Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zinema Euskaraz programak euskararen erabilpena bultzatuko du aisian eta denborapasan

Zinema Euskaraz programak euskararen erabilpena bultzatuko du aisian eta denborapasan

2010-12-16 / 09:05 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   KULTURA

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Zinema Euskaraz delako programa aurkeztu du, hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukera bultzatu, eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.

Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen film-aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal hiritarrei.

Zinema Euskaraz Gabonetan da programaren lehen fasea, eta bigarren faseak 2011 urte osoa barne hartuko du. Honi esker, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan doako 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukera bultzatuko da. Horrez gain, akordioak sinatuko dira udal desberdinekin, film horietako batzuk udal zinema-aretoetan pantailaratzeko aukera izan dezaten.

Programa hau abian jartzeko, akordioa sinatu da euskara eta euskal kultura sustatzea xede duen EITB erakunde publikoarekin, filmen aukeraketa eta bikoizketa eta eskubideen kudeaketa koordinatu eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera eman dezan. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresekin, hiru euskal hiriburuetan dituzten aretoetan film hauek ere programa ditzaten.

Zinema Euskaraz Gabonetan

Aurtengo Gabonetan, bi film euskaraz estreinatuko dira zinema-aretoetan: abenduaren 22an, Norvegiako A casa por Navidad filma iritsiko da, Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizioan Gidoi Onenarentzako Epaimahaiaren Saria jaso duen berbera. Gabon-kanta moderno honek umorea, tragedia, xamurtasuna eta etsipena uztartzen ditu era askotako pertsonaien bitartez, eta abenduaren 29a arte izango da ikusgai. Urtarrilaren 3an hasi eta hilaren 9a arte, haur, gazte eta helduei zuzendutako familia giroko La sustituta film daniarra estreinatuko da. Bertan, seigarren mailako talde bateko ikasleek ahaleginak eta bi egingo dituzte, irakasle berria asmo txarrez betetako alienigena bat dela jakinarazteko beren gurasoei...

Euskaraz banatuko diren lehenengo DVDak, Horton eta Ice Age 3 filmenak, hilaren 22an jarriko dira salgai azalera handietan eta ohiko saltokietan, 12,95 euroko prezioan.

Horrekin batera, abenduaren 22tik aurrera, www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneek 30 film euskaraz eta on line ikusteko aukera eskainiko dute, baina deskargatzeko aukerarik gabe. Zinema euskaraz eta doan ikusteko aukera berritzaile honetarako, film horien eskubideen inguruko akordioa ere mamitu da. Printzipioz, film bakoitza 2.000 erabiltzailek ikusi ahal izango dute, hau da, ordenagailu bidez zinema ikusteko 60.000 gonbidapen banatuko dira. Unibertsolariak, Betizu eta urrezko zintzarria, Karramarro uhartea, Crisis carnívora, Cristobal Molón, Munduaren bira doan eta La leyenda del Unicornio dira, besteak beste, ekimen honetarako aukeratu diren animaziozko 20 filmetako batzuk. Gainerako 10 fikziozko filmen artean, Aupa Etxebeste, Ilargien sekretua, Ander eta Sukalde kontuak bezalako tituluak aurki ditzakegu.

2011 urte osoan

2011 urte osoan, Zinema Euskaraz programak areto komertzialetan hilero filmak euskaraz estreinatu eta aldizka DVDak merkaturatzeko aukera bultzatuko du. Helburu horri begira, zenbait film euskaraz banatzeko eskubideak negoziatu dira, Canneseko Jaialdiaren aurtengo Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso duen De dioses y hombres delakoa, Berlingo Jaialdiaren 2010eko Film Onenarentzako Urrezko Hartza lortu eta 2010eko Oscarretarako aurreaukeratuta geratu den Miel izenburukoa, Harrison Ford protagonista duen Crossing over edota In a better world filma tarteko direla.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus