Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  TwoNav, euskara integratuta dakarren lehen GPSa

TwoNav, euskara integratuta dakarren lehen GPSa

2010-03-12 / 09:15 / erabili.com   INFORMATIKA

Pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago dira teknologia berrien esparruan euskaraz ere erabil daitezkeen aplikazioak eta tresnak. Horietako bat dugu TwoNav GPSa.

2008an Eibar.org-koek Tom-Tom nabigatzailea euskaratu bazuten, orain CompeGPS Team enpresakoak izan dira, Azpeitiko Udal Euskara Patronatuaren eta Loiolako Herri Irratiaren laguntzarekin, beraien produktua euskaratu dutenak: TwoNav GPS-a. Tom-Tom nabigatzailea euskaraz erabili ahal izateko Eibar.org-koek euskaratutako fitxategiak norberak kopiatu behar baditu, TwoNav-ek programan txertatuta dakar euskarazko aukera.

Mendirako eta autorako

CompeGPS Team Kataluniako enpresa da eta TwoNav Aventura, berriz, aire libreko eta abenturako kiroletan zabalduenetakoa dagoen GPSa. Hain zuzen ere, parapente eta ala delta lehiaketetan hasi zen erabiltzen, eta hortik zabalduz joan da. Eta, aire librean ez ezik, GPS honek autoetan erabiltzeko aukera ere eskaintzen du; "nabigatzaile duala" da, sortzaileen hitzetan, mendirako zein kotxerako balio duena.

TwoNav Aventura GPS gailu bat da bere horretan baina, gainera, ordenagailu pertsonaletan, PDAtan zein telefono mugikorretan erabilgarria den softwarea eta aplikazioak eskaintzen ditu. Joan den urte amaieratik, gainera, IPhone-rako ere erabilgarri dago, eta Symbian sistema eragilerako aplikazio baliagarria ere eskaintzen du.

GPSak, mapa eskaintza zabalarekin batera, erabiltzaile bakoitzari egindako ibilbideen gainean mapak sortu eta gordetzeko aukera ere eskaintzen dio.

Nola erabili euskaraz

Euskarazko bertsioa programan bertan dator integratua; edozein bertsio berri sortzen dela ere, hizkuntza aukeren barruan hor etorriko da beti euskarazko bertsioa.

Instalatzaileak, aldiz, ez du hizkuntza aukeraketan euskararen aukera ematen. Beste hizkuntza batean instalatu beharko da programa baina, instalazioa burutu ondoren, honako pausoak jarraituta erraz erabili ahalko da programa euskaraz:

  • Ezarpenetara joan.
  • Ezarpenen barruan, Sistema aukeratu.
  • Eta Sistema karpetaren barruan, Hizkuntza. Hor irekitzen den menuan dago euskararen aukera.

TwoNav-en bertsio berria prestatzen ari da uneotan CompeGPS enpresa. Enpresaren arduradunek aurreratu dutenez, bertsio berri horretan mapa digitaletako edukiak ere euskaraz agertuko dira.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus