Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak urriaren 24an Baionan

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuko dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak urriaren 24an Baionan

2009-09-17 / 08:45 / Saioa Rodriguez - Kontseilua   BESTELAKOAK

Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urriaren 24rako mobilizazioa antolatu dute Baionan. Deiadar manifestazioaren leloa Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskarari lege-geriza. Euskara hizkuntza ofiziala izango dela azaldu zuten atzo (2009-9-16) Bilbon egindako prentsaurrekoan. Kontseiluaren zuzendaritzak agerraldia egin zuen deialdiaren berri eman eta euskaltzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatzeko. Manifestazioa Xaho kaitik, 17:00etan abiatuko da.

Ez da lehen aldia Deiadar mobilizazioa egingo dela ipar Euskal Herrian, eta horrela azaldu zuen Sébastian Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak. "Aurretik Deiadar mobilizazioak egin izan direnean, testuinguru jakin bati erantzuteko asmoz izan da", adierazi zuen. Momentu egokietan mobilizazioak egiteak aurrera pausoak ematea ahalbidetu du. "Deiadar" hitzak berak, urgentziazko egoera adierazten du eta une honetan ere horrela dela adierazi zuten agerraldian.

Une honetan, estatu frantsesean, Sarkozyk kanpaina egiten ari zenean hitz emandako legearen aldaketa landu behar dute. Konfederazioko ordezkariaren ustez, "gobernuak hitz emandako lege horrek euskara salbatuko ez badu ere, lehen urrats bat izan daiteke hizkuntza-politika egokia garatzen hasteko. Presioa mantendu behar dugu urrats txiki hori egin dezan gobernuak".

Euskal Herrian gaia lantzen ari den moduan ere, Estatu frantsesean hizkuntza gutxiagotuak dituzten beste herrietan ere gaia lantzen ari dira. Eta estatu mailan ere elkarrekin lan egiten ari da Euskal Konfederazioa. Esaterako, egun horretan bertan mobilizazioak egingo dira Carcassonen, Bretainian...

Kontseiluaren idazkari nagusi Xabier Mendigurenek ere, Kontseiluaren zuzendaritzaren izenean, egoeraren garrantziaz ohartarazi nahi izan du. Euskararen normalizazioa du helburu Kontseiluak eta ondorioz, deialdia bultzatzearen alde egin du. "Euskararen normalizazioa euskararen lurralde osoan landu behar da eta horregatik ezinbesteko jo du Kontseiluak "Deiadar" honetan parte hartzea. Ez da, beraz, soilik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi diren herritarren kontua, guztioi dagokigu norabide berean indar egitea, bakoitzari dagokion esparruan", adierazi zuen atzo Mendigurenek.

Euskaraz bizitzerako jauzia

Euskaraz bai filosofiari jarraituz egin zituen Kontseiluko idazkari nagusiak aipatu adierazpenak. Euskararen aldeko atxikimendua izatetik, euskaraz bizitzerako jauzia aldarrikatu nahi du Kontseiluak Euskaraz bai aldarrikapenarekin. Bakoitzak, bere esparruan eman behar du jauzi hori, euskararen normalizazioa den helburua gauzatu ahal izateko. Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra egitea ezinbestekoa izango da. Kontseiluak, bere aldetik, horren apustua egin du eta proposamena mahai gainean jarri du.

Mendigurenek, Konfederazioko ordezkariak egindako adierazpenari jarraituz, zera adierazi zuen: "Badakigu Estatuaren aldetik planteatzen den erreformak ez duela euskararen ofizialtasuna ekarriko, baina helburu dugun ofizialtasunerako bide emango duelakoan gaude".

Kontseiluak, lehenago ere aipatu izan duen moduan, egoera iraultzeko bete beharreko baldintza batzuk badaude. Euskararen normalizazioa lortzeko 10 egiteko nagusiak hauek dira Kontseiluaren ustez: Ikastereduak gainditu eta Unibertsitatea eta Lanbide Heziketa euskaldundu, baita helduak eta alor sozioekonomikoa ere; Euskararen ardura gobernuaren goi-mailan kokatu (lehendakariordetza). Horretarako, euskara berezko, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa dela aitortu; hedabideetan euskara-kuotak ezarri, euskararen aurrekontua gehitu eta, oro har, hizkuntza politika egokia burutu.

Bloga ere bai

Amaitzeko, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diren euskaltzale guztiak urriaren 24an Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu Kontseiluko zuzendaritzak. Nahi duenak www.deiadar.org blogean aurkituko du honen berri.


(SAIOA RODRIGUEZ ANDUEZA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus