Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  EHUk euskarazko lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ospatu du

EHUk euskarazko lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ospatu du

2010-03-08 / 08:35 / EHU   IRAKASKUNTZA

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) aurten 30 urte betetzen ditu eta lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ere ospatzen du. Joan den ostiralean (2010-3-5) Areto Nagusian "Euskarazko irakaskuntzak 30 urte UPV/EHUn" izeneko ekitaldia egin zuen.

"Euskal Herriko Unibertsitatearen ekarpen nagusietako bat euskarak pairatzen zuen egoerari buelta ematea izan da. Denon ekarpena izan da: ikasleena, irakasleena eta administrazio eta zerbitzuetako langileena", adierazi zuen Iņaki Goirizelaiak ekitaldian. Unibertsitatean euskararen ezarpena bultzatu zuten pertsonen ordezkaritza zabalari omenaldia egin zitzaion ekitaldian. "Hirurogeita hamarreko hamarkadan ekin genion lanari Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur omendu ditugun lagunek bazekiten zailtasunak izango zituztela, baina adorea izan zuten haiek gainditzen ahalegintzeko", erantsi zuen errektoreak.

Ekitaldiaren hasieran Karmele Artetxe Historiako doktoreak, arestian gai honi buruzko tesia irakurri zuenak, euskararen hastapenak unibertsitatean gogorarazi zituen. Lehenago gertaera batzuk izan baziren ere, esate baterako, EHUko Kimikako katedradun Jacinto Iturbek euskarazko lehen tesina irakurri zuen 1974an edo Rikardo Arrue kardiologoak euskarazko lehen tesia defendatu zuen 1976an, klase ofizialak euskaraz emateko oinarriak 70ko hamarkadako bigarren erdialdetik aurrera jarri ziren. Adibidez, Zientzia eta Teknologia Fakultatean 1979-80an Biologia, Geologia eta Kimikako lehen maila osoa euskaraz eman zen, baita Fisikan eta Matematikan irakasgai solteren bat ere; Donostiako Kimika Zientzien Fakultatean 1976-77an euskarazko lehen irakasgaiak eman ziren; Bilboko eta Donostiako Irakasleen Eskoletan lehenengoz ikasleak euskalduntzeko eskolak antolatu zituzten; gero, 1978an, Euskal Filologia espezialitatea sortu zen eta ondoren gainontzeko espezialitateak euskaratzen hasi ziren.

1982-83rako beste espezialitateak ere euskaraz ikasi ahal ziren; Araban, 1977an, Arabako Unibertsitate Ikastetxean, Euskara Katedra eratu zen, bertako buru Koldo Mitxelena eta laguntzaile Henrrique Knörr zirelarik. "70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hamarkadaren hasieran, unibertsitateak izan zituen gorabehera handien erdian, euskarazko irakaskuntzaren aldeko irakasleen taldea egoera soziolinguistikoaz jakitun zen eta erabakigarriak izan ziren pazientzia eta jakituria erakutsi zuten. Kontuz joan behar dugu, presa daukagu-eta esaera bereganatu zuten", azaldu zuen Gregorio Monreal EHUko lehen errektoreak.

"Ezin genuen imajinatu ere egin"

Iņaki Goirizelaiak bere hitzaldian azpimarratu zuenez, gaur egun, tituluen nahitaezko kredituen % 95 euskaraz eskaintzen dira eta 21 master ofizial euskaraz irakasten dira, osorik edo partzialki. Irakasleen % 40 elebidunak dira, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen % 46k egiaztatua du hizkuntz eskakizuna. "Orain hogeita hamar urte ezin genuen imajinatu ere egin euskarak unibertsitatean gaur egun duen estatusa lortuko zuenik", adierazi zuen.

Ekitaldian hizlari izan ziren ere Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde Jon Irazusta; Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Jesus Mari Txurruka; Letren Fakultateko irakasle ohi Karmele Rotaetxe; Kimika Fakultateko irakasle eta ikasle ohi Maria Jesus Barandiaran eta EHUko ikasle ohi eta Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari Enrique Zuazua. Bukatzeko Ttakun Ttakun Ttakun ikuskizunaren pasarteak izan ziren.

Areto Nagusiko ekitaldia baino lehen, 1979-80 ikasturtetik 1984-85 ikasturtera euskarazko ikasketak hasi zituzten Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasle eta irakaslea asko bildu ziren EHUko Arboretumean eta omenezko zuhaitz batzuk landatu zituzten.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus