Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Haurrak euskaraz erregistratzea zilegi, baina zailegi

Haurrak euskaraz erregistratzea zilegi, baina zailegi

2011-03-28 / 09:45 / Saioa Rodriguez - Behatokia   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Hainbat guraso euren seme-alabak euskaraz erregistratzeko lan handia egiten ari da.

Haur bat jaiotzen denean, honen gurasoek egin behar izaten duten lehen tramitetako bat haur hori erregistro zibilean inskribatzea da. Derrigor egin behar den tramitea da hau. Gaur egun, Euskal Herrian erregistroa euskaraz egiteko dauden arazoak ugariak dira. Argi esan daiteke euskaldunari jaiotzen den momentutik bertatik urratzen zaizkiola hizkuntza-eskubideak. Gai honen inguruan gorabeherak izan dira eta mugarri hauen berri eman du Donostian egindako agerraldian Garbiņe Petriarti Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Ataungo Leire Munduate eta Zarauzko Iratxe Aranburu, euren haurra euskaraz erregistratzen saiatu diren gurasoek, agerraldia egin zuten Donostian ostiralean (2001-3-28). Bestetik, Baraņaingo Gurutze Maritorena eta Diego Gonzalezen izenean Unai Iturriotzek Hizkuntz Eskubideen Behatokiko aholkulari juridikoak hitz egin zuen. Hauekin batera eta Behatokiko zuzendariarekin, UEMAko lehendakari Jon Bollarek parte hartu zuen prentsaurrekoan.

Leire Munduatek eman zuen lehenik bere egoeraren berri. Ataunen saiatu dira euren haurra erregistratzen. "Erregistroan ez dute onartu tramitea euskaraz egitea. Inskripziorik gabe, batere eskubiderik gabe geratzen zara, ofizialki pertsona hori ez baita existitzen. Hizkuntza-eskubiderik ez eta pertsonaren oinarrizko eskubide guztiak urratu egiten dira horrela. Gainera, umearen eskubideak ez ezik, gurasoen eskubideetan ere urraketa larria eman da; lana, osasuna, gizarte arloko eskubideen urraketa", azaldu zuen Munduatek. Kasu honetan, atzerapausoa ematen da. Izan ere, Munduate beste haur baten ama ere bada eta honen inskripzioan alboko ohartarazpena onartu zitzaien. Eta horrela egin zen. Oraingoan, berriz, ez.

Baraņainen ere saiatu dira haurra euskaraz erregistratzen. Gurutze Maritorenaren eta Diego Gonzalezen izenean Unai Iturriotz abokatuak eman zuen Baraņainen gertatutakoaren berri. Baliabide materialak bazituzten erregistroan, bai, baina langileen ezgaitasuna, jarrera edota borondate kaskarraren ondorioz ez zegoen erabilgarri. Urgentziazko egoera ematen zen hemen ere: umea uste baino lehenago jaio zen eta umea euskaraz erregistratzeko egindako eskaerek erantzunik ez zutenez, haurra euskaraz inskribatu ezinik. inskribatu gabe, Iturriotzek azaldu duenez. Kasu honetan, herritarrak indar handia egin du, arriskatu ere egin da. Horren ondorioz, lortu dute Iruņeko erregistroko arduraduna eta udala ere mugitzea. Azkenean, lortu da haurra euskaraz erregistratzea.

Zarautzen gertatu zaienaren berri eman zuen Iratxe Aranburuk. "Haurra euskaraz erregistratzeko eskaera egin genuen eta ezezkoa jaso. Orain bi urteko erantzun eta egoera berbera. Erantzuna ikusirik, Udala eta Euskara Zerbitzua inplikarazi nahi izan genituen. Udalak jarrera aktiboa hartu du kasu honetan eta zailtasunak gainditu eta, kostata bada ere, Udalak bere esku zegoena egin du". Hortik gorako arduradunen kasuan, berriz, udaleko arduradunek izan duten jarrera ez dutela izan aipatu du; "Azpeitiko Erregistro Zibileko arduradunek ez dute ez Eusko Jaurlaritzarekin, ez beste inorekin batere gestiorik egin. Egon diren eskaera guztien erantzun-ebazpenak bata bestearen atzean kopiatu eta kito. Herritarrok mugitu egin gara, Udala mugitu egin da, eta erabakia hartu behar dutenek zirkin egiten diote egin beharrekoari", esan zuen Aranburuk.

UEMAko 48tik 2tan

"Gaur eta hemen erakusten ari garena hizkuntza gatazka baten erretratua da. Euskaraz bizi nahi dutenen eta euskaraz bizitzen uzten ez digutenen arteko gatazkaren erretratua. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian dituen 48 herrietatik bik baino ez dute aukera ematen haur jaioberria euskaraz erregistratzeko. Eta hori gatazka sortzaile da, 46 herritan euskaraz erregistratu nahi duenari honako soluzio hau ematen diotelako: makurtu eta, bere borondatearen aurka, umea gaztelaniaz erregistratu", azaldu zuen UEMAko lehendakari Jon Bollarrek, eta galdera bat ere egin zuen: "Horren aurrean, zer egin dute Estatuak, Eusko Jaurlaritzak, Eudelek?".

Estatuari dagokionez, "Estatuak bake epaitegi eta erregistro zibilen legea aldatu zuen, euskara erregistratzeko ere erabili ahal izateko. Bai, baina noiz egin zuen aldaketa hori? Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala dela aitortzen duen legea onartu eta 23 urtera", esan zuen. Eusko Jaurlaritza, berriz, motel ibili da Bollarren aburuz. "Berandu: etengabe atzeratzen dute Inforeg-en zabalkunderako epea. Eta EUDELek? Zer egin du EUDELek afera honetan? Esku hartzeko borondaterik badu? Edo hau ez da bere arazoa?", gaineratu zuen UEMAko lehendakariak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gauzak egin dituela aipatu zuen Bollarrek. 31 udalek eta UEMAk berak mozio bat onartu dute, besteak beste, dagokien arduradunei eskatzeko bake epaitegietan eta erregistro zibiletan euskarak merezi duen tokia izan dezan; "hau da, beste hizkuntza ofizialaren pareko tokia izan behar duela". Udalek eta UEMAk mozioaren berri eman zieten bake epaitegietako arduradunei eta Jaurlaritzari gutun bidez. "Oraindik ez dugu erantzunik", esan zuen Bollarrek.

Horrez gain, UEMAk berez ez dagozkion lanak ere hartu dituela esan zuen; besteak beste, udalekin harremanetan jarri da baliabide teknikoak prest eduki ditzaten, eta, Nafarroan, UEMAko teknikari batek azaldu die bake epaitegi batzuetako langileei Inforeg nola erabiltzen den. Guraso izango direnen eskaerak biltzen eta bideratzen ere aritu da UEMA.

Bollarrek, honen guztiaren atzean dagoena ez dela arazo tekniko bat azaldu zuen. "Hemen ukazio bat dago, hemen hizkuntza gatazka bat dago. Eta euskaldunak beste hizkuntza ofizialeko hiztunak baino hizkuntza-eskubide gutxiago izatea eta, azken batean, bigarren mailako herritar izatea udalerri euskaldunetan ere gertatzen ari da, nahiz eta batzuek euskararen arnasguneak garela aitortu eta idatziz jaso lehentasunezko trataera merezi dugula".

Eskubidea eta borondate eza

Seme-alabak euskaraz eta euskarazko euskarrian erregistratu nahi izan dituzten gurasoek eskubide hori baliatzeko ezintasuna jasan behar izan dute urteetan. Zoritxarrez, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izan dira eremu honetan ere, Behatokiko zuzendari Garbiņe Petriatik azaldu zuenez.

"Euskaldunok bizitza publikoan zein pribatuan euskara erabiltzeko eskubidea dugu, eta ezin gara horregatik diskriminatuak izan. Katalunian eta Galizian, gaztelaniaz gain, bertako berezko hizkuntzan egin daiteke katalanez eta galizieraz eragozpenik gabe. Euskal Herrian, aldiz, eskubidea aitortua dagoen tokian ere, ezin du herritarrak hizkuntz eskubidea baliatu eta ezin onartuzko oztopoak ditu", esan zuen Petriatik.

"Haurra jaio aurretik ere eskubide hori gauzatzeko borondatea adierazi eta horretarako behar diren gestioak bideratzeko eskatu dutenean, zailtasunak daudela, eskaera atzera bota edota gauzatu ezinezkoa dela erantzun diete. Legez aitortua duten Erkidegoan ere, Administrazioen borondate ezak eragotzi du azken urteetan euskaldunoi aitortutako eskubide bat baliatu ezin izana", Behatokiko zuzendariaren iritziz.

Galdera batzuk ere egin zizkien Petriatik administrazioetako arduradunei: "Herritarrek berezko hizkuntza erabili nahi izan dute eta ezinezkoa egin zaie, gaur hemen entzun ahal izan dugun bezala. Hortaz, zertarako balio du euskarak eremu batzuetan izaera ofiziala edo berezkoa izateak baldin eta eskubidea baliatzeko biderik ez bazaio jartzen? Egun, euskara ofiziala den eremuetan, hau al da berezko hizkuntza erabili nahi dutenek daukaten bermea? Seme-alabak inskribatu gabe utzi behar dituzte gurasoek? Eusko Jaurlaritzaren babesa izango dute hori eginez gero? Seme-alabari esan beharko diote jaio bezain pronto eskubidea urratu zitzaiola eta gure erakundeek babesa agertu ez ziotela?".

Hego Euskal Herriaz bakarrik ez da aritu Behatokiko arduraduna. "Ipar Euskal Herrian, bestalde, kontuan hartu behar dugu euskaldunari ez zaiola inolako eskubiderik aitortzen eta frantsesa hizkuntza bakarra dela. Alegia, Ipar Euskal Herriko euskaldunek ez dutela euren seme-alaba euskaraz erregistratzeko zilegitasunik aitortua".

Administrazioen erantzukizunari erreferentzia egin zion Petriatik. "Nola uler daiteke, herritarren oinarrizko eskubideen bermatzaile nagusi izan beharko luketen erakunde publikoak, eskubide horien urratzaile izatea? Gertatzen diren urraketak larriak dira eta hizkuntz eskubideak urratzeak, pertsonen arteko berdintasuna urratzea dakar".

Euskaldunok eskubidea dugu geure hizkuntza erabiltzeko eta eskubide horiek aitortu eta bermatzeko betebeharra hartu behar dute erakunde publikoek. Herritarren arteko berdintasuna aldarrikatzen bada, ezin dira herritarrak eskubiderik gabe utzi, norbanakoaren eta hizkuntza komunitatearen bizimodu duina lortzeko ezinbestekoak baitira, Behatokiko zuzendariak esan zuenez.

Eskaera ere luzatu zien administrazioei Behatokiko zuzendariak: "Eskatzen diegu bidegabekeria honekin bukatu eta herritarren hizkuntza eskubideak aitortu edota gauzagarri egin ditzatela. Herritarren arteko bereizkeria eragiten duten baldintzak gainditzeko mekanismoak abian jar ditzaten exijitzen diegu eta, herritarren eskubideen bermeari begira, egun dauden oztopoak gainditzeko neurriak har ditzatela".

Agerraldia amaitzeko, gonbitea ere luzatu zuten; umea espero duten herritarrei, euren eskubidea baliatu eta seme-alabaren jaiotza-inskripzioa euskaraz egiteko gonbitea, alegia.


(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Hizkuntz Eskubideen Behatokiko komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus