Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Laka: "Hizkuntza burmuinean dago"

Laka: "Hizkuntza burmuinean dago"

2008-07-07 / 08:25 / Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)   HIZKUNTZA

Itziar Laka doktoreak EHUko Letren Fakultatean zuzentzen duen Gogo Elebiduna izeneko ikertzaile taldeak hizkuntzaren prozesamendu elebiduna aztertzen dihardu. Haien helburua da burmuinak hizkuntzak nola kudeatzen dituen ikustea eta hizkuntza horiek antzekoak diren ala ez axola duen aztertzea.

Hizkuntzaz nola jabetzen garen jakiteko eta elebitasuna hobeto ulertzeko, hizkuntzaren prozesamendua aztertzen du EHUko Letren Fakultateko Gogo Elebiduna deritzan ikerketa-taldeak. Irene de la Cruz, Saioa Gómez, Marijose Ezeizabarrena, Amaia Munarriz, Itziar Laka, Kepa Erdozia, Oxel Uribe-Etxebarria, Gorka Elorrieta, Andrzej Tarlowski, Gontzal Aldai, Pilar García-Mayo, Pilar Prieto, Junkal Rivero eta Adam Zawizewskik osatzen dute taldea.

Talde horretako zuzendari den Itziar Laka doktoreak azaldu duenez, "hizkuntza ez da hortik zehar dabilen zerbait; nahiz eta hura irudikatzeko moduak baditugun, hizkuntza burmuinean da". 2007ko urrian, elebitasunari buruzko BRAINGLOT proiektuari ekin zioten hainbat ikertzaile talderekin elkarlanean, Bartzelonako Unibertsitateko Nuria Sebastián doktorearen koordinaziopean. Ikertzaile talde horien guztien artean lortu nahi dena da hizkuntzalaritza eta neurozientziak uztartzea, eta horren baitan "guk hizkuntzalaritzatik gertuago dauden galderei erantzuten diegu: nola antolatzen dira bi hizkuntza burmuinean? Ba al dago eragin-trukerik bien artean? Axola al du hizkuntza horiek antzekoak diren ala ez? Edo noiz ikasten den bigarren hizkuntza?".

Hizkuntzaren jabekuntza

Hizkuntza bakar baten jabekuntzaren inguruan asko ikertu den arren, zientzialariek oinarrizko galderak egin behar dituzte oraindik jabekuntza elebidunaren inguruan: haurrak nola asmatzen du inguru elebidun batean dagoela? Zer zantzuz baliatzen da horretaz jabetzeko? Noiz gertatzen da hizkuntzen arteko diskriminazioa? "Lerro horretan abiatu berriak gara, eta haurrekin ikertzeak mantso joatea eskatzen du, aurreprestaketa-lana oso luzea baita", dio Lakak. Oraingoz, lau, bost eta sei urteko umeekin dihardute eta haien helburua da gero eta txikiagoekin lan egitea. Izan ere, EHUko irakasleak dioenez, "jaio aurretik hasten gara hizkuntzaz jabetzen; haur batek bere lehen hitzak esan arte itxarongo bagenu hizkuntzaren jabekuntza ikertzen hasteko, berandu ibiliko ginateke".

Gai konplexua bezain misteriotsua da jabekuntza elebiduna. Adibidez, "guretzat soinu berdina duten silabak aztertuko bagenitu soinu-frekuentziak neurtzen dituen makina batekin, ikusiko genuke ez direla berdin-berdinak; beraz, nola daki haurrak silaba bera entzuten ari dela? Zer da beretzat berdin eta desberdin?. Are gehiago, fonemaz jositako soinu jarraitu bat entzuten badu haurraren belarriak, nola egiten du jarraitutasun horretan hitzak bereizteko?". Galdera horiei metodologia esperimental baten bidez erantzun nahi die Gogo Elebiduna taldeak, eta, horretarako, material bereziak prestatzen ari dira fonologiaren inguruan egiten dituzten ikerketetan oinarrituta.

Hizkuntza-egiturak prozesatzeko moduak

"Ez dakigu elebidunek nola irudikatzen eta maneiatzen dituzten haien hizkuntzak. Prozesamenduaren alorrean ere, egoera elebakarra ezagutzen da ondoen; elebiduna askoz ezezagunagoa da", azaldu du Lakak. Hizkuntzaren egiturari dagokionez, hitz-ordena adibide ona da elebitasuna ikertzeko. "Euskarak hitz ordena librea du, baina badago hizkuntzalariok ordena neutrala edo kanonikoa deitzen dugun zerbait; alegia, burmuinari ahalegin gutxien eskatzen dion egitura", argitu du. Hizkuntza-tipologiako terminologia erabilita, euskara SOV (subject-object-verb) motakoa da, eta gaztelania, berriz, SVO motakoa. Gogo Elebiduna taldean erantzun nahi dituzten galderen artean, honako hauek ditugu: "Jaiotzetik gaztelaniaz hitz egiten dutenek eta bost urte bete ondoren euskara ikasi zutenek hitz-ordena bietako zein dute kanonikotzat haien prozesamenduan? Jaiotzetiko euskaldunen mekanismo berak erabiliko dituzte hitz-ordena prozesatzeko, ala desberdinak?".

Besteak beste, bi metodologia erabiltzen dituzte Gogo Elebiduna taldeko ikertzaileek hitz-ordenaren kontua argitzeko. Batak jokabidea aztertzen du eta besteak elektrofisiologia, hau da, garunean sortzen diren seinale elektrikoak. Azken teknika horri ERP (Evoked Response Potential) deritza. Jokabidezko metodologian, Letren Fakultateko Elebilab laborategiko ordenagailuen aurrean esertzen dituzte ikergaiak. Ordenagailu horiek, idatziz edo ahots baten bidez, egitura desberdineko esaldiak aurkezten dizkiete eta ikergaiak irakurtzen eta erantzuten ematen duen denbora neurtzen dute. “Adibidez, otsoak ardiak jan ditu esaldia prozesatzeko askoz denbora gutxiago behar du burmuinak ardiak otsoak jan ditu ulertzeko baino, nahiz eta biak diren gramatikalki zuzenak".

ERP teknika erabiltzen dute hitz-ordenaren prozesamendua ikertzeko. 60 elektrodo dituen txano bat janzten diete ikergaiei, burmuinak sortzen duen elektrizitatea neurtzeko. "Oso informazio baliotsua da guretzat, burmuinak egitura jakin batzuen aurrean egiten duen ahalegina zehazki neurtzea ahalbidetzen digulako", dio Lakak. Euskal Herrian ERP metodologia erabilita egindako lehenengo lana Gogo Elebiduna taldeko kide den Kepa Erdoziak aurkeztu zuen 2006an.

Hitz-ordenaren kontuaz gainera, hizkuntza jabekuntzaren adinak gogo elebidunean duen eragina aztertzen dihardute, besteak beste, fonologiari, hiztegiari eta gramatikari dagokionean. "Orain arte bagenekien jabekuntza-adinak fonologian eragiten duela, hizkuntza bat haurtzaroan ikasten dutenek azenturik ez dutelako, eta helduaroan ikasten dutenek, aldiz, azentua izan dezakete, edo ez", dio Lakak. Era berean, jakina da hizkuntza bateko hiztegia ikasterakoan jabekuntza-adinak ez duela zer ikusirik. "Gramatikari dagokionez, gure ikerlanak erakusten du ez dela osotasun bat balitz bezala ulertu behar; haren barruan fenomeno batzuek adin-efektuaren zantzuak erakutsiko dituzte, eta beste batzuek ez", gehitu du.

Kontrol elebiduna

EHUko taldearekin elkarlanean diharduten Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dutenez, gaitasun altuko elebidunak eta hizkuntza bietako batean gaitasun gutxiago duten elebidunak mekanismo desberdinez baliatzen dira hizkuntza batetik bestera aldatzeko. Bestalde, Bartzelonako taldearen arabera, bi hizkuntza kudeatu beharrak burmuina trebatu egiten du, eta trebakuntza horrek mantsotu egin dezake zahartzaroan gaitasun kognitibo batzuen murrizketa. "Katalana-gaztelania elebidunetan ikusitako efektu horiek euskara-gaztelania elebidunetan aztertzen ari gara, ikusteko ea hizkuntzen arteko distantziak axola duen", adierazi du Laka doktoreak. Izan ere, zientzialarientzat oso interesgarria da bi populazio elebidun aztertzea eta alderatzea hizkuntza bat partekatzen dutenean. Gainera, katalana eta gaztelania sintaktikoki oso antzekoak dira, eta gaztelania eta euskara, aldiz, oso desberdinak. Fonologiari dagokionez, ordea, alderantziz gertatzen da: gaztelania eta katalana desberdinagoak dira euskara eta gaztelania baino. Horri esker, ikertzaileek hobeto bereiz dezakete hizkuntzen arteko distantziak zer eragin duen elebidunaren gogoan.


Erantzun

 
Komparaketa sakonagoak
2008-07-10 / 12:35 / Erramun Gerrikagoitia

Agertzen da aipu hau lan hontan

“Adibidez, "otsoak ardiak jan ditu" esaldia prozesatzeko askoz denbora gutxiago behar du burmuinak "ardiak otsoak jan ditu" ulertzeko baino, nahiz eta biak diren gramatikalki zuzenak".

Ezen komparatzen du zein da errazago artean

== otsoak ardiak jan ditu eta == ardiak otsoak jan ditu

baina komparatzen ahal zuen -Lakak- ere nahi izan balu edo balute -taldekoek- beste bi esaldi hauek, berak erabiliko esaldia (lehenengoa) eta bigarrena (hobea izan ahal dena interpretativoki).

== “Adibidez, "otsoak ardiak jan ditu" esaldia prozesatzeko askoz denbora gutxiago behar du burmuinak "ardiak otsoak jan ditu" ulertzeko baino, nahiz eta biak diren gramatikalki zuzenak".

eta

== “Adibidez, askoz denbora gutxiago behar du burmuinak prozesatzeko "otsoak ardiak jan ditu" esaldia ezi ulertzeko "ardiak otsoak jan ditu", nahiz eta biak diren gramatikalki zuzenak".

Seguruenez askoz interesanteago dateke estudiatzea hau bigarren komparaketa hau. Seguruenez seguru.

Ikus (http://balbula.blogspot.com)

Patra, Grezia

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus