Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Europako eskualde historiko-politiko nagusien euskarazko izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

Europako eskualde historiko-politiko nagusien euskarazko izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

2008-11-17 / 08:35 / Jose Luis Lizundia eta Alfontso Mujika   HIZKUNTZA

154. araua amaitu du Euskaltzaindiak. Exonomastika batzordeak landuta eta proposatuta, euskaltzain osoak zatika aztertuz eta onartuz joan dira arau luze hau. Guztira, zazpi bilera egin ditu Euskaltzaindiak araua onartzeko 2007ko azaroaren 30etik 2008ko maiatzaren 30era bitartean.

Eskualde historikoak nahiz gaur egunekoak, biak ageri dira zerrendan; guztira, 435 eskualde. Lehendik araututa dauden Espainiako eta Frantziako eskualdeak ere (32, 36, 149 eta 151. arauetan ageri direnak) sartu dira zerrenda honetan (Akitania, Andaluzia, Galizia, Normandia...).

Gainerako estatuei dagokienez, zerrendan ez dira sistematikoki sartu eskualde historiko guztiak, ezta gaur egungo eskualde administratibo guzti-guztiak ere. Askotan, garrantzitsuenak, ezagunenak edo euskaraz jatorrizko hizkuntzan ez bezala idaztekoak direnak baino ez dira sartu. Nolanahi ere, estatu batzuetan gaur eguneko eskualde politiko-administratibo guztiak sartu dira. Hala, adibidez, Alemaniako eta Austriako land guztiak, Suitzako kantonamendu guztiak, Italiako eskualde guztiak, Belgikako, Herbehereetako eta Greziako eskualde guztiak eta Errusiako errepublika guztiak ageri dira zerrendan.

Zergatik arau hau?

Historiaren emaitza da Europak gaur egun duen estatukako banaketa. Historian atzera eginez gero, luze gabe azaleratzen dira leku-izen asko, garai batean estatu edo erresuma izan zirenak edo garrantzi handia izan zutenak: eskualde historikoak (printzerria, dukerria, jaurerria...). Haietako batzuk desagerturik daude dagoeneko, hau da, gaur ez dute izaera administratibo edo politikorik; adibidez, Prusia, II. Mundu Gerrako lau potentziek espresuki horrela erabakita, edo aspaldiko Milango Dukerria. Beste batzuk, berriz, gaur eguneko estatuen barnean era batera edo bestera aintzatetsitako lurraldeak dira (eskualde, land, kantoi, probintzia...), hala nola Lombardia, Holanda edo Renania. Badira, haiekin batera, eskualde ez-historikoak ere, berriki sortuak, tokiko hiri nagusiaren izena dutenak, kasurako (Hamburg edo Hamburgo, adibidez, Alemaniako hiri baten izenaz gainera, bada Alemaniako land baten izena ere. Berna Suitzako hiriburua da, baina bada Berna izeneko kantoia ere). Eskualde-izen horietako asko erabilera-maiztasun handikoak dira: egunero agertzen da haietako bat baino gehiago komunikabideetan eta turismo-iragarkietan. Eta beste asko eta asko eskola-liburuetan ageri dira, Europako historiari eta arteari buruzko irakasgaietan.

Leku-izen horietariko asko ez dira berdin idazten hizkuntza guztietan. Erabiliaren erabiliaz, hizkuntzek etxekotu egin dute leku-izen arrotza, aldatu egin diote grafia. Hala, adibidez, alemanez Preu▀en edo Preussen idazten den antzinako estatua Preussi idazten da finlandieraz; Pruisen, nederlanderaz; Prusia, errumanieraz eta gaztelaniaz; Prusse, frantsesez; Prūsija, lituanieraz; Prusija, eslovenieraz; Prusko, txekieraz; Prussia, italieraz eta ingelesez; Pr˙ssia katalanez eta portugesez; Prusy, polonieraz...

Edo nederlanderaz Vlaanderen idazten den Belgikako eskualdea Fiandre da italieraz; Flandern, danieraz, alemanez eta suedieraz; Flander, finlandieraz; Flandes, gaztelaniaz eta katalanez; Flandra errumanieraz; Flandre, frantsesez; Flanders, ingelesez; Flandres, portugesez; Flandria, estonieraz, hungarieraz eta polonieraz; Flandry, txekieraz...

Grafia-ugaritasun horren aurrean, beharrezkoa da eskualde horien izenak euskaraz ere finkatzea. Hori gabe, ez da harritzekoa euskaldunok inguruko erdal grafia -dela gaztelaniaren eraginez Hego Euskal Herrian, dela frantsesaren eraginez Ipar Euskal Herrian- erabiltzeko joera izatea.

Irizpideak

Kanpoko leku-izenak euskaraz idazteko, tokian tokiko grafia normalizatua atxikitzea da irizpide nagusia, Nazio Batuen Erakundeak gomendatzen duen moduan. Irizpide orokor hori ia absolutua da urruneko leku-izenetarako (urruntasuna ez da geografiko hutsa, leku-izenaren garrantziaren araberako urruntasuna ulertu behar da), baina tradizioak ere badu garrantzia -maiz, euskaldunek leku horiekin izandako harremanen bidez finkatu da leku-izenen erabilera, gure inguruko hizkuntzen jokabidean ere ikusten den moduan.

Horregatik, Europako eskualde historiko-politikoen euskarazko grafia edo aldaera arautzeko orduan, kontuan hartu du Euskaltzaindiak, lehen-lehenik, euskarazko tradizioa. Duela gutxi arte euskarak ortografia baturik, edota gai hauetarako arauturik, izan ez duenez, maiz gertatzen da euskarazko tradizioan eskualde beraren grafia-aldaera bi edo gehiago agertzea. Hala ere, tradizio hori da lehen iturria.

Adibidez, Flandes idatzi zuten Mitxelenak, Mendiburuk eta Iztuetak; Flandres, berriz, Lapitzek eta Piarres Etxeberrik; eta Flandria ageri da Miranderen eta Txillardegiren idazkietan. 2000. urteaz geroztik argitaratutako lanetan ere ageri da batasunik eza. Adibidez, Flandria idatzi dute idazle askok; Flandes, berriz, beste batzuek. Eta Flandres ere idatzi da inoiz. Flandes ageri da Hegoaldean argitaratzen den Berria egunkarian; Flandria, aldiz, Iparraldean argitaratzen den Herria aldizkarian. Euskaraz argitaratu diren entziklopedietan ere ez dago erabateko batasunik.

Tradizioak behar beste argirik egiten ez duenean, kontuan hartu da gaur eguneko erabilera. Alde horretatik, ohargarria da 1990eko hamarkadan euskarazko entziklopediagintzak egindako urratsek, Euskaltzaindiaren araurik ezean, euskal gizarte alfabetatuan itzala izatea lortu dutela; alde horretatik, baliagarri gertatu dira batasun-oinarriak jartzeko. Haien bidetik abiatu zen Euskaldunon Egunkaria kazeta ere (gaur egun, Berria), baita ikus-entzunezko komunikabideek ere, eta ez dago zalantzarik komunikabideek ere garrantzi handia dutela leku-izenen estandarizazioan. Horiek guztiek bide bat adierazten dute tradizioak argi egiten ez duen kasu askotan.

Adibidez, nederlanderazko Antwerpen hiri eta probintziaren izena ez da oso erabilia izan euskarazko idatzizko tradizioan, ahoz erabiliko bazuten ere Bizkaiko eta Gipuzkoako itsas portuetakoek. Amberes eta Anveres idatzi zuen Jose Ignazio Aranak; Amberz Lapitzek; Anvers Oskillasok; Anberes Enbeitak eta Iztuetak. Gaur eguneko erabilerara joz gero, aldiz, batasuna hedatu samarra ikusten da: Anberes ageri da entziklopedietan, baita Berriaren estilo-liburuan ere. XXI. mende honetako literaturan ere, Anberes ageri da, adibidez, Piarres Xarriton, Andu Lertxundi, Koro Navarro, J.L. Olaizola "Txiliku", Unai Elorriaga edo Felipe Juaristiren lanetan.

Tradizioa eta egungo erabilera, biak hartu ditu kontuan Euskaltzaindiak araua lantzeko orduan. Zenbaitetan, hala eta guztiz ere, ez da nahi bezain argudio sendorik ageri arauaren balantza alde jakin batera makurrarazteko. Hala ere, kasu horiek, zorionez, bakanak dira.

Grekoari buruzko eranskina

Arauaren eranskin batean alfabeto grekoan idatzitako gaur egungo izenak gure alfabetoan jartzeko erabili beharreko trasliterazio sistema erantsi da. Antzinateko izen grekoak euskaraz emateko irizpideak 1999an eman zituen Euskaltzaindiak, 76. arauan. Horri jarraitu behar zaio, beraz, erabilera orokorrean, Greziako pertsona- eta leku-izen klasikoak euskaraz idazteko. Gaur eguneko izen grekoak, ordea, greko modernoari dagozkio, eta greko modernoa eta antzinako grekoa hizkuntza desberdinak dira. Greko modernoa erromanizatzeko, hau da, latindar alfabetora pasatzeko, sistema bat baino gehiago erabili da nazioartean. Alabaina, gaur egun, nazioartean adostasun handia lortu da: ELOT 743 sistema onartu dute Nazio Batuen Erakundeak, ISO erakundeak, Europar Batasuneko Argitalpen Zerbitzuak eta Estatu Batuetako toponimia-erakunde ofizialek ere.

Horiek horrela, komeni da euskara ere nazioarteko estandar horretara biltzea greko modernoaren izenetarako. Leku-izen klasikoetarako, ordea, 76. arauan zehazten diren irizpideak erabiliko dira. Horregatik, arauan, eranskin gisa, greko modernoaren nazioarteko erromanizazio-taula eta azalpen xeheak ematen dira.

Kanpoko leku-izenen araugintza

Aspaldi heldu zion Euskaltzaindiak kanpoko leku-izenen euskarazko grafia arautzeari. Geografia politikoari dagokionez, inguruan ditugunetatik hasi (32. eta 36. arauak) -Espainiako eta Frantziako probintziak, erkidegoak, departamenduak eta eskualdeak-, eta munduko estatuak arautu zituen gero (38. araua). Hiru arau horiek zuzendu eta eguneratu egin dira azken bi urteotan. Tartean, beste arau batzuk izan dira, hala nola Euskal Herri inguruko exonimoak (151. araua). Orain, Europako eskualde historiko-politiko nagusiak arautu dira, eta Exonomastika batzordea dagoeneko buru-belarri lanean ari da Europako hiri nagusien euskarazko izenen araugaia lantzen.


(JOSE LUIS LIZUNDIA eta ALFONTSO MUJIKA Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordeko burua eta idazkaria dira, hurrenez hurren)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus