Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Euskalgintzaren mapa' direktorioa sortu du Kontseiluak

'Euskalgintzaren mapa' direktorioa sortu du Kontseiluak

2009-11-18 / 09:00 / Saioa Rodriguez - Kontseilua   INTERNET

Kontseiluak Euskalgintzaren mapa (www.euskalgintza.org) direktorioa aurkeztu zuen atzo (2009-11-17) Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Horren bidez, "euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen ekintzak eta egituraketa azaldu nahi ditugu, eta beraien arteko harremanak erraztu eta esperientziak trukatzeko lanabesa eskaini", azaldu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

Kontseiluak 2007ko irailean ekin zion egitasmoaren antolaketa eta diseinu orokorrari eta web orriaren aurkezpena Euskalit eta Innobasque-k antolatutako Zientzia, Teknologia, Berrikuntza, Kalitatea eta Bikaintasunaren Astearen baitan egin da. "Kontseiluaren bazkideek hala eskatuta, euskalgintza non dagoen antolatuta eta zertan ari den argitzeko lanari ekin genion", esan zuen atzo Mendigurenek. "Euskalgintzako erakundeentzat beren lanean mesedegarri gertatzea nahi du Kontseiluak, nork-zer-non-nola egiten duen erakutsiko duelako", gaineratu zuen.

Webguneak, egoeraren azterketa kuantitatiboaz gain, kualitatiboa ere erakutsiko du. Era honetan, "indarguneak eta ahulguneak detektatzen lagunduko digu. Non gauden indartsu eta non ez; zergatik gauden indartsu eta, beraz, zer egin litekeen ahul gauden lekuetan oinarria sendotzeko; non dagoen euskalgintza antolatu gabe; non diren hutsuneak -eremuka; herrian, sektoreka-; zertan kokatu behar dituen lehentasunak euskalgintzak (eta herri-erakundeek)...", adierazi zuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

Erabiltzaile arruntari, herritar xeheari, euskararen unibertso zabalaren kontzientzia hartzeko aukera emango dio Euskalgintzaren mapak. Informazioa Euskal Herrian eta atzerrian zabalduko duen lanabesa da. On line eginez, edonori, edonon eta edonoiz eskura izan dezake erabilgarri.

Mendigurenek azaldu zuenez, lankidetzan osatutako tresna da aurkeztutakoa. Informazioa bertatik bertara eskuratu du Kontseiluak, herri bakoitzeko euskalgintzak osatuta. Aurrera begira ere hori izango dela bidea adierazi zuen, eta "hemendik deia luzatzen diegu euskalgintzako erakunde eta kideei nork bere herriko datuak sartu edo berritzeko".

Euskararen eremu osoa

Kontseiluak Aztikerren laguntzaz egin du direktorioa. Zigor Etxeburuak, Euskaraz Bai Dinamika Herrietan egitasmoaren arduradunak azaldu zuenez, "aurrerantzean ere aplikazioa hobetzen eta garatzen jarraituko du Kontseiluak, eta Aztikerren laguntza baliatuko du horretarako". Era berean, Kontseiluak urtero-urtero harremana izango du informatzaile-sarearekin, duen informazioa berresteko, osatzeko edo zuzentzeko eskatuz.

Geografikoki euskararen eremu osoa hartzen du aplikazioak -bai sartutako erakundeen aldetik, bai erabiltzaileen aldetik- eta auzo, herri, udal, eskualde edo herrialdeak erakusten ditu; izan ere, Euskal Herri mailako egoera orokorra islatu nahi du.

Webguneak eskaintzen dituen zerbitzu guztietara inolako mugakizunik gabe sartzeko aukera izango du erabiltzaileak, Etxeburuak azaldutakoaren arabera.

Berritasunari eta eguneratzeari garrantzia berezia eman nahi dio Kontseiluak. "Hau ez da une jakin bateko egoerari erantzuteko xedez sortzen den zerbitzua. Ez dago itxita, aitzitik, dinamikoa da eta etorkizunean datu-baseko informazioa aldatzeko modua izango du. Gaurtik bertatik”, gaineratu zuen Zigor Etxeburuak.


(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus