Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  AnHitz, euskaraz egiten duen zientzia-aditu birtuala

AnHitz, euskaraz egiten duen zientzia-aditu birtuala

2009-01-16 / 08:45 / Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa   INFORMATIKA

Euskaraz hitz egiten duen lehen zientzia-aditu birtuala, AnHitz izenarekin bataiatu dutena, aurkeztu zuten atzo (2009-1-15) Donostian. Avatar hau izen bereko ikerketa-proiektuan garatutako prototipoa da, eta Vicomtech-IK4 eta Tecnalia-Infotech zentro teknologikoak, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak bultzatu dute, 2006-2008 epean, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailen laguntzari esker.

Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak aurkezpenean azaldu zuenez, "AnHitz proiektuaren helburua da pertsonak eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren euskarazko hizkuntza-teknologiak ikertzea eta garatzea". Informazioaren eta Jakintzaren Gizartearen paradigmek Euskadin onespen handiagoa izan dezaten, ezinbestekoa da hizkuntza-teknologia zein gizartearen hizkuntza-aniztasuna laguntzeko behar den industria garatzea.

Euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtual interaktiboa da AnHitz. Erabiltzaileak egiten dizkion zientzia eta teknologiari buruzko galderak erantzuten ditu euskaraz, eta hitz bakar edo anitzeko kontsultak ere egin ahal zaizkio. Horrez gain, kontsulta horiekin zerikusia duten gaztelaniazko eta ingelesezko dokumentuak bilatu eta euskarara itzultzen ditu.

Euskalkiak eta aldaerak

AnHitz, beraz, zenbait teknologiaren emaitza dugu: avatarraren itxuraz Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroa arduratu da, pertsonaia birtualak sortzeko duen teknologiaz baliatuta; EHUko Aholab taldeak eta Tecnaliako Infotech unitateak ahotsa jarri diote pertsonaiari, eta, horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko eta hainbat aldaera ezagutzeko; EHUko IXA taldea, bestalde, dokumentuak euskarara automatikoki itzultzen trebatzeaz arduratu da, eta Elhuyar Fundazioko lantaldeari esker, azkenik, gai da AnHitz dokumentu eleaniztunak bilatzeko.

Aurrerapen handia

Anhitz proiektuari esker, zazpi baliabide, hamahiru tresna eta zazpi aplikazio garatu edo hobetu dira euskararen alorrean. Bestalde, proiektu honek euskararen eremuko zenbait erreminta aplikazio bakar batean bildu ditu, lehenbizikoz: Question Answering (galderak erantzutea), Cross Lingual Information Retrieval (informazio-bilaketa eleaniztuna), Machine Translation (itzulpen automatikoa), Speech Synthesis (ahotsaren sintesia), Automatic Speech Recognition (ahotsaren ezagutza automatikoa) eta Visual Interface (ikus-interfazeak). Etorkizunera begira, aplikazio hau aurrerapen handia dela azpimarratu dute partzuergoko arduradunek.

Horren berri emateko izan ziren atzoko prentsaurrekoan Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; Igor Odriozola, Euskal Herriko Unibertsitateko Aholab taldeko ikertzailea; Kutz Arrieta, Vicomtech-IK4 zentro teknologikoko ikertzailea; Jesús Herrero, Tecnalia-Infotech-eko Merkatu Unitateko kudeatzailea; Alberto Fernández, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Teknologia zuzendaria eta Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.


(RAKEL LOPEZ VIÑA Elhuyar Fundazioko marketin saileko kidea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus