Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Xarles Videgain euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Baionan

Xarles Videgain euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Baionan

2010-11-02 / 09:25 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Joan den larunbatean, urriaren 30ean, egin zen Xarles Videgain euskaltzain osoaren sarrera ekitaldia, Baionako Antzokian. Videgain, 2009ko martxoaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Euskaltzaindiak.

Jean-René Etchegaray alkateordeak ongi etorria eman zien bertan zirenei, eta jarraian Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu zuen hitza.

Ondoren, Patxi Uribarren eta Jean Haritschelhar euskaltzainek lagunduta, batzar aretoan sartu zen Xarles Videgain Baionan izenburuko sarrera-hitzaldia irakurtzeko. Erantzuna Beñat Oihartzabal euskaltzainak eman zion, Bokal koloratuei jarraikiz hitzaldiarekin.

Xarles Videgain: Baionan

Bere euskalduntze-prozesu pertsonala eta euskaltzain oso izateraino egin duen bidea Baionaren testuinguru intimo, geografiko eta historikoan kokatu zuen Xarles Videgainek larunbateko sarrera-hitzaldian. Bertako udaletxean, akademiaren baitan eginkizun nagusi duen Hizkuntza-Atlasa ere hizpide izan zuen.

Ekitaldira bildutako entzuleak, Baionako kaleetatik paseatu zituen, hiri honetaz Roland Barthes-ek idatzikoei jarraiki: "Barthes-en arabera, Baiona perfeita, idekia, zabala eta ber denboran hertsia eta zerratua". Videgainek aitortzen du, berriz, bertan "euskalduntasunak ez duela toki handirik". Are gehiago, "askotan pentsatzen egon naiz horrelako Baiona batean sortua naizen honek ez zuela batere menturarik euskaldun izateko eta euskarazko proiektu zientifikoetan partaide izateko. Mirakulu hutsa ez balinbada izan, daukat siratsz ona izan dudala Baionako jaugin zoinbeitetik ihes egiteko".

"Abertzaletu nintzen, Euskal Herrian ahalaz bizitzeko deliberioa harturik, bainan ez nintzen euskaldun". "Bakerik ez dut izan euskara berriz txertatu arte". Bide batez, gogora ekarri zituen umetako udak Oztibarren, "urte oroz hiru hilabete baizik ez, han ez banintz egon, uste dut euskararekiko lotura ez nuela bera izanen".

"Suertea izan dut hemengo gazte anitzek bizi izan duten exilioari uko eginez. Exilioaren gaitzetik salbatu nauena abertzalegoa da. Egia da askotan abertzalegoa sortzen dela populu bat ohartzen delarik ez dela aintzat hartua eta desagertzeko puntuan dagoela".

Handik aurrera, ibilbide oparoa garatu du Videgainek, Jacques Allières irakaslearen eskutik hasita -"euskararekin lehen lotura intelektuala zor diot"-, eta euskaltzain askoren laguntza ahaztu gabe.

Euskaltzaindiaren baitan, Hizkuntza Atlasa izan du eginkizunik nagusiena, aukera izan da berarentzat, ikerle gisa, baina euskaradun bezala ere. "Euskara funtzionala zein garrantzitsua den onarturik ere, eskas nuen euskara bizia, ahozko euskara bereziki ezagutzea, ikastea, biltzea, ikertzea". Hortaz, onartzen duenez, "Atlasean parte hartzea paregabeko esperientzia izan dut".

Gogora ekarri zuen Baionak atlas egitasmoaren aurrekarietako bati harrera egin ziola, duela ia ehun urte, 1912an, bertan gauzatu zen lehendabiziko ahaleginetako bat. Eta egitasmoa orain gauzatzeko bidean da jadanik. Lanaren neurriaz ideia hartzeko "145 herritan ibili gara eta 400 bat euskaldun lekukori galdera andana pausatuz, kasik 3.000, Euskaltzaindiaren altzoan dauden 4.000 oren baino gehiago grabatuak".

Atlasaren beste zortzi tomo kaleratzeko bidean dauden honetan, Videgainek dio orain bere erronka izango dela "atlasa kontsultagarriago egitea, kanpotik labirinto baten itxura badu ere, haren barnean dauden objektu linguistikoak molde eskuragarri batez eskaintzeko".

Honaino iritsita, euskaltzain berriak deritzo "garai berezi bateko monumentu baten arrastoa bildu dugula, horrek ekartzen duen joandako denboraren nostalgiarekin. Sendimendu horren kontrako joera hoberena da bildutako altxorra eta artxiboa ez uztea lo".

Beñat Oihartzabal: Bokal koloratuei jarraikiz

Xarles Videgainen ibilbide pertsonal zein profesionalaz mintzatu zen Beñat Oihartzabal haren hitzaldiari egindako erantzuna. Euskaltzain berriaren soslaia lerrotu eta jendaurreari aurkeztu aldera, Rimbaud poetaren Bokalak olerkia aitzakia hartu zuen Oihartzabalek, bokalak koloreekin uztartzen duen poesia laburra. Kasuon, bokal bakoitza Videgainen bizitza markatu dituen pertsona eta lekuekin erlazionatu zuen.

Videgainen agot etorkia aipatu zuen, hasteko eta amaitzeko, aitona Erratzuko Bozatekoa baitzuen. Frantziar estatuaren egungo egoera hona ekarri zuen: "Biziki aipatu dira Rom populuko jendeen aurka Frantzian egin diren bortxazko kanporaketak. Euskal Herrian ere, Europako beste lekuetan bezala, iragan mendeetan izan dira holako bereizkeriak, agoten kontra ere. Bada, jakizu, plazer dudala, eta berdin ene euskaltzain lagunek, agot etorkiko norbait sartzen baita egun Euskaltzaindian".

Bizitzaren bidean, bere lana eta nortasunaren ezaugarriak nabarmentzen lagundu dioten hainbat pertsona aipagai izan zituen, hala nola, Jacques Allieres, "hura izan baitzen euskalaritzako bideetan lehen urratsen egitera lagundu zintuena", Tolosan irakasle eta euskararen gaineko lehen ikerketaren gidari; edota Manex Erdozaintzi-Etxart, Tolosako ikasle garaian ezagutu zuena, "gazte-gaztea izanik oraino, harekin euskal mundu zabalago baten ezagutza egin zenuen, ber-denboran Euskal Herriak bizi zituen minei ere ohartuz, eta horregatik, orduan hemengo gazte eskolatu anitzek ez bezala, herritik partitzearen aterabideari uko eginez".

Bere lan profesionalaren mugarri bi jaso zituenu, halaber. Batetik, Ikas erakundean egindako lana: "Eskoletan euskarazko irakasbidea guztiz baztertua zegoenean, zuzenean parte hartu zenuen urte haietan euskararen inguruan sortua zen gizarte mugimenduan, Pizkundea izeneko batasunaren bitartez, euskal kulturaren munduaren egituratzeko egin ziren lehen entseguetan ere".

Bestetik, Unibertsitatea, euskal ikasketen lekukoa aurrekoei hartuz, ez aspaldi, euskal ikasketen ikaskintza-titulu guziak ematen direla aitortuz, "erreformaz erreforma dabiltzan egitura horietan ahal bezianbat euskararen tokia defendatuz".

Videgainek bere hitzaldian bezala, Oihartzabalek ere hitz batzuk gorde zituen Ortzibar herriarentzat. Izan ere, "han zenuen bereziki euskaldungoaren lekukotasuna zureganatu, doi bat baserritartu zenituen baiones gisa zegozkizun hiritar nekeak".

Hitzaldiak amaitu ostean, eta euskaltzain berriak, Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela hitza eman ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoen domina eta diploma eman zizkion Xarles Videgaini.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus