Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'-ren I. eta II. liburukiak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak

'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'-ren I. eta II. liburukiak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak

2010-05-04 / 09:00 / Euskaltzaindia   HIZKUNTZA

Bi liburukiak Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratu ditu Akademiak. Atlasa hiru euskarri desberdinetan eskaintzen da: paperean, DVD formatuan eta sarean.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren I. eta II. liburukiak aurkeztu zituen Euskaltzaindiak joan den ostiralean (2010-4-30). "Gaurkoa egun garrantzitsua izan da". Horrela adierazi zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak, baita Txomin Garcia Euskadiko Kutxaren buruak ere. Euren ondoan, Julio Gallastegi Euskadiko Kutxaren zuzendari orokorra mahaian izan zen. Eta haiekin batera, aurkezpen ekitaldian hauek hartu zuten parte: Adolfo Arejitak, II. liburukiaren eta Atlas egitasmoaren zuzendariak; eta Beņat Oihartzabalek, I. liburukiaren zuzendariak. "Egitasmo hau -esan zuen Adolfo Arejitak- bakarra eta ordezkaezina da. Egin den ahalegin eskergak ez du parekorik. Honez gero, 80ko hamarkadaren altxorra jasorik, sailkaturik eta iraupena bermaturik dugu. Ondoko belaunaldiek eskura izango dute altxor eskerga".

Hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau, Markina-Xemeinen egindako Dialektologia Barne Jardunaldietan.

Orain aurkeztu diren Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) lehen bi liburukiak Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratu ditu Euskaltzaindiak.

1984an abian jarri zen egitasmo honen buruak hauek izan dira: Jean Haritschelhar, Beņat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, gaur egungo zuzendaria dena.

Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Hauetaz gain, inkestak egiten eta transkribatzen, mapak elaboratzen eta informatizatze lanetan hauek ibili dira urte hauetan guztietan: Isaak Atutxa, Iņaki Camino, Ana Maria Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Gorka Intxaurbe, Jon Irigoras, Amaia Jauregizar, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde eta Koro Segurola.

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoa egingo zela erabaki ondoren, 1984an prestatze lanak egiten hasi ziren. Hala, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ziren. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36.
  • Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri.
  • Ipar Euskal Herrian: Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten eta 1992an amaitu.

Inkesta-leku bakoitzean 2.857 itaun egin ziren: 2.163 lexikoaz, 595 morfologiaz (335 izen morfologiaz eta 260 aditz morfologiaz), 62 sintaxiaz eta 37 fonetika sintaktikoaz. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (bataz beste 27 ordu herriko).

Inkesta egiteko adineko pertsonak aukeratu ziren, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, bai eta herritik kanpoan gutxi ibiliak ere. II. liburukiaren hitzaurrean Adolfo Arejitak azpimarratzen duen bezala, "inkestak 80ko hamarkadan egin zirenez, asko hilak dira harrezkero. Horrek berorrek balio handiagoa ematen die gaur orduan jasoriko datuei: jaso ezinezkoak lirateke orain, orduan bildu ziren erantzunetariko asko".

Galderak egitean bide bat baino gehiago erabili izan zuten inkestagileek. Batzuetan ikonoak erabili zituzten, beste batzuetan egoeren deskribapenak egin zituzten.

Inkestagileak saiatu ziren erantzunak mugagabean (izen eta izenondoen kasuan) edo partizipio burutuaren forman (aditzen kasuan) jasotzen. Adibidez, erantzun gisa izen bat artikuluarekin bildu ondoan, lekukoari izen bera zenbatzaile batekin emateko eskatzen zitzaion, hitza mugagabean jaso ahal izateko.

Ezagutza pasiboa neurtzeko erantzun proposatuak bildu ziren. Erantzuna lortu ostean, kontra-galdeketa deitu izan dena egiten zuten EHHAko inkestagileek. Horretarako berri emailearen zuzeneko erantzunak bildu ondoren, inkestagileek beste erantzun batzuk ere proposatzen zizkion batzuetan, ikusteko hauek ezagutzen ote zituen eta nondik.

Guztira 320 pertsonaren ahotsa grabatu zen. Informazio honen guztiaren eskuzko transkribaketak 725 erantzun-koadernotan (herriko 5) bildu dira. Erantzun-koaderno hauek digitalizatuta daude eta CD-ROMetan gorde dira, paperezko bertsioaz gain.

Lexikoari dagokion galdesorta da luzeena. Hura osatzerakoan Euskal Herriko egoera geografikoa gogoan hartu zen, bai eta ohiko lan jarduerak ere (artzaintza, abeltzaintza, zurgintza, nekazaritza, burdingintza, arrantza...). Hizkuntza atlasetan lexikoari buruzko galderek alderdi etnografikoa dute askotan, eta maiz biltzen dira haietan ohiko teknikei, jakintzei eta ikuspegiei dagozkien xehetasunak. EHHAko sail horretako galdesorta Europako beste herrietan eta bereziki inguru hurbilekoetan, egindako hizkuntza atlasak gogoan izanik moldatu da, eta lan haietako erreferentziak agertzen dira galderen izenburuetan.

Hauek dira gai nagusiak:

  • Abereak
  • Zerua, denbora eta eguraldia
  • Lehorra eta itsasoa
  • Arbolak eta landareak
  • Etxe-abereak eta hazkuntza
  • Baserri etxea
  • Baserriko jarduerak, tresnak eta ekoizpena
  • Gorputza, eritasunak eta familiako bizitza
  • Gizarteko bizitza eta laneko mundua

Lexiko galdera gehienak, inkesta leku guztietan galdetzeko pentsatuta daude. Haietaz kanpo badira beste galderak, galdera bereziak deituak izan direnak, leku jakin zenbaitetan baizik egin ez direnak, toki horietako egoerari edo jardunbide berezi batzuei baitagozkie oroz gainetik: adibidez, itsas arrainen izenez egindako galdera gehienak itsas portuetan baizik ez dira egin, eta ahateaz egindakoak, ahate hazkuntza egin ohi den herrietan baino ez.

Morfologiari eta, oro har, gramatikari dagozkien galderak ez dira ohikoak hizkuntza atlasetan, baina gero eta leku handiagoa ematen zaie gaur egungo lanetan. Bonaparteren lanak kontuan izanik, badakigu euskararen dialektologian toki garrantzitsua izan dutela. Sail horretako galderak, noski, euskararen arabera pentsatuak izan dira.

Sintaxiari dagokionez, galdera gutxiago da, baita fonetika sintaktikoaren kasuan ere.

Kontsultak

EHHAren emaitzak bi modutan kontsulta daitezke: soinuzko datuen kontsultaren bidez eta datu transkribatuen kontsultaren bidez.

  • Soinuzko datuen kontsulta. Azkue Bibliotekan ikertzaileen esku dira CD-ROMak (4.000 ordu baino gehiago dutenak).
  • Datu transkribatuen kontsulta. Kontsulta hau nork bere etxean egin ahal du bi molde desberdinetan: liburu batean edo CD-ROM batean. Liburuan irakurleak galdera bakoitzeko bildu erantzunak aurkituko ditu, fonetikoki idatziak eta herrialdeka eta herrika zerrendetan aurkeztuak, ondoan dagozkien interpretazio kartografiko bat daukatela. Gero, liburuarekin batera zabaltzen den CD-ROMean kausituko ditu, batetik, paperezko argitalpenaren datuak, eta bestetik, sartu ahal izan ez zen bestelako informazio guztia ere, hizkuntzazkoa edo etnolinguistikoa.

Bestalde, sarean ere jarri du Euskaltzaindiak lehen eta bigarren liburukien edukia

Lehenengo bi liburukiak

Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai hauei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.

Bigarren liburukian aztertu eta landu diren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hileak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus