Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  "Ebidentzia baten egiaztapena"

"Ebidentzia baten egiaztapena"

2010-02-18 / 09:10 / erabili.com   IRAKASKUNTZA

Horixe, "ebidentzia baten egiaztapena", dira EAEko ikastetxeetako aurrematrikulazio kanpainaren datuak, Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuaren esanetan. Gurasoek beste behin D ereduaren alde eta seme-alabek euskara egoki menperatzearen alde egindako apustuaren egiaztapena. Emaitzen arabera menperatze hori bermatzen ez duen A ereduaren eskaera oso txikia izaten jarraitzen duenaren ebidentzia.

Aurreko matrikulazio kanpainetan ustez guraso eta ikasleen hizkuntza ereduaren hautua ez zela errespetatzen zioten ahots eta iritziei kasu eginez, hizkuntza ereduen eskaeren datua plazaratu du aurten Jaurlaritzak, kanpainaren aurretik eta kanpainak iraun duen bitartean hizkuntz ereduaren hautaketa eta eskaerari garrantzi berezia jarri ondoren. Herenegun (2010-2-16) plazaratutako behin-behineko datuen arabera, behintzat, euskarazko D eredua inposatzeaz eta gaztelaniazko A eredua baztertzeaz aritu eta ari direnak aitzakiarik gabe gelditu dira: hautatutako eskolak eskaintzen ez duen hizkuntza eredua eskatu duten gurasoen kopurua % 0,25ekoa izan da; eskaera horietako asko, gainera, B eta D ereduen aldekoak izan dira.

Datorren 2010-2011 ikasturterako Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 35.495 ikaslek eman dute izena EAEn, sare publikoko eta itunpeko sareko zentroak kontuan hartuta; ikasle horietatik 18.240 izango dira berriak. Sare publikoan matrikulazio gehiago izan da eta, hizkuntza ereduei dagokienez, D eredua nagusi da erkidegoko hiru lurraldeetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Lehen aldiz aurrematrikulatu dituzten 2 urteko haurren hiru laurden (% 74,5) D ereduan matrikulatu dituzte; % 22,6 dira B ereduan izena emandakoak; eta % 3,9, berriz, A ereduan hasiko diren 2 urteko ikasleak.

Behin-behineko datu horien argitara, Isabel Zelaa sailburuak atzo bertan aurreratu zuen A ereduaren eskaera berriak ez direla aski inongo ikastetxetan gaztelaniazko ereduko gela berriak irekitzeko.

Ikasleen mailaren datuak

Herenegun aurrematrikulazio kanpainaren behin-behineko datuak plazaratu bazituen, atzo (2010-2-17) LHko eta DBHko ikasleei iaz egindako azterketen emaitzen berri eman zuen Hezkuntza sailburuak.

Ikasleen ezagutza mailaren batez besteko neurketa egin asmoz, LHko 4. mailako ikasleek 2009an egindako frogen emaitzak ezagutza arlo ezberdinetan banatuta eman ditu Jaurlaritzak. Ezagutza arlo horietako bat hizkuntzena da eta, hor, EAEko ikasleen % 32,9k euskararen gutxieneko ezagutza maila duela ondorioztatu dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ikasletik batek ez du euskarazko maila ertainik ematen.

Ikasleak hizkuntza ereduaren arabera banatuz gero, A ereduan ikasten dutenen % 85,3 dira euskaraz batez besteko maila lortzen ez dutenak; eredu horretan ikasten dutenen artean % 2,6 bakarrik dira batez besteko maila hori gainditzen dutenak. D ereduan ikasten dutenetatik % 38,5 daude batez bestekoaren gainetik, eta B eredukoen artean % 22,3a. Ikasle guztiak kontuan hartuta, euskararen ezagutza maila aurreratua dute % 30,5ek, eta maila ertainera iristen da % 36,6a. Gaztelaniaren ezagutzari dagokionez, aztertutako ikasleen % 17,9a ez da heltzen ezagutza maila ertainera, eta % 27,1 dira maila aurreratua dutenak.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus