Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Zortzi ahots eta 212 bertso

Zortzi ahots eta 212 bertso

2009-12-14 / 09:10 / erabili.com   KULTURA

Zortzi ahots eta 212 bertso, milaka txaloz inguratuta. Osagai xume horiekin festa ederra, ikuskizun borobila, mamitu zuten atzo (2009-12-13) Barakaldoko BECen Bertsolari Txapelketa Nagusiko protagonistek. Eta, bukaeran, txapelak jabe berria ezagutu zuen: Maialen Lujanbio.

Hitzaren indarra

Hitzaren indarra

Doinuarekin jositako hitza da bertsolariaren indarra, eta hitzaren indarra aldarrikatu zuten atzo finaleko oholtza gainean aritu ziren zortzi bertsolariek; hitzaren indarra, eta hainbat zentzutan, gainera.

Hitzaren indarraz baliatu ziren, ohi duten legez, bertsolariak, goiz eta arratsalde bertso sorta ederrak eskaini eta BECen elkartutako 14.000 lagunen txalo beroak eta olatu alaiak eragiteko. Lau urtean behingo bertsoaren festa nagusiaren indarra, finalisten hitz josietan oinarritua. Eta hitza aldarrikapen bihurtu zuten gainera bertsolariek euren jardunean, behin eta berriz: hitza, herri baten norabidea argitzeko ezinbesteko tresna gisa, ideiei forma eman eta asmoak gauzatzeko bide.

Lujanbiok, Agirreren eskutik

Atzoko finalak bertsolaritzaren historian leku berezia hartzeko arrazoi bat baino gehiago utzi zituen. BECen bizitako festa eta saioaren maila alde batera utzita, Andoni Egaņaren agintaldiaren azkenak eta Maialen Lujanbioren lehendabiziko garaipenak markatu zuten finala.

2005ean txapela laugarren aldiz jarraian jantzi ondoren, atzo txapel preziaturik gabe itzuli zen Egaņa etxera. Buruz burukora iritsi ez arren -laugarren sailkatu zen-, oholtza gainean zela eman zuen lekukoa Zarauzkoak, berak nahi bezala, eta agurreko bertsoan iragarri zuen hurrengo txapelketa nagusian ez dela parte-hartzaileen artean izango.

Orain dela zortzi urte gertu-gertutik ikusi eta gero, oraingoan Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela eta, lorpen hori bereganatzen duen lehen emakumezkoa izanda, hor ere historia egin zuen Hernanikoak. Marka eta mugarri guztien gainetik, merezitakoa izan zen, batik bat, Lujanbioren garaipena. Lau urte barru, berari tokatuko zaio txapela defendatzea.

Orain dela lau urte Imanol Lazkanok jantzi zion Andoni Egaņari zarauztarrarentzat azken txapela izango zena. Atzo beste azpeitiar batek, Joxe Agirre Orandak, eman zion bere aurreneko txapela Maialen Lujanbiori. Eskola zaharreko bertsolari handia azken belaunaldiko txapeldunari saria ematen. Agirre ez zen konformatu, ordea, eta bertsotan hasi zen hantxe, BECeko oholtzatik. Hasi eta jarraitu, urteek aurrera eginagatik ere Agirreren kastakoen etorri errazak agortzeko beldurrik ez duela erakutsiz. Lau bertso bota zituen Orandak txapeldun berriaren azken agurraren aurretik, ordurako bero-bero zeuden ikus-entzuleak are gehiago berotuz. Hona hemen, Maialen Lujanbiori eskaini ziona:

Mila zorion ta goraintzi
eman gabe nola utzi
Euskal Herriko txapela horra Maialeni jantzi
al dezun artean eutsi
ez dezu meritu gutxi
emakumerik oraindik ez da hortara iritsi

Sailkapena

Horrela gelditu zen 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken sailkapena:

  1. Maialen Lujanbio, 1.630,75 puntu.
  2. Amets Arzallus, 1.582 puntu.
  3. Jon Maia, 1.060 puntu.
  4. Andoni Egaņa, 1.058 puntu.
  5. Unai Iturriaga 1.046,25 puntu.
  6. Sustrai Colina 1.037 puntu.
  7. Aitor Mendiluze 1.009,25 puntu.
  8. Aitor Sarriegi 983,75 puntu.

Bertso bilduma

212 izan ziren zortzi finalisten artean atzo BECen botatako eta entzundako bertso puntuagarriak. Guztiak ezin hona ekarri, baina ale aipagarrienetako batzuk behintzat jaso ditugu, Gara egunkaritik hartuak.

Goizeko saioan, zortziko txikiaren ariketan, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga telebistako albistegi bateko aurkezle biren tokian jarri ziren; zuzeneko albistegiaren erdian, hankarekin ukitzen hasten zaio Unai Sustrairi.

Hona hemen Colinaren bertso bat:

Gabon, buenas noches, esan ta kolpera
teleberri erdian posible ote da
hanka bota ez du ba nere hanka artera
telezerri izango da da hemendik aurrera

Eta Iturriagaren erantzuna:

Zuk nahi duzuna, baina belauna zer bero
orain bideo bat dago, luzaroan bego
formatu honetara ez zara ohitu edo
hau aurrerapena da, notizia gero

Zortziko txikiarekin jarraituz, Amets Arzallus eta Aitor Sarriegik osatu zuten hurrengo bikotea. Erretratua egitea eskatzen dio Aitorrek Amets margolariari, baina bost orduko lanaren ostean erretratua bukatzeko itxurarik ez du pintoreak.

Sarriegik honela aurpegiratu zion:

Arkatza hartu eta nolako abaila
zalantzan jarriko det laster zure maila
bi begi ta ahoa, sudur bat, masaila
kontxo!, dibujatzeko ez naiz horren zaila

Eta honela erantzun Arzallusek:

Aizu ez da arkatza, hau da akuarela
hogeita bi kolore eta nere tela
jakin behar zenuke, dakidan bezala
zu bi metro egitea nahiko zaila dela

Andoni Egaņari eta Aitor Mendiluzeri, berriz, lehen lan egunean lankideekin bazkaltzera dijoanean (Aitor), ama (Egaņa) babarrun termoarekin aurkitzen duenarenak botatzea egokitu zitzaien. Mendiluzek honela hartu zuen "ama":

Lehenengo lan eguna hasi det honela
atarira irten-da sorpresa itzela
sentitu nahi nuen bai etxean bezala
baina esan nizun, ama, hau gehiegi zela

Eta Egaņak hau esan zion "semeari":

Etxean beti gose ta beti asekaitz
hargatik taperrakin etorri naiz garaiz
lantegitik irtena zazpi lagun alaiz
denentzako egin det, zuekin joango naiz

Jon Maiak eta Maialen Lujanbiok ezkontza batean dantzan ari den bikotea osatu zuten. Maialenek Jonek nahi baino estuago helduta jardun nahi... eta hara Maiaren burutazioa:

Hasieran arin-arin ta gero fandango
gero gogor helduta hiruzpalau tango
estutzen dizkidazu hemengo ta hango
lasai egon maitea, ez naiz eta joango

Lujanbiorena, berriz, honakoa:

Aspaldi ukitu gabe nabil halamodu
hau gaztetxoa zana lehen ta nola gizondu
gerria guri-guri tripa ere ondu
guapo nahi al zenuke nerekin ezkondu?



Bakarka puntuari erantzuten, "Lehen Juan Joxe eta orain berriz Patxi" izan zen Maialen Lujanbiori jarri zioten lehen puntua. Honela jarraitu zuen Lujanbiok:

Batak besteari ezin ezer irakatsi
publizidadeari ondo dio eutsi
baina justizia ta fundamentu gutxi

"Juan Carlos erregea ETB1en" izan zen Lujanbiorentzako bigarren puntua:

Parrea ateratzen zait hori entzutean
PSOE ETBrekin dabil jo ta kean
telebistak itzali Eguberri partean



Sei puntuko motzean ere izan zen bertso soreta ederrik. Arzallus eta Iturriaga elkarrekin aritu ziren. Unai gizarte laguntzailea da, eta Ametsek bere bulegoan paper batzuk izenpetu ondoren ohartzen da honek ez dakiela irakurtzen. Hemen, Ametsek botatako ale bat:

Astero bueltan elizan
ardo minduen kalizan
barka zaidazu, ikastolarik nik ez nuen izanz
ta nere begien ehizan
gizon erruki on gisan
alfabeto bat baino gehiago baitaude bizitzan

Egaņaren eta Lujanbioren txandan, Maialenek giltzurruna eman zion Andoniri. Hartzailearen esker ona honela adierazi zuen Andonik:

Hurbildu nere ohera
banator nere onera
eta eskerrak adierazteko nago egarbera
giltzurrun donante bera
ta emakumea gainera
sentiberago izan ninteke hemendik aurrera

Eta honela erantzun zion emaileak, Maialenek:

Nere zati baten parte
sentiberago zinake
orain gu biok badugu zerbait betirako kate
lehen bi ta huts bion kalte
orain bat ta bat enpate
mundua ere logika hontan hobe lihoake

Kartzelakoa

Ohi bezala, goizeko saioa kartzelako lanarekin amaitu zuten zortzi finalistek. Hauxe izan zuten hiruna bertsotan landu beharreko gaia: "Kazetaria zara. Badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela".

  • Unai Iturriaga

Noizbait ume nintzen hemen
noizbait bat umea bada
ta sarritan jotzen nuen
egunero letretara
kazetari izan nahi nuen
nire heroien gisara
ta munduari zabaldu
nere hizkien izara
unibertsitate baten
pasa ondoren bolada
bekario gisa jo nuen
etxe honetan aldaba
beldurrak lotu izan nau
egunkari honetara
ta beldur hori galtzeak
galduko nau beharbada
Hemen bada errege bat
inoiz ez dena ukitzen
jainko batek berariaz
omen duena erditzen
eta ze botere daukan
ez da errez deskribatzen
hasera baten neu ere
menera ohitu egin nintzen
gero hasten zara hemen
eta han gauzak aditzen
gaur ari naiz kazetari
gisara ai ni zerbitzen
ordenagailuan ez dut
zuzentzailea erabiltzen
idatzi ahala zergatik
dabiltza hitzak gorritzen

Hemen kazetari batek
nahiz izan hainbat talentu
Marokon behar ditugu
soiltasun ta baita tentu
beti egon zaitezke ta
hanka bat sartzeko gertu
askatasuna ez dute
hemen sekula ulertu
Sahara aipatzen bada
dena oihu ta mendeku
ez omen dute merezi
gugandik nahiko errespetu
artikulua badoa
kitto letra, kitto leku
Espainiak eta Marokok
hilko dute Aminetu

  • Aitor Sarriegi

Berrogeita hamar urte luzetan
idatzi det gai ugariz
kasu batzutan titular txikiz
sarri titular nabariz
azken urteak pasatu ditut
gainean presio handiz
lehengo garaiak gogoratuaz
sarri izu beldurgarriz
gutxitan pasa izan naiz ni lehen
esan dedanean neurriz
baina azken urte hauetan gabiltz
oso gertakizun larriz
hasi naiz eta zabatu det
hamazazpigarren aldiz
hiru-lau enter sakatu eta
idazten hasi naiz berriz
Egunkariko langile nintzen
orain epai eta auzi
batean nire hamaika lagun
errez dituzte nahasi
baina urtetan ofizioan
gauza asko ditut ikasi
ta kazetari bezala ere
gure mundutxoan hazi
lagun on batek filtrazio bat
oraintsu dit helarazi
guztia galdu nezake bertan
ta eze ez irabazi
baina nik lana zein dudan orain
enuke nahi errez ahantzi
nola bukatu oso ondo dakit
baina ez dakit nola hasi

Begia jarri nere aurretik
doan ilustrazioan
lehengo lantoki hartakoekin
zebiltzanez sesioan
Egunkaria itxi ziguten
indar demostrazioan
ta nik jakin dut intentzioa
ze bidetatik zihoan
interes asko gurutzatu zen
geneukan ilusioan
azkenerako dena bukatuz
polizi operazioan
idatzi det argitaratu
hobetzeko desioan
bihar goizean aterako da
lehengo edizioan

  • Amets Arzallus

Hamasei urte ta Egunkarian
hasi nintzen bekario
Martxelok hantxe jarri ninduen
beste baten gregario
gero Berrian saiatu nintzen
lan onaren ondorio
gero Argian serio
besten hitzaren jario
berrogei urte pasatu ditut
berrogei kalendario
orain lumari tintaren partez
malko pila bat dario
Reala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak
nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
eta gure preso denak
zirela senideenak
notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenak

Hauxe dut nere azken eguna
askatu dut alkandora
luma malkoen atzetik joan da
paper fin zurian gora
eta gero pest maketarekin
hor daukat ordenadora
gaur egin behar dut froga
neure bizioa droga
idatzi dezadan muga urtu da
Euskal Herria libro da
ez da egia baina egia
bihurtuko da gerora

  • Sustrai Colina

Hasera baten zirudien oso
berri arrunt ta arrunta
berriro ere Madril aldera
lau gazte atxilotuta
hiru barrura ta bat irten da
minduta arnas estuka
pausoa ezin zuzen emanez
ta aurpegia belztuta
ni El Paiseko kazetaria
barrenean ze burruka
arkaitza atera punta
ta papelean apunta
dena kontatzen hasi ezkero
postua galduko dut ta
dena neretzat gordetzen badut
neu egongo naiz galduta
Gazteak hala aitortu zidan
bi begiak mela-mela
infernu hutsa izaten dela
Intxaurrondoko kuartela
handik Madrila bidean ere
kolpeak zirela
salaketa bat lortu nahiean
tratatuz piztin bezala
justizia harek bere bidetik
ezin zun egin bestela
ez dut pentsatuko bela
ta idatziko dut horrela
ondorioak ez dit ajola
datorrena datorrela
baina jendeak jakin behar du
hemen torturatzen dela

Kalabozotan izaten dira
mila amesgaizto gauka
nahiz handik irten ta familiak
esan animo ta aupa
hemen zeozer larria dago
ta harro nago salatuta
lehen esan dut ez justiziak
hau ez dula zigortu ta
nere barrua senti nezake
hortara derrigortuta
bihotza taupa ta taupa
hezurran izua zaunka
dena idatziz jokatuko dut
nere nagusien aurka
askatasuna ez da erosten
baina prezioa dauka

  • Andoni Egaņa

Kaixo irakurle hau izango da
nere azkenengo zutabe
eskerrik asko puntu honetara
ezin iritsi zu gabe
odola borborka baina
idatziko det xuabe
azken astetan bizilekua
izan baitu Kopenhage
han bildu dira alderdiak
han bildu dira bi alde
eta gainera elkarren mailan
eta biak parez pare
herri kontsulta gaur egin dute
ta emaitzak argi daude
Euskal Herria bihartik dugu
bere buruaren jabe
Gogoan daukat nola joan den
gure azkenengo urtea
ni hantxe bertan egokitu naiz
ze zori ta ze suertea
informazio agenda neukan
gauza potoloz betea
baina zedozer idatzi ezkero
nolako disparatea
luma etzana izan dut beraz
ez prestu ta ez tentea
nere ahoak ez du hitzikan
alperrikako botea
bi aldeentzat enaiz batere
kazetari txar torpea
negoziaketan dohaia baita
ixilikan egotea

Hainbat urteko ilusioa
mendetako aldarria
azkenerako finkatu dugu
guk nahi gendun oinarria
ta bere kasa abituko da
biharko Euskal Herria
ikusiko da zer tokatzen den
larrosa edo gorria
orain artean ez zen handia
nere bizitza neurria
oraingo hontan baietz esan dut
pauso ikaragarria
nere azkenengo zutabea dut
nago prestatzen jarrita
lehendakariak izendatu nau
Kultur sailburu berria

  • Jon Maia

Redakzioan bakarrik nago
ordua heldu bitarte
bakardadea izan daiteke
sentimenduentzat kalte
majina bat hitz idatzi ditut
zigor kode eta kate
beti izan dut realitatean
murgiltzeko borondate
ez det mugarik inoiz sentitu
ez muga eta ez epe
ni Berriako kazetari naiz
patu hori baneukake
artikuloa bukatu det ta
orain punto ta aparte
izenburu hau ipini diot
kartzelara naramate
Espainiako mediotatik
sarri jaso det iseka
baina herrian hainbeste jendek
eman dit bere fereka
zazpi urtetan burua tente
ta bihotza neka-neka
esperantza ta gero beldurra
hori nere desoreka
herririk herri saldu izan det
majina bat kamiseta
ta artikulotan egin izan det
torturaren salaketa
eta ezerren damurik ez dut
nahi eta etorri kolpeka
kartzelaraino naraman horrek
libre egiten nau eta

Artikuloak sortu ditzazke
horrenbeste katramila
lehenago ere horrelakoak
idatzi izan ditut mila
neri berdin zait nahiz juradotan
sor dezaken iskanbila
duintasuna bizirik dago
ta injustizia hila
artikulotan hau da azkena
ez da detaile sotila
barrenak hustu dena itzali
lasai geratu nadila
orain berdin zait baldin badatoz
txakur eta guzti bila
zentsurari buruz idatziko den
azkena izan dadila

  • Maialen Lujanbio

Mila ta bostehun karaktere
ia betiko erara
nere iritziz osatu ditut
hor gelditzen dira hara
nere afizio eta ofizio
hainbat urteko pasada
egin dut eta orain atzeruntz
itzultzen dut begirada
Del Olmok diost ai justizia
uste zendun zer zala ba
gure justizia zuentzako
prestatutako zelda da
beraz Berrian uzten dizuet
nere azken zertzelada
lehen idatzi nuenagatik
naramate kartzelara
Badaukat nahiko esperientzia
badaukat nahiko edade
berrogei urte kazetaritzan
jadanik enaiz nerabe
Euskal Herriko prentsan
zentsura aztertu nuen goi eta behe
ta hara orain zentsura bera
nere atean parez pare
ai Espainiako lege ta arau
ze ustel ze min grabe
ai gure hizkuntza txikituari
zenbat kolpe doakabe
nahiz ta ni zeldan egongo naizen
letrarik idatzi gabe
nere ideiak milaka lagun
onen burun bizik daude

Ez dakit zein dan gure errua
baditugu zenbait kargu
ez jakinaren zama astuna
latz arrastaka dakargu
hau da bengantza hau da zigorra
eta biktimak gera gu
politikarin batek emana
gu isiltzeko enkargu
Arnaldoz eta beste zenbaitez
datorkit zenbait akordu
herrigintzan ari zaretenez
eskuz esku orduz ordu
letrak isildu nahian gabiltza
gatazka hau halamodu
idatzi izan, hitzezkoa izan
baina hitzak konponduko du

  • Aitor Mendiluze

Izan leike idatzi hau
karrerako azkena
beraz nere sinadura
behar du ez bestena
eta bertan kontatzen det
herri baten problema
bi begitan ikusita
ni hunkitu nauena
Aminetu deitzen dena
daramakien dema
bahituta bere etxetik
behin atera zutena
nork eman du agindua
nork eman du baimena
Bizirik da gaur bizirik
batek daki biharko
kontzientziak astintzeko
gaur idatzi beharko
bandera bat agertu da
azkenaldian franko
Aminetuk bandera hau
hain bere duelako
zuri ta beltz, berde, gorri
lau margo aukerako
askok ez du patrikatik
askotan aterako
nahiz ta gero jartzen duten
argazkietarako

Begirada luzaturik
Saharako herrira
ikusten da izateko
herriaren desira
horren alde borrokatu
eta bahitu di-da
galdetu ez eta eraman
nahi ez zuen tokira
gobernua diotenez
ahalegintzen ari da
zein alperrik den kondena
urrutitik begira
Zapatero mugi zaitez
azken arnasak dira

Buruz burukoa

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen arteko buruz buruko saioaren bertsoak dituzue jarraian irakurgai.


SEIKO MOTZA

Gaia: "Zuen ama gaur irtengo da anorexia gaixotasuna sendatzeko zentrotik. Hirurentzako bazkaria prestatzen ari zarete".

  • Maialen

Gure amak ze gaitz grabe
eta guk ze atsekabe
itxuran miran ia etzala
berrogeiren jabe;
Iehenik pure bat xuabe
gero arraina halare
astiro-astiro joan gaitezen
baina etenik gabe.

  • Amets

Urteetako palizan
buelta hartu du balizan
ta orain garai berri bat hasten
dugunez bizitzan
arrai pixkat bere ditxan
asko ez betiko gisan
berak ere ezetz esan beharrik
ez dezala izan.

  • Maialen

Goazen beraz pausuz pausu
amari eginez kasu
animo ama proba itzazu
kutxaraka batzu
ispilua re hor daukazu
andre ederra zera zu
ispiluari gezurra zuk zeuk
esaten diozu.

  • Amets

Ene zenbat korapilu
platera eta katilu
ispiluaren aurrera joanda
bi begien brillu
baina ze ispilu, istilu
ze arma ta ze iskillu
gaurtik aurrera gure begiak
dituzu ispilu.

  • Maialen

Denborak aurrera darrai
garai batean nolanahi
esaten zigun bazkaritan ez
ba meriendatan bai
Lana da sinestea ai
lana da egoten lasai
gu bioi jaten eman zigunak
ez duela jan nahi.

  • Amets

Etzazu egin zalantza
irauliko da balantza
nik hartzen diet Eguberri zahar
pasatakoen antza
ama hor daukazu saltsa
jan lasai ta hartu hatsa
baina hori bai bukatu aurretik
ez zaitea altxa.


ZORTZIKO TXIKIA

Gaia: "Oinez irakasteko zelaira joan zarete biak zuen haur txikiarekin. Ondoan arkume bat zelan jaio eta korrika hasi den ikusi duzue".

  • Amets

Arkume jaioberri
txurian itsusi
baina jaioberritan
gorputzari eutsi
oinez hasi ez da ba
hankak jo ta hautsi
hoiek zenbat dakiten
pertsonek ze gutxi.

  • Maialen

Etzaite horren azkar
ibili mutiko
ni pertsonaren alde
ipintzen naiz tinko
azkar ikasten dute
ta bizi guztiko
baina hizketan ez dute
bela ikasiko.

  • Amets

Baina jarri begiak
gure haur finean
arkume atzetik doa
bere ezinean
oinez ikasi aurretik
pausu arinean
horrek ja joan nahi du
arkume gainean.

  • Maialen

Bai ume argia
esan diot txikitxo
hara miraria
kasu hortan amatxo
ni nauzu ardia
eta asmatu zazu
nor den aharia.

  • Amets

Ahariaren kontua
aizu aipatzean
oraintxe gelditu naiz
ni larri trantzean
zeren mundu osoko
aharien antzean
ez ditut ba izango
adarrak atzean.

  • Maialen

Ez dizut erantzungo
hobe esan amen
edo igual gelditu
behar det nabarmen
txikitxo ikusi da
zelai baten hemen
gaurkoan re bizitza
ze miraria den.


KARTZELA

  • MAIALEN LUJANBIO
    • Hitza: Sua

    Hura asmakizuna
    homo habilisena
    bazun intentzioa
    bazuen sena
    bi harrik elkar jota
    txispa bat aurrena
    asmakizun haundina
    mendetan barrena
    sua da problema
    zenbait basorena
    edo jaki dena
    berotzen duena
    eta bi begiradek
    sortzen dutena.

    • Bakarkakoa

      Gaia: "Hileko aurrez aurreko bisita daukazu. Kartzelara heldu eta funtzionarioak esan dizu sartu nahi baduzu, bere aurrean biluzi beharko duzula eta miatzen utzi".

    Pasa ziren epaiketa
    prozesu luze ta auzi
    espetxetik espetxera
    orain egiten dut jauzi
    azken hau Okaņakoa
    ez det gutxitan ikusi
    baina gaur arte ez nintzen
    sentitu horren biluzi
    maitea barruan daukat
    bakarrik ezin det utzi
    duintasun, askatasun
    hitzak dizkit erakutsi
    ta eutsi nahi diet baina
    ia ezin diet eutsi
    zenbat tasun ezpainetan
    eta zeinen muxu gutxi.
    Etxean ni izan nintzen
    atxiloketan lekuko
    erauzi ta eramam zuten
    oihan nuena gertuko
    kondena hark zenbat gezur
    zenbat tranpa, zenbat truke
    gure hitzek epaiari
    baina ezin egin uko
    badakit Espainia ez dela
    herri legedi justuko
    akaso haserrez nere
    lepazaina zait puztuko
    biluztuko nauzu eta
    nere zorroa hustuko
    baina bihotz barrukoa
    ez didazu biluztuko.

    Kartzelaren ataria
    umela eta ospela
    funtzionari poliziak
    doazela datozela
    ba ez dizut ba men egingo
    ta beteko erregela
    ez zuk nahi lez sinatuko
    konfesioan papela
    aitortzen det samin handiz
    uzten dudala kartzela
    atzera etxera noa
    etorri naizen bezela
    esperantza daukat bera
    indartsu egongo dela
    badakit badakiela
    berekin izan naizela.

  • AMETS ARZALLUS
    • Hitza: Sua

    Pospolu batek pizten
    badu lehen ditxa
    gero bota sastraka
    eta zumitza
    tximinitikan gora
    doa bere gisa
    baina neretzat sua
    dugu bertsogintza
    bertsoa balitza
    su baten baldintza
    pitz dezugun hitza
    alaituz bizitza
    hemen su horren bueltan
    dantzan gabiltza.

    • Bakarkakoa

      Gaia: "Hileko aurrez aurreko bisita daukaz. Heldu zara kartzelara eta funtzionarioak esan dizu sartu nahi baduzu, bere aurrean biluztu beharko duzula eta miatzen utzi".

    A-8 pare harretan
    urte osoan obretan
    gu beraiekin zorretan
    bide zail ta lehorretan
    baina utzi dut Burgos atzean
    ta Madril ez dago bertan
    azkenerako Herrera ikusi
    pankarta handi batetan
    sartu naiz eta funtzionariak
    ez daude hitz samurretan
    biluztu behar dugula eta
    zer zabiltza gezurretan
    urteak dira Euskal Herria
    dagoela hezurretan.
    Pentsa zuek ze komedi
    ze baldintza ze komeri
    ta funtzionari honeri
    nik esan behar bi egi
    oraintxe jarri garenez gero
    biak aurpegiz aurpegi
    guztia bistan dudala ez didak
    berriz egingo abegi
    barruko horrek ulertuko dik
    hala esan zidaan neri
    kanpora irten naiz
    ta oihu egin dut
    erdi gaixo erdi eri
    besarkada bat Eneko eta
    muxu handi bat deneri.

    Martxan jarri auto zaharra
    zaharra baina ez da txarra
    hemen goaz tirri-tarra
    aurrean dugu iparra
    iparralderantz Euskal Herrirantz
    ze pena ta ze negarra
    baina hala da Espainia aldeko
    justizien ezbeharra
    heldu etxera eta hartu dut
    paper baten zirri marra
    gutun txiki bat ta utzi ditut
    bi muxu ta irriparra
    hori delako nik biluzteko
    dakidan era bakarra.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus