Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean

Euskara, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen artean

2009-02-20 / 10:07 / erabili.com   HIZKUNTZA

2.500 dira, Unescoren arabera, une honetan munduan galtzeko arriskuan dauden hizkuntzak; eta horietako bat euskara da. Hala jaso du NBEren barruko erakundeak, atzo bertan (2009-2-19) aurkeztu zuen Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasaren edizio berrituan.

Unescoren atlasaren arabera, munduko 6.000 hizkuntzetatik 2.500 galtzeko arriskuan daude. Arriskuan dauden hizkuntzak, berriz, bost bizitasun edo bizkortasun mailen arabera sailkatzen dituzte atlasean: ahulduta daudenak, arriskuan daudenak, arrisku larrian daudenak, egoera kritikoan daudenak eta desagertutakoak.

Bost maila horien artean, euskara egoera ahulduan dauden hizkuntzen artean kokatu du Unescok bere hizkuntzen atlasaren azken eguneraketan. Atlasa osatzeko lanetan parte hartu duten 30 hizkuntzalarien arabera, ahulezia egoera dagoen hizkuntzaren ezaugarri nagusia zera litzateke: hau gehienek hizkuntza hitz egitea, baina bere erabilera eremu jakin edo zehatzetara mugatuz (familia, adibidez).

Hiztunen kopurua, belaunaldi batetik besterako transmisioa eta erakunde publikoen hizkuntza politikak dira, besteak beste, hizkuntza baten egoera neurtzerakoan atlasean lan egin duten hizkuntzalariek kontuan hartu dituzten faktoreak. Euskarari dagokionez, EAEn (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian) "lege babes handia" duela adierazi dute ikertzaileek, baina egoera "ahulagoan" aurkitzen dela bai Nafarroan, bai Ipar Euskal Herriko lurraldeetan.

Atlasaren bertsio digitala da Unescok atzo aurkeztutakoa. Paperezkoa ere aterako dutela aurreratu dute lanaren arduradunek. Unescok 1995ean plazaratu zuen bere lehendabiziko Arriskuan diren munduko hizkuntzen atlasaa, 2001ean bigarrena, eta 2009ko hasiera honetan aurkeztu dutena da hirugarrena. Euskara ahuldutako hizkuntzen artean kokatu du Unescok bere atlasaren hiru edizioetan. Aurrekoarekiko alderen bat nabarmenetzekotan, orduan Hego eta Ipar Euskal Herriko egoerak bereiztu egiten zituen Unescok (Hego Euskal Herrian "galtzeko arriskuan" eta Ipar Euskal Herrian "galtzeko arrisku larrian" zegoela nabarmenduz), baina bereizketa hori ez da zehazten 2009ko eguneraketan. Azken bertsio honetan, besteak beste, katalana eta galiziera ez daude galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen atlasean.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus