Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zumaian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoa

Zumaian hitanoa landu eta bultzatzeko egitasmoa

2011-03-24 / 10:15 / Josune Herrarte   HIZKUNTZA

Atzo (2011-3-23) aurkeztu zuten Zumaian hango hitanoa landu eta bultzatzeko Udalak, Mintzolarekin elkarlanean, abian jarri duen egitasmoa.

Egitasmoaren nondik norakoa

Egitasmoaren nondik norakoa

Hitanoarekiko kezka aspaldikoa da Zumaiako Udalean, bai eta Zumaiako herritarren artean ere. Kezka horri erantzuteko hainbat ekimen garatu izan dira aspaldiko urteetan, nagusienetarikoa, 1998. urtean Udalak herriko hitanoa jasotzeko atera zuen beka deialdia eta horren ondorioz, 2000. urtean argitaratu zen Hitanoa Zumaian liburua, Xabier Azkue Ibarbiarena.

Liburuak, ordea, ez zuen berarekin ekarri erabilera areagotzea, formak bilduta zeuden eta diagnostiko bat egina ere bai, baina kaleko erabilerak huts egiten zuen.

2008. urtean herriko hainbat eragilek (ikastetxeetako irakasleek, besteak beste) diagnostiko hau egiten zuten Zumaian hitanoaren erabileraren inguruan:

  • Umeak (mutilak batez ere) oso txikitatik hasten dira beraien artean hika egiten, nahasian bada ere.
  • Nesken artean noka oso gutxi egiten da, eta mutilek toka egiten diete sarritan.
  • Transmisioan etena dago: gaur egun gurasoek lehen baino gutxiago egiten diete hika seme-alabei.
  • Ume, gaztetxo zein gazteek, nahiko trakets egiten dute hika; mendeko perpausetan alokutiboa erabiltzea da akatsik nabarmenena.
  • Ikastetxeetan ez da bereziki lantzen, eta berariazko materialik ere ez dago.
  • Irakasle askok ez dakite hika hitz egiten.

Horri gehitu behar zaio, ume eta gaztetxo askok ez dituztela hitanoaren inguruko arau sozialak ezagutzen edo errespetatzen eta hori, egunoroko bizitzan hika erabiltzen duten adin batetik gorakoei iraingarri gertatzen zaiela sarritan.

Kezka horiei guztiei erantzun eta egoera aldatu nahian, Zumaiako Udalak hitanoari prestigioa ematea, eta erabilera egokia bultzatzea jarri zituen helburu. Hainbat bilera egin, beste hainbat ate jo eta ibilbide luze baten ondoren, Euskara Zerbitzua Mintzolarekin harremanetan jarri zen, Zumaian, hitanoa landu eta erabilera areagotzeko ekimen bat martxan jartzeko.

Mintzola bidelagun

Mintzola fundazioarekin harremanetan, beraz, proiektua diseinatzeari ekin zitzaion. Argi zegoen herriko ume eta gazteenekin landu behar zela gaia, eta oinarri-oinarrizkotik abiatu behar zela. Bestalde, irakasleak eragile garrantzitsuak izan ziren hitanoaren egoeraren diagnostikoa egiten eta beraiengan errotua zegoen kezka. Horiek horrela, hitanoa lantzen ikastetxeetatik hasi behar zela erabakitzea berez etorri zen. Beraz, hitanoa lantzeko sekuentzia didaktikoak sortu eta irakasleentzako formazio saio batzuk prestatzeko hitzarmena sinatu zuten 2009an Mintzola Fundazioak eta Zumaiko Udalak.

Harrezkero, elkarlana izan da hitz gakoa.

  • Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko hitanoaren erreferentziak eta aurretik gaiaren inguruan zegoen materiala jarri du Mintzolaren esku eta ikastetxeei beraien lana errazten eta bideratzen lagundu die, proiektua gizarteratzerakoan, eta beste.
  • Mintzolak teknikari bat jarri du, pedagogian eta ahozkotasunean aditua dena eta berarena izan da irakasle lan-taldea koordinatu eta sekuentzia didaktikoak diseinatzearen ardura nagusia: maila bakoitzeko helburuak zehaztu, edukien zailtasun maila egokitu, progresioa zaindu, erakargarri eta parte-hartzaile egin, euskarri askotarikoak baliatu eta abar.
  • Ikastetxeek, bestalde, bere egin dute proiektua eta sekuentzia didaktikoen diseinuan parte hartu dute, edukiak herriaren ezaugarrietara egokitzen, zailtasun mailak doitzen, geletan zerk funtzionatuko duen argitzen, irudia aukeratzen... Beraien artean, gainera, proiektua gauzatu eta gizarteratzeko egunak eta moduak adostu dituzte, eta sortutako sekuentziak geletan kontrastatzen ari dira une honetan.

Lan horren emaitza, orain arte sortu diren 8 sekuentzia didaktikoak dira (Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila arte egin dira). Sekuentzia Didaktikoak gauzatzeko ikuspuntu eraikitzailea aintzat hartu da, Hiruki Didaktikoa markotzat hartuta; Hirukiaren erpin batean irakasleak daude, beste erpinean ikasleak eta, azkenik, hirugarren erpinean irakas-ikasgai den objektua, hitanoa, kasu honetan. Hiru elementuak dinamikoak dira, elkarreraginean daude; hiruren arteko interakzioan gertatzen da irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta ikasleak bere ezagutza propioak eraikitzen ditu.

Sekuentziak eta sortutako material guztia euskarri batean jasotzea izan zen hurrengo erronka, horren ardura Mintzolak berak hartu zuen hasieratik. Fitxa didaktikoak egin zitezkeen edo eta dena liburu batean bildu. Horren ordez, ordea, eskola 2.0-k ematen dituen aukerak aprobetxatuta webgune bat sortzea pentsatu zen. Eskoletan izandako esperientziak erakutsi du ordenagailuarekin lana egiteak eragin positiboa duela ikasleen motibazioan, eta beste euskarri batzuekin lortzen ez den interakzioa lortzen da. Hala ere, webgunea sortzearen abantailarik handiena euskarriak eskaintzen duen bizitasuna eta ikus-entzunezko baliabideak erabiltzeko aukera dira. Izan ere, sistema horrek egokitzapenak eta berrikuntzak txertatzea ahalbidetzen du eta euskarria bera, uneoro aldatu eta hobetu liteke.

Zumaiak ekin dio hitanoa lantzeari. Oraingoz lan handiaren ondoren esperientzia ona izan da eta badirudi ikasleek ere gustura hartu dutela; hala ere, goiz da oraindik ondorioak ateratzeko, hasi berri den proiektu honek zein emaitza ematen dituen ikusteko denbora beharko da, baina seguru gaude egindako urratsek lagundu egingo dutela herrian hitanoaren erabilera areagotzen. Norbaitek urratu behar bidea eta Zumaia izan da aitzindari, baina inguruko herriek ere lur oparoa eskaintzen dute hitanoaren hazia erein eta loratzeko, hemen sortutako materiala esportagarria da, beraz, ea denon artean hitanoaren eremuak zabaltzen ditugun, geurea den altxorra gal ez dadin eta datozen belaunaldien ahotan ere bizirik iraun dezan.


(JOSUNE HERRARTE BERGARETXE Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuko arduraduna da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Zorionak!
2011-03-24 / 13:58 / Amaia Zinkunegi

Bejondeizuela. Zorionak!

Nik, behintzat, saltseatuko dut webgune horretan. Ea.

Segi bizkor.


(AMAIA ZINKUNEGI)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus