Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez!

Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez!

2008-12-12 / 08:25 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta telefonia enpresa nagusiek, "Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez!" lelopean publizitate kanpaina aurkeztu zuten atzo (2008-12-11) Bilboko Euskalduna jauregian. Ekimen hau 2007ko urrian Jaurlaritzak -Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez- eta telefonia operadore nahiz fabrikatzaile nagusiek lankidetzarako sinatu zituzten hitzarmenetan aurreikusten zen.

Hitzarmen hauen helburua telefonia mugikorraren arloan euskararen erabilerari ateak luze-zabal irekitzea da. Hitzarmen honen bidez, Eroski, Euskaltel, Telefónica, Vodafone, Yoigo eta Orange operadoreek, eta Alcatel, Nokia, Samsung eta Sony Ericsson fabrikatzaileek konpromisoa hartu zuten euskara progresiboki, pixkanaka, sustatzeko telefonia mugikorraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, honako konpromiso hauek hartu zituen:

  • a) Eusko Jaurlaritzak babes instituzionala emango die hitzarmen hau sinatu duten enpresek euskara edo euskal kultura sustatzea helburuarekin bultzaturiko ekintzei.
  • b) Eusko Jaurlaritzak doaneko hizkuntza-aholkularitza eskainiko die hitzarmen hauen sinatzaileei euskarazko bertsioen egokitasuna eta terminologia-zuzentasuna bermatzeko.
  • c) Eusko Jaurlaritzak gizartean urtero sustatu eta jakinaraziko ditu telefonia mugigarrian euskaraz gertaturiko berrikuntzak, bereziki Gabonetako eta Erregeenetako kanpainetan, operadoreen izenak publikoki jakinaraziz, noski.

Konpromisoa betetze aldera, abenduaren 13tik hasita eta urtarrilaren 5a bitartean ikusgai edota entzungai izango dira telebistan, irratietan zein egunkarietan, "Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez!" lelopean prestatutako iragarkiak.

Lankidetzaren fruituak agerian

Adierazi ondoren egun konpainia ezberdinen 174 modelo desberdinetan euskarazko menua eta aplikazioak aukeran daudela, Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzaren eta telefonia arloko operadore eta fabrikatzaile nagusien arteko lankidetzaren "garrantzia" azpimarratu zuen atzo. "Lankidetza bera baino gehiago, iaztik burutzen ari garen lankidetzaren fruituak azaltzeak bildu gaitu hemen. Eta esan nahi eta esan behar dut: hemen benetako protagonistak telefoniako operadoreak eta fabrikatzaileak direla. Hauek eman dute aurrerapausoa. Euskal hiztunen eta euskal gizarte osoaren izenean bihoakie Eusko Jaurlaritzaren aitormena eta eskerrona".

Baztarrikak nabarmendu zuenez, euskarak "hiztunak" behar ditu, "erabiltzaileak", bere ustez horixe baita bere "bizi-indarraren adierazlerik behinena". "Hiztunek eta erabiltzaileek, aldiz, euskara baliatzeko egiazko aukerak behar-beharrezkoak dituzte, euskara nonahi eta zernahirako erabiltzeko aukerarik eduki ezean ez baitago hizkuntza bat erabiltzerik", gaineratu zuen sailburuordeak, iragarri baino lehen Eusko Jaurlaritzak telefonia alorreko operadoreekin eta fabrikatzaileekin lankidetzan jardun duela eta etorkizunean "hala egiten jarraituko" duela, erabiltzaileek eta kontsumitzaileek produktuak eta zerbitzuak "euskaraz ere izan ditzaten". "Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen esku dago, orain, aukera hauetaz guztiez baliatzea eta noranzko honetan urrats berriak egin daitezen bultzatzea", amaitu zuen Baztarrikak.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Telefono berrietan bakarrik?
2008-12-16 / 13:49 / Amaia Zinkunegi

Lehendik telefono mugikorra daukagunok, posible dugu gure telefonoetan euskarazko aukera gehitzeko? Edo telefono berrietan bakarrik izango da aukera?

 
Operadoarekin harremanetan jartzea onena
2008-12-18 / 11:57 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila

Telefono berrietan edo, telefonia operadore bakoitzaren eta telefono bakoitzak dituen prestazioen arabera, webgunetik ere jeitsi liteke.

Beraz, erabiltzaile bakoitza bere operadorearekin harremanetan jartzea da onena.

Ondo izan.

 
Modu txarrean
2008-12-30 / 17:36 / Nekane Barandiaran

Ba nik nire operadorearekin (Vodafone) hitz egin dut eta baita dendara joan, eta nahiko modu txarrean horri buruz ez dakitela deus esan didate

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus