Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazara

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazara

2008-06-19 / 07:00 / Patxi Baztarrika Galparsoro   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Historia guztian inoiz baino jende gehiago dago gaur maila batean edo bestean euskaraz hitz egiteko gai dena. Eta funtzioetan ere inoiz ezagutu gabeko zabalera ari da irabazten euskara. Hori da, beste askoren artean, Eusko Jaurlaritzak atzo (2008-6-18) plazaratu zituen IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzek erakusten dutena.

Behar-beharrezko tresna

Behar-beharrezko tresna

Sailburuak azpimarratu duenez, azterketa soziolinguistikoak garrantzi handiko lanabesak dira indarberritu nahi den hizkuntza baten egoera eta bilakaeraren berri izan ahal izateko. Hala ere, ez dira eskuartean ditugun tresna bakarrak. Izan ere, guri dagokigunez, euskararen bilakaerari buruzko oinarrizko datuak eskaintzen dizkiguten tresna nagusietan, zentsua eta errolda binomioa litzateke lehena. EAEn nahiz Nafarroan egiten diren zentsuek zein erroldek biztanleria guztia hartzen dute aintzat, ez dute, alabaina, informazio bera biltzen, eta Iparraldean, ostera, ez da hizkuntzei buruzko galderarik egiten zentsuan. Horiek horrela, behar-beharrezkoa dugu euskararen lurraldean euskarak bizi duen errealitateri buruzko Inkesta Soziolinguistikoa arian-arian mamitzea.

Datu-bilketaren nondik norakoak

Inkestak euskararen lurraldeetako hamabost urtetik gorako biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.500.000 pertsona gutxi gorabehera). Beraz, ez ditu kontuan hartzen hamasei urtetik beherekoak. Adin-tarte hori pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Sexuaren eta adinaren arabera estratifikatu ohi da azterketa, eta, guztira, 7.200 inkesta egin dira. Informazioa jasotzeko, galdetegi egituratu eta itxi bat erabili da.

IV. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jasotzen ditu:

  • herritarren hizkuntza-gaitasuna
  • hizkuntzaren transmisioa
  • euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean, eremu formaletan, eta abar)
  • eta euskararekiko jarrera.

2006ko abenduan bukatutako datu bilketan oinarriturik eginiko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak lau liburukitan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) jaso eta aurkeztu ditugu.

Ondorio nagusiak

Inkesta soziolinguistikoa bost urterik behin burutzen dugun azterlana da; orain arte lau burutu ditugu. Beraz, bost urteko begiradatik haratago, hamabost urteko seriea baliatuko dut gaurkoan: batetik, bost urteko ikuspegia laburra gertatzen delako hizkuntza baten biziberritze kontuak zertan diren azaltzeko; bestetik, III. Inkestarekin alderatuta euskara indarberritzearen aldeko joera aldatu ez delako; azkenik, hamabost urteko ikuspegia izatea, euskararen bilakaeraren berri izateko eta euskararen erronkak azpimarratzeko aukera paregabea delako.

Natorren, bada, lehenbizi, datuen uholdea aurkeztu aurretik ondorio nagusiak laburbiltzera:

  1. Euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu bat indarberritzea posible da. Horretarako, hizkuntzak status egokia, hizkuntza politika eragingarria eta herritarren atxikimendua behar-beharrezkoak ditu.
  2. Euskal gizartearen hizkuntza ezaugarri nagusien artean badira bi euskara indarberritzeko prozesua urte luze eta hainbat belaunalditako prozesu bihurtzen dutenak: euskal hiztun elebakarrik ez izatea (ez dugu halakorik nahi) eta euskararen eta gaztelaniaren arteko distantzia linguistiko nabarmena. Prozesu luze horretan atzera-pausorik gabe aurrera egitea da garrantzitsua. Esan behar da, hamabost urteko ikuspegiarekin aztertuta euskarak indarberritzearen aldeko joera erakusten duela argi eta garbi.
  3. Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere.
  4. Hamasei urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena. 2006ko erroldako datuak noiz jaso zain gaude, baina bitartean 2001ekoei erreparatuz gero, gogoratu EAEko hiru biztanletik bat elebiduna dela eta 16 urtetik beherako % 66.
  5. Gizartea bizkor aldatzen ari da, zahartze prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua ikaragarri hazi da. Hainbeste hazi da, azken bi inkesten arteko bost urteko tartean hirukoiztu egin dela Nafarroan zein EAEn. Gaur egun, 100.000 etorkin daude erroldatuta EAEn.
  6. Hamabost urteko perspektiban euskararen indarberritzeak urrats sendoak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta motelagoak Nafarroan. Iparraldean, ostera, hiztun galera gertatzen ari da. Hala ere, galera joera apaltzen eta gazte belaunaldien ekarriaz aukera berriak sortzen ari dira.
  7. Eskolak asko egin du euskara indarberritzearen alde. Eskola behar-beharrezkoa da hizkuntza indarberritzeko, ez da nahikoa, ordea. Eskolak berak bakarrik ezin du euskara indarberritu.
  8. Urte batzuetako perspektibarekin aztertuta euskararen ezagutza orokortzeko erabakigarriak diren urratsak egiten ari gara. Horrekin, ostera, ezin konforma gaitezke. Izan ere, euskararen osasun egoeraren adierazgarri nagusia haren ERABILERA baita. Horregatik, etorkizuneko hizkuntza politikako jarraibideetan atentzioa eta kezka erabilera nonahi areagotzean jarri behar dugu.
  9. Euskararen erabilera ez da ezagutza beste hazten ari. Hori NORMALA da: hizkuntzaren erabileran hiztunen hizkuntza-gaitasunak, harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak direlako da normala hori. Hiztun asko berriak dira: 2006an EAEko 16-24 urte tarteko elebidunen % 55 dira euskaldunberriak, baina, 1991n elebidunen % 15 bakarrik ziren euskara lehen-hizkuntza zutenak. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi dira (elebidunak % 40 baino gutxiago dituzten hiruguneetan). Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki jarduten duten harreman-sare zabalak dituzte eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
  10. Ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabilera izaten ari den hazkundea (esate baterako, EAEn, 16-24 urteko tarteko gazteen artean % 24k erabiltzen du euskara gaztelania beste edo gehiago, 1991n % 12 baino ez ziren erabiltzen zutenak).
  11. Hala ere, esan behar da, gazteen arteko erabileraren hazkundea batez ere gertatu dela elebidunen kopurua nabarmen hazi delako.
  12. Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, erabilera ez da hazi. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute lehen elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. 16-24 urte tarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.
  13. Elebidunen kopuruak ez ezik elebidun hartzaileen kopuruak (hots, euskara ulertzeko gai izan arren, hitz egiteko gauza ez direnak) gora egin du nabarmen gure artean. Bada garaia elebidun hartzaileen ekarriaz gogoeta egiteko eta horien beharra errekonozitzeko.
  14. Euskararen aldeko jarrerak eta hura indarberritzearen aldeko borondatea areagotu egin da lurralde guztietan.
  15. Era berean, datuek erakusten dutenez, euskara indarberritzeak dituen muga pisuzkoenak gizartean bertan daude. Ondorio nagusiak adierazi ostean, gatozen datu nagusiak aurkeztera.

Datu nagusiak


Hizkuntza-gaitasuna

2006ko datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako biztanleen % 25,7 elebiduna da (1991n baino 3,4 puntu gehiago -% 22,3-), % 15,4 elebidun hartzailea eta % 58,9 erdaldun elebakarra.

Lurraldeka, EAEn 15 urtetik gorako elebidunak % 30,1 dira (1991n baino 6 puntu gehiago -% 24,1-), Iparraldean % 22,5 (1991n baino 11 puntu gutxiago -% 33,1-) eta Nafarroan % 11,1 (1991n baino 1,6 puntu gehiago -% 9,5-).

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hau da, hamasei urtetik gorako biztanleen artean 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

16 urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena. 2006ko erroldako datuak noiz jaso zain gaude, baina bitartean 2001ekoei erreparatuz gero, gogoratu EAEko hiru biztanletik bat elebiduna dela eta 16 urtetik beherako % 66. Iparraldean, aldiz, 65 urtetik gorakoen artean dago elebidunen ehunekorik handiena, eta adinak behera egin ahala behera egin du elebidunen ehunekoak. Halere, Iparraldeko gazteen artean joera-aldaketaren zantzuak gero eta argiagoak dira, eta 2006ko datuen arabera gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

Aldi berean, erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere. Erdaldun elebakarren beherakada eta elebidunen hazkundea are azpimarragarriagoa da kontuan hartzen baditugu azken urteotan gure gizarteak bizi dituen aldaketa soziodemografikoak. Batetik, euskal gizartea gero eta zaharragoa da. Jaiotze-tasa oso txikia da, beraz gazteen multzoak, gaur egun elebidun gehien biltzen dituenak hain zuzen ere, gero eta pisu gutxiago du gizarte osoarekiko. Aldi berean, azken 15 urteotan nabarmen hazi da etorkinen ehunekoa. EAEn % 5 izatera iritsi dira eta Nafarroan % 10 izatera. 100.000 etorkin ditugu erroldatuta EAEn. Iparraldean etorkinen eragina txikiagoa da, duela 15 urte ehunekoa gainerako bi lurraldeetan baino handiagoa baitzen.

Halere, esan daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik eta izango dira datozen urteotan. Halere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin du elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

Elebidunen multzoa asko aldatu da azken 15 urteotan. 1991n elebidun gehienak (% 79,3) euskaldun zaharrak ziren, hau da, etxean jaso zuten euskara. Euskaldun zaharrak, gainera, nagusi ziren adin-talde guztietan. 2006an, aldiz, euskaldun zaharrek nagusi izaten jarraitzen badute ere (% 57,9), gazteen artean irauli egin da egoera. Izan ere, 16-24 urte tarteko gazte elebidunen erdia baino gehiago (% 54,5) euskaldun berria da dagoeneko, hau da, eskolan edo euskaltegian ikasi du euskara. 1991n adin tarte horretako elebidunen % 15 besterik ez zenean euskaldunberria. Hor dago erabileran ondorio erabakigarriak eta askotarikoak dituen datua.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Gazteen arteko euskaldun berrien nagusitasuna argia da EAEn eta Nafarroan, eta eragin zuzena du euskara erabiltzeko erraztasunean nahiz zailtasunean. Izan ere, elebidunen artean, erdal elebidunek, hau da, erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnek osatzen dute multzorik handiena EAEn eta Nafarroan.


Hizkuntzaren familia bidezko transmisioa

Gaur egun, gurasoak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabat ziurtatuta dago EAEn eta Nafarroan, eta oraindik galerak daude Iparraldean.

Bikotekideen hizkuntza-gaitasunak erabat baldintzatzen du hizkuntzaren transmisioa:

a. EAEn eta Nafarroan, gurasoak elebidunak direnean seme-alaben % 98tik gora euskara jasotzen dute etxean. Iparraldean ere ehuneko hori handia den arren, beste bi lurraldeetan baino 10 puntu txikiagoa da.

b. Bikotekideetako batek euskaraz ez dakienean, aldiz, seme-alaben % 86k EAEn, % 71k Nafarroan eta % 44k Iparraldean euskara jaso dute etxean.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Hizkuntza-bilakaera, euskararen irabaziak eta galerak

Irabazien hazkundea eta galeren ia desagerpena gazteen artean antzematen da bereziki, baita, neurri apalagoan bada ere, Iparraldeko gazteen artean ere.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Lehen hizkuntza euskara edo euskara eta erdara izan duten gehienek (% 85etik gora EAEn eta % 75etik gora Nafarroan eta Iparraldean) euskara gorde dute eta elebidunak dira gaur egun.

Halere, badira euskara guztiz edo partez galdu dutenak (16 urte edo gehiagoko biztanleen % 3 inguru). Galera horren zati bat (erdia inguru EAEn eta Iparraldean, eta herena pasatxo Nafarroan) galera partziala izan da, hau da, pertsona horiek euskaraz ondo hitz egin ez arren, ondo ulertzeko gai dira.

Aldi berean, baina, lehen hizkuntza erdara izan arren, Euskal Herriko 15 urtetik gorako biztanleen artean, euskara ikasi eta gaur egun elebidun diren 200.987 pertsona daude, 1991n baino 129.285 lagun gehiago. Horiexek euskararen irabaziak dira, euskaldun berriak alegia.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskara irabazi dutenak, 178.000 lagun dira EAEn (1991n baino 118.700 gehiago), 19.000 Nafarroan (1991n baino 12.600 gehiago) eta 3.900 Iparraldean (1991n baino 1.900 lagun inguru gehiago). Irabaziak gazteen artean hazi dira batik bat.


Euskararen erabilera

Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,1ek euskara erabiltzen du neurri batean ala bestean:

a) % 15,3k euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du eguneroko jardunean.

b) Aldi berean, % 9,8k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.

Erabilerari buruzko emaitzetan alde handiak daude lurralde batetik bestera. Izan ere, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak, hau da, euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak % 18,6 dira EAEn, % 10,3 Iparraldean eta % 5,6 Nafarroan. Horietaz gain, euskara erabiltzen dutenak, baina erdara baino gutxiago, % 11 dira EAEn, % 12,3 Iparraldean eta % 4,1 Nafarroan.

Azken 15 urteotako bilakaera aztertuz gero, euskararen erabilerak gora egin du apurka-apurka EAEn, bere horretan dago Nafarroan eta behera egin du Iparraldean.

EAEn euskararen erabilerak izan duen igoera erabilera-eremu guztietan gertatu da oro har. Egia da, halere, igoera hori handiagoa izan dela eremu formalean, hau da, udalarekin, osasun-zerbitzuekin, bankuekin edo kutxekin eta dendetan egiten dugun erabileran, eremu informaletan baino, hau da, etxekoekin, lagunekin edo auzokoekin egiten duguna baino.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren eta gizartean oro har euskararen erabilera hazi den arren, elebidunen euskararen erabilera ez da hazi. Elebidunek ez dute gaur gehiago erabiltzen euskara. 16-24 urte tarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak

Euskararen erabilera sustatzearen alde daude 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 64,7 EAEn, % 41,2 Iparraldean eta % 37,7 Nafarroan.

Euskara sustatzearen ez alde ez aurka, biztanle-multzo esanguratsua dago: % 41,1 Iparraldean, % 28,1 Nafarroan eta % 24 EAEn.

Euskara sustatzearen aurka daudenak % 11,2 dira EAEn, % 17,6 Iparraldean eta herena (% 34,2) Nafarroan.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Euskararekiko jarrerak lotura handia du hizkuntza-gaitasunarekin. Izan ere, euskararen erabilera sustatzearen alde daude elebidunen % 85etik gora EAEn eta Nafarroan eta % 75 Iparraldean. Erdaldun elebakarren artean, euskararen erabilera sustatzearen kontra daudenak % 24,4 dira EAEn, % 46 Nafarroan eta % 26 Iparraldean.

Adinari dagokionez, 65 urtetik gorakoen artean euskararen erabilera sustatzearen alde daudenen ehunekoa handia da hiru lurraldeetan. EAEko eta Nafarroako gazteen artean ere oso altua da euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera. Iparraldean, aldiz, gazteenak dira aldeko ehunekorik txikiena dutenak.


Amaitzeko:

Datu horiek guztiak ikusita, interpretazio ugari egin daitezke eta egin behar dira. Nolanahi ere, historia guztian inoiz baino jende gehiago dago gaur maila batean edo bestean euskaraz hitz egiteko gai dena. Eta funtzioetan ere inoiz ezagutu gabeko zabalera ari da irabazten euskara. Batzuek nahiko luketena baino geldoago, eta beste batzuk nahiko luketen baino azkarrago, baina indarberritzen ari da euskara. Beste hitzetan esanda: zenbaitek aitortzen duena baino hobea da euskararen osasuna, baina, aldi berean, askok nahiko luketena baino ahulagoa da. Urteetako eta belaunaldiak behar dituen prozesua da hau, eta prozesu horretan ez goaz atzera, ez gaude geldi, aurrerantz goaz, nabarmen EAEn, aurrerantz baita ere Nafarroan eta espero dezagun Iparraldeko hodei ilunen ondoren azaltzen hasi diren argiuneak zabaltzea etorkizunean.

Izan ere, nabarmenak dira, hiru euskal lurraldeen arteko aldeak. Horrek argi erakusten du hizkuntza bati marko juridikoak edo lege babesak eman diezaiokeen bultzada. Edonola ere, EAEn lege babes osoa du euskarak, hemen ari da aurrerapauso handienak ematen, baina EAEko bilakaerak erakusten digu legeek bakarrik, ez eta hizkuntza politika eragingarriek bakarrik ere, ez dutela hizkuntza baten erabilera bermatzen.

Gizartearen atxikimendua da giltzarri nagusia, eta horrek gizarteak bere baitan dituen mugak oso kontuan hartzea eskatzen du. Izan ere, euskara erabiltzeko aukera berriak sortzea eta jadanik ditugunak sendotzea behar-beharrezkoa den bezala baita ere ezinbestekoa eta erabakigarria da jadanik dauden erabilera-aukerak herritarrek eguneroko jardunean baliatzea.

Etorkizunari itxaropenez begiratzeko motiboak erakusten dizkigu ikerkerta honek, baina, aldi berean, arreta berezia eta ekimen eraginkorrak garatzea eskatzen diguten hainbat aspektu ere begibistan jartzen dizkigu. Azken batean, egin dezakegun guztia egitearen esku dago euskararen etorkizuna, bizkar emanez egin daitekeena ez egiteari eta bizkar emanez egin ezin litekeena egiten saiatzeari.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)


Ildo bereko artikulua (irakurtzeko sakatu gainean)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus