Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Telebista, mugarik gabe

Telebista, mugarik gabe

2010-01-14 / 08:50 / Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua eta Acció Cultural del País Valencià   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Kontseiluak, Acció Cultural del País Valencià-rekin batera, Mugarik gabeko telebista izeneko kanpaina aurkeztu dute. Euskal Telebista Nafarroan ikusten jarraitzea bultzatuko dute.

Iruñean egindako prentsaurrekoan Euskaltzaindiko Andres Iñigo, Eusko Ikaskuntzako Jose Mari Velez de Mendizabal, Kontseiluko Xabier Mendiguren eta Acció Cultural del País Valencià-ko Toni Gisbertek Mugarik gabeko telebista kanpaina aurkeztu zuten herenegun (2010-1-12).

Herrialde Valentziarrean abiapuntua

Acció Cultural del País Valencià-k (ACPV) abiatu zuen kanpaina. Elkarte honek 40 urte ditu eta 2007 urtetik ari da kanpaina honetan lanean. Valentziako PPren gobernuak telebista-seinaleen sarea ixteko etengabeko ahalegina egin du, TV3 Herrialde Valentziarrean heda ez dadin. Horri aurre egiteko abiatu zuen ACPV-k kanpaina hau.

Aipatutako sarea elkartearena da, 80ko hamarkadan sortu zen 150.000 valentziarrek egin zuten ekarpen ekonomikoari esker. Ekarpen horrekin beharrezko lur-sailak eta tresneria erosi zituzten.

25 urtetan TV3 Herrialde Valentziarrean normaltasunez ikusi ahal izan da, oztopo desberdinak gaindituz, Barrionuevoren oztopoak jartzeko ahaleginari lehenik (Guardia Zibila bidali zuen errepikagailuak ixtera) eta Zaplanaren ixteko ahaleginari ondoren. Gaur egun telebista eskaintza osoan aukera bat da, aukera garrantzitsua gainera katalanaren normalizaziorako, gaztelaniazko telebista-eskaintza handiaren aurrean.

2007ko urtarrilean zabaldu zion Valentziako Generalitat-ek Acció Cultural-i lehen espediente administratiboa errepikagailu bat ixteko eskatuz. Elkartearen ezezkoaren ondoren, Generalitat-ek errepikagailu bakoitzaren aurkako espediente bana jartzeko prozedura zabaldu du, ixteko ezezkoaren aurrean isunak ezarriz (jada 700.000 euroko isuna ordaindu behar dute).

Egoera honen aurrean eta Valentziako gobernuak elkarrizketarako borondaterik ez duenez, nahiz eta gehiengo soziala TV3 ikustearen aldeko izan, Acció Cultural-ek abokatuekin harremanak egin zituen TV3-ren emankizunak legeztatzeko oinarri juridikoa bilatzeko. Oinarri hori Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunak eskaintzen du, Espainiar gobernuak 1992an sinatu zuen Gutuna (Felipe Gonzalezen garaian) eta Espainiako Parlamentuak 2000. urtean berretsi zuen (Jose Maria Aznarren garaian).

Gutun honek honela dio 11.2. artikuluan: "Alde guztiek irrati zein telebista emisioak zuzenean jasotzeko eskubidea bermatzeko konpromisoa hartzen dute, bizilagun diren herrialdeetan erregio edo hizkuntza gutxiagotu berbera edo antzekoa erabiltzen badute, eta ez dute oztopatuko ondoko herrialdeetako telebista edota irrati emankizunak hizkuntza horretan ematea. Gainera, prentsan adierazpen askatasunari dagokionez inolako murrizketarik egin ez dadin bermatzeko konpromisoa hartzen dute eta informazioaren zirkulazio librea bermatzeko hizkuntza gutxiagotu horretan edo antzekoa den hizkuntzan".

Europar Gutunean oinarrituta eta oinarri juridiko zabalagoa aintzat hartuta idatzi da lege proiektua. Horren helburua da Gutuna aplikatzea, izan ere oinarri juridikoa badago, soilik horren aplikazioa egin behar da.

Ekimen Lelegile Herritarra

Behin lege proiektua idatzita, Acció Cultural-ek Kataluniako, Valentziako eta Balearretako alderdi politikoekin harremana egin ondoren, hauen jarrera aldekoa zela ikusi zuen. Dena den, eta lege hori Espainiako parlamentuan landu behar denez, parlamentuko eztabaidaren atzean mobilizazio garrantzitsua egon behar zela pentsatu zuen. Horregatik pentsatu zuten Ekimen Legegile Herritarra izango zela aukerarik onena.

Estatu mailako Ekimen Legegile Herritarrak 500.000 sinadura jasotzea suposatzen du. 18 urtetik gorako Estatu espainiarreko herritarrenak izan behar dira eta martxoaren 24an Madrilgo Hauteskunde Junta Zentralean entregatu behar dira. Horregatik, kanpaina martxoaren hasieran amaituko dugu.

Sinadurak lege proiektua jasotzen den koadernoetan jasoko dira eta sinadura eman nahi duenak, bere datuak eman beharko ditu.

Acció Cultural del País Valencià-koek gurekin harremana egin zuten eta Televisió Sense Fronteres (Mugarik Gabeko Telebista) kanpainaren berri eman ziguten. Kanpaina hori abiatzeko arrazoiak ezagutu ondoren, hiru erakundeok, Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaindiak eta Kontseiluak, kanpainarekin bat egitea erabaki genuen.

Babes hori bi modutakoa izango da; lehenik eta behin, Valentzian, Katalunian eta Balearretan egiten ari diren kanpainarekin bat eginez eta bestetik, kanpaina bera Euskal Herrian hedatzen laguntzen. Izan ere, Espainiako legediak Euskal Herrian ere badu eragina eta ondorioz, arlo hau arautu gabe egoteak egoera ezegonkorra sortzen du, Nafarroan, adibidez, euskarazko telebista ikusi ahal izateko.

Lege babes ezak, unean uneko arduradun politikoen borondatearen baitan uzten du euskarazko telebistak ikusteko eskubidea. Hori gertatzeko arrisku erreala dago Nafarroan. Itzalaldi analogikoaren ondorioz ETB, hau da, euskarazko telebista ikusteko aukera arriskuan egon daiteke. Nafarroako euskaldunak, gaur egungo egoerak, legediak, bere horretan mantentzen baldin badira, ez du euskarazko telebista ikusteko eskubidea bermatua izango; beti egongo da, azaldu dugun moduan, aginte politikoan dagoenaren borondatearen baitan. Une honetan, dena den, badirudi borondate ona dagoela Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aldetik.

Sinadura bilketa

Kanpaina honen bitartez, esparru hori arautzea dugu helburu. Horrela, euskarazko telebista ikusteko aukera izango da Nafarroan, legez arautua. Gaur egun, komunikazioaren gizartean bizi gara. Nola ulertu, beraz, komunikazio horri mugak jartzea?

Valentzian, Katalunian eta Balearretan egiten ari diren moduan, Euskal Herrian ere lege proiektuaren aldeko sinadurak bilduko ditugu. Une honetan hasita eta otsailaren 25 bitarte, gure egoitzetan sinadura emateko aukera izango dute herritarrek. Eusko Ikaskuntzaren bulegoetan, Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbon, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eta Iruñeko, Donostiako eta Gasteizko ordezkaritzetan eta Kontseiluaren Andoaingo egoitzan egongo da aukera. Aurrera begira ere, baliteke beste modu batzuetan ere aukera egotea; izan ere, beste eragile batzuekin harremanak egiten ari gara.

Ekimenaren alde egon daitezkeen eragileei deia luzatu nahi diegu, eurek ere ekimen honetan parte hartu dezaten eta norbanakoak ere sinadura ematera bultzatu nahi ditugu. Euskarazko, katalanezko eta galizieraren komunikazio-esparruen alde egitera deitu nahi ditugu herritarrak.


(EUSKO IKASKUNTZA, EUSKALTZAINDIA, KONTSEILUA eta ACCIÓ CULTURAL DEL PAÍS VALENCIÀ)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus