Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskarabideak 'Euskararen egoera Nafarroan 2008' ikerlana aurkeztu du

Euskarabideak 'Euskararen egoera Nafarroan 2008' ikerlana aurkeztu du

2009-06-04 / 08:25 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Nafarroako Euskararen Institutuak, Euskarabideak, 2008an egindako ikerlan soziolinguistikoa aurkeztu du. Nafarroako Parlamentuan aurkeztu den ikerketa honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko euskararen gaur egungo egoera alderdi kuantitatibotik aztertzea.

15 urtetik gorako biztanle nafarren hizkuntza-gaitasuna ezagutzea du helburu, eta, horretarako, inkesta egin zaio telefonoz 3.596 laguneko lagin bati, geografia- eta hizkuntza-eremuetan sailkatuta.

Aipatutako helburu orokorraz gainera, inkesta bidez betetzeko beste zenbait helburu ere ezarri da: euskararen transmisioa eta erabilera ezagutzea familiartean, lan arloan, auzo eremuan eta esparru publikoan.

Zazpi kapitulu

Ikerlanak zazpi kapitulu ditu.

  1. Kapitulua: ikerketaren esparru orokorra azaldu da: aztergai diren biztanleen ezaugarri soziodemografikoen deskribapena.
  2. Kapitulua: Nafarroako Foru Komunitateko 15 urtetik gorako biztanleen hizkuntza-profilaren eta Nafarroako hizkuntza-eremuen (mistoa, euskalduna eta ez-euskalduna) azterketa. Nafarrek euskarari dagokionez dituzten hizkuntza gaitasun edo trebetasunak aztertu dira batez ere.
  3. Kapitulua: galdetutako pertsonen euskara-ezagutzaren eta erabileraren analisi zehatza, euskaldunen taldean arreta berezia jarriz.
  4. Kapitulua: euskarak hezkuntza-eremuan duen erabilera.
  5. Kapitulua: euskarak gizartean duen trataeraren azalpena. Euskararekiko alderik nabarmenetako batzuen analisia, hala nola, nafarrei euskara noraino interesatzen zaien, jarduera publiko nahiz pribatu batzuetan eta hedabideetan zenbateraino erabiltzen den, eta abar.
  6. Kapitulua: euskarak esparru publikoan duen sustapena.
  7. Kapitulua: Nafarroako udalerrietako biztanleek hizkuntza-eremu jakin batean egoteaz egindako balioespenaren azterketa. Halaber, udalerri jakin batzuetako biztanleek eremu mistoan sartzeko aukerari buruz duten iritzia zein den jakin nahi izan da.

Zenbait datu

Euskararen egoera Nafarroan 2008 ikerlanean bildu diren datu batzuk:

  • Deskribatutako hizkuntza-gaitasun bakoitzaren banakako azterketak erakusten duenez, galdetutako 10 lagunetatik 2k gaitasun-mailaren bat dute euskaraz idazteko, irakurtzeko, hitz egiteko eta/edo ulertzeko (3.596 pertsonari egin zaie elkarrizketa).
  • Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren 15 urtetik gorako biztanleen % 11,9 euskaldunak edo elebidunak dira; hau da, ongi edo oso ongi hitz egiten dute bai euskaraz bai gaztelaniaz. Bestalde, biztanleen % 6,2k adierazi dute ez dutela euskaraz ongi hitz egiten, eta % 81,9 gaztelaniadunak dira, hau da, ez dute euskaraz hitz egiten.
  • Nafarroako biztanleek hitz egiteko maizenik erabilitako hizkuntzari dagokionez, grafikoak erakusten du biztanleen % 5,2k euskara erabili ohi dutela hitz egiteko, eta, % 94,1ek gaztelania erabiltzen dutela.
  • Nafarren ama-hizkuntzari dagokionez, grafikoak erakusten du galdetutako biztanleen % 7,3k euskara dutela lehen hizkuntza, eta % 92,7k, berriz, gaztelania edo beste hizkuntza bat. Bestalde, euskara da galdetutako euskaldunen % 52,8ren ama hizkuntza.

Euskararen egoera Nafarroan 2008

Euskarabideak egindako inkesta soziolinguistikoa osorik ikus daiteke ondorengo dokumentuan:


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus