Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Semaforoak euskaraz hitz egiten?

Semaforoak euskaraz hitz egiten?

2009-06-29 / 08:25 / Tolosako Euskalgintza   INTERNET

Horixe da Tolosaldeko herritar askok azken asteotan egin duten galdera. Izan ere, duela aste batzuetatik, Tolosaldeko hainbat herritako semaforoen ondoan kartel xelebre batzuk ageri dira (ikus argazkia). Tolosa, Villabona, Zizurkil, Ikaztegieta eta eskualdeko beste toki batzuetako semaforoetan "Semaforoak euskaraz" kartelak ikus daitezke zintzilik.

Herritarrek harri eta zur begiratu diete kartelei, zein baino zein xelebreago: Zer da "Semaforoak euskaraz" hori? Semaforoek ez dute hitz egiten, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ez errusieraz, ezta? Nola euskaldunduko ditugu semaforoak? Nola egingo dute semaforoek euskaraz? Ze helburu dute kartelek? Zer da hau, adar-jotze bat?

Asko eta asko azalpen bila jarri eta hamaika azalpen ematen saiatu dira: semaforoetan entzunezko mezuak euskaraz jartzea zuela helburu, autoeskoletan euskarazko materiala sustatzeko kanpainarekin zerikusia duela, matrikulak euskaratzeko kanpaina bat dela, trafiko seinaleetan euskara agertzea duela helburu... Batzuk Europako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainarekin lotzen ere saiatu ziren. Baina horietako inork ez du asmatu: hipotesiak okerrak ziren.



Gainera, kartelak ez zeuden sinatuta, eta inork ez du jakin nora joan azalpen eske. Nor ote atzean? Galtzaundi aldizkariak ere tokia eskaini zion "kanpainari": orrialde osoa eman zion "Semaforoak euskaraz" kanpainako irudiari. Hona hemen:

Egun batzuen buruan, ordea, argitu da dena: Tolosaldeko euskaltzale batzuk euskara eta Tolosaldea biltzen dituen blog bat egin dute, eta, blogaren berri emateko, ez zaie gauza hoberik bururatu "moskeo kanpaina" egin baino.

Blogaren izena Tolosaldeko Euskararen Semaforoa da (euskararensemaforoa.blogspot.com), hortik ditxosozko kartela, eta honako lelo hau darabil: Eman argi berdea euskarari.

Blogaren bultzatzaileek Tolosaldean euskararen gainean dauden albisteak, hausnarketak, kezkak, kanpainak... bildu nahi dituzte, eta toki bat eskaini Tolosaldean euskaraz arduratuta daudenei. Blogaren helburua euskararen normalizazioari bidea irekitzea da, Tolosaldean ere euskarari argi berdea eman eta oztoporik gabe aurrera jarrai dezan.

Blogean argitaratuko diren albisteak hiru mailatan sailkatuko dira, semaforoen koloreekin jolastuz: euskararentzat mesedegarriak badira, argi berdea izango dute; kaltegarriak badira, gorria; eta kontuz ibiltzekoak badira, laranja.


(TOLOSAKO EUSKALGINTZA)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus