eta lau bat hilabetez, domeinu berriak eskatzeko prozesuaren irekieraren berri emateko mundu mailako komunikazio kanpaina jarriko dute martxan; eta, horren ondoren, 2012ko urtarrilaren 12an hasi eta apirilaren 12ra arte, lehen mailako domeinu berriak eskatzeko leihoa irekita mantenduko da.

PuntuEus Elkartea albiste honen zain egon da jaio zen egunetik. Hiru urte baino gehiago daramatzagu prozesua gertutik jarraitu eta bertan parte hartzen. Hiru urte horietan izaera, tamaina eta jatorri ezberdinetako 60 elkarte eta erakundek baino gehiagok egin dute bat PuntuEus Elkartean eta 26.500 atxikimendu pertsonaletik gora jaso ditugu gure webgunean.

Orain hilabete erabakigarriak datozkigu: eskatzen dizkiguten baldintza guztiak bete eta proiektuari benetako bultzada ematekoa. PuntuEus Elkarteak horretan jardun du eta .EUS eskatu eta lortzera bideratuko ditu bere indar guztiak. 2012arekin .EUS eskatuko dugu eta, nahiz eta eskatzeak bere onarpena bermatzen ez duen, ebaluazio fase osoaren ondoren, 2013a martxan egongo den .EUS domeinuarekin hasiko dugula sinisten dugu.


(PUNTUEUS ELKARTEA)

Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus