Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Lan eskaintza publikoetan euskararen balioa jaisteko eskatu du EAEko Legebiltzarrak

Lan eskaintza publikoetan euskararen balioa jaisteko eskatu du EAEko Legebiltzarrak

2010-02-12 / 09:15 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Hizkuntza eskakizunak berraztertzeko Eusko Jaurlaritzari zuzendutako legez besteko proposamena onartu zuten atzo (2010-2-11) Gasteizko Legebiltzarrean, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin.

Etorkizuneko lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza mailaren pisua murriztea nahi dute PSE-EEk eta PPk, eta Eusko Jaurlaritzari horretara bideratutako eskaera luzatu diote, atzo bertan EAEko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenarekin. Bi alderdion aldeko botoekin egin zuen aurrera proposamenak; EAJk, Aralarrek eta EBk kontrako botoak eman zituzten eta UPyD abstenitu egin zen. Hain zuzen ere, UPyDko Gorka Maneirok aurkeztutako ekimen baten ondorioz landu zuten gaia atzoko bilkuran; hizkuntza eskakizunak berraztertzeaz gain, neurri hori zehaztu arte lan eskaintza publikorik ez egitea eskatzen zuen UPyDk. Oinarrizko eskaera horren zuzenketa izan zen azkenean onartu zutena, sozialistek eta popularrek adostutakoa.

"Baldintza berdinen printzipioa"

Jaurlaritzak eskaintzen dituen lanpostu publikoetan "baldintza berdinen printzipioa" bermatzearen garrantzia azpimarratu dute PSE-EEk eta PPk atzo onartutako proposamenean. Lan eskaintza publikoetako zerrendetan ezartzen diren hizkuntza eskubideen "egokitasuna" berraztertzeko eskatu diote Jaurlaritzari bi alderdiok. "Egokitasuna" baloratzeko, berriz, hainbat irizpide hartu beharko ditu kontuan Jaurlaritzak, besteak beste "zerbitzuaren beharrak, toki bakoitzeko eskaria eta administrazio publikoekin EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean zein bestean aritzeko eskubidea bermatzeko beharra".

"Neurri atzerakoia" eta "egungo egoera"

Atzokoan kontrako botoa eman zuten hiru alderdietako ordezkariek -EAJ, Aralar eta EB; EAko ordezkaria ez zen izan eztabaidan- gogor kritikatu zuten hartutako erabakia. PSE-EEri PPren betiko asmoetara makurtzea egotzi zioten EAJtik. Ana Otadui legebiltzarkidearen hitzetan, "neurri atzerakoia da PPk eskatzen zuena eta orain PSErekin batera eskatzen duena". Orain arte ere lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak "zerbitzuearen beharren arabera" administrazioarekin euskaraz zein gaztelaniaz harremana izateko eskubidea kontuan hartuta ezarri izan direla gogoratu zuen Otaduik. Aralar alderdiko Mikel Basabek ere egotzi zien sozialistei PPren jokoan erortzea, euskara "etengabeko gatazka eremu" bihurtuz, eta EBk eta EAk ere gogor kritikatu zuten atzo onartutako eskaera.

Sozialistek eta popularrek, aldiz, administrazioaren euskalduntzea erkidego autonomoaren errealitate soziolinguistikora egokitu beharra defendatu zuten. Vicente Reyes legebiltzarkide sozialistaren esanetan, "ez diogu gezurrik esan behar geure buruari normalizazio prozesuaz hitz egiten dugunean"; bere ustez, Legebiltzarrean onartutako azken proposamen horrek administrazio publikoaren euskalduntzea "egungo egoerara" egokitzen lagunduko du. PPko Laura Garridok, berriz, "euskararen erabilera bermatu behar" dela esa zuen, "baina ez edonola". Berme hori erdiesteko neurri zehatzez ez zuten hitz egin.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus