Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Saroi, euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko sistema berria

Saroi, euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko sistema berria

2009-09-22 / 08:45 / Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)   INFORMATIKA

Errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko Saroi izeneko sistema berria garatu du Maite Oronoz EHUko ikertzaileak. Saroi tresna orokorra da, erroreen tratamendua egiteko ez ezik, analisi-zuhaitzetako egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko balio duena.

Errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko dauden tresnen analisia egin du Maite Oronozek bere doktore-tesian. Testuinguru zabaleko erroreak detektatzeko -adibidez, komunztadura-erroreak- esaldiaren analisi-zuhaitza arakatzea beharrezkoa da. Horretarako tresna aproposik ez du aurkitu ikertzaileak, eta, horregatik, Saroi tresna sortu du. Saroik errore sintaktikoen tratamendua egiten du, eta, gainera, analisi-zuhaitzen egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko ere balio du.

Saroi tresna erabilerraza eta malgua da, eta maila desberdinetako hizkuntza-ezaugarriekin lan egiteko gai da -morfologia, morfosintaxia, sintaxia, etab-. Egilearen esanetan, hizkuntzalaritzarako lan-tresna egokia eta erabilgarria izan daiteke.

Tesiaren egilea eta Saroiren sortzailea Maite Oronoz Anchordoqui da, eta bere lana Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura izenburupean aurkeztu du. Ikertzailearen iritziz, euskararen egoera dela eta -estandarizazio-prozesuan dago, aberatsa da euskalkiei dagokionez, eta erdara indartsuek inguratzen dute- ohikoa da erabiltzaileek Euskaltzaindiaren arauetatik aldentzen diren hizkuntza-egiturak erabiltzea. Egitura zuzenetatik edo arauetatik desbideratzen diren egitura horiei errore deitu die tesiaren egileak.

Komunztadura-erroreak

Datetan, postposizio-lokuzioetan eta, batez ere, subjektu, objektu eta zehar-objektu funtzioa betetzen duten osagaien eta aditzaren arteko komunztaduran gertatzen diren erroreak detektatu ditu ikertzaileak ikerketa-lanean.

Errore horien bila corpus erroredunak zein zuzenak automatikoki analizatzeko, EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearen analisi sintaktikorako prozesua erabili du Maite Oronozek, eta informazio linguistikoa adierazteko, berriz, XML bidezko oharpen-sarea.

Erroreak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabiltzea erabaki du Oronozek. Hala, testuinguru lokaletan -segidan dauden bospasei hitzeko eremuetan- gertatzen diren erroreak detektatzeko eta zuzentzeko, hizkuntzaren tratamendu automatikoko bi tresna ezagun erabili ditu: Xerox Finite State Tool (XFST), datetako erroreak lantzeko, eta Murriztapen Gramatika (MG), postposizio-lokuzioen erabilera okerrak tratatzeko.

Egileari buruz

Maite Oronoz Anchordoqui (Hondarribia, 1972) Informatikan lizentziatua da. IXA taldeko ikertzailea da 1996az geroztik, eta EHUko Informatika Fakultateko irakasle laguna da 2001etik hona. Bere lana EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko Arantza Díaz de Illarraza eta Koldo Gojenola irakasleen zuzendaritzapean egin du.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus