Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Sagrario Aleman euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Etxalekun

Sagrario Aleman euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Etxalekun

2008-06-03 / 08:25 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Joan den 2008-5-31n egin zen Sagrario Aleman euskaltzainaren sarrera ekitaldia Etxalekun, Dorrotoa izeneko etxean. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta domina eman zizkion Alemani.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, "Sagrario Alemanek bermatzen ditu bere ekinean Euskaltzaindiarentzat ezinbestekoak direnak: bateko, euskararen aldetik, oinarri sendoa, betikoa, ekialdeko doinu erakargarria eta gogo irmoa, emakumearen ahots eta aldarte taxuzkoak moldatua eta besteko, euskara bera, gure nortasun- eta komunikazio-tresna izan dadin ahaleginean barruratua".

Besteak beste, euskaltzain berriak euskalgintzan duen eskarmentu luzea gogora ekarri zuen Urrutiak. "Askoz luzeagoa, hala ere -gaineratu zuen-, bere maisutasuna euskararen transmisioa bermatzen Nafarroan. Esan gabe doa, Sagrario Aleman bera eta beraren modukoak behar ditugula gure hizkuntzaren bizi-irautea bermatu nahi badugu".

Andres Urrutiak amaitu orduko, Andoni Sagarna eta Patxi Zabaleta euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Sagrario Aleman Berdetik horira izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko.

Bi ataletan banatu zuen Sagrario Alemanek sarrera-hitzaldia: batetik, hizkuntzaren transmisioan lotura zuzena dutenez aritu zen, bere bizitza zeharo markatu dutenak. Ume eta gaztetako oroitzapenekin hasita, Etxaleku sorterriaz mintzatu zen lehenik eta behin, Euskal Herriko beste hainbat gune euskaldunetan gertatu den eboluzioa azaldu nahian. Eta ondotik, helduen euskalduntzearen lanean bizi izandakoak bildu zituen.

Hala bada, euskararen biziberritzeak azken 40 urteotan izan dituen gorabeherak aipagai izan zituen, panorama gazi-gozoa irudikatuz, prozesu guztiek bezala, kasu honetan ere argi-itzalak daudelako.

Patxi Salaberriren erantzuna

Gauza askok lotzen ditu Patxi Salaberri, erantzuna emateaz arduratu zena, Sagrario Alemanekin, baita Etxaleku herriarekin ere. Biak ere lankide izanak dira Arturo Campion euskaltegian. Hori baino lehen, "euskara serio ikasten hasi nintzenean, Sagrarioren anaia, Jose Manuel, izan nuen irakasle, eta gero, hiru egunez, 1977 edo 1978an, hemen, Alemandarren Etxalekuko etxean ikastaro labur-trinkoa egiteko aukera izan nuen". Ez Sagrariok bakarrik, euskal eremuetatik Iruņeara joandako askok "ez dakite, oharkabean ere, zenbat lagundu didaten niri eta ni bezala euskara etxean jasoa ez zuten beste irakasleei, ikasleei ez ezik", zioen Salaberrik.

Bere esanetan, Sagrario Alemanek adierazia berretsiz, horretan datza euskararen benetako aberastasuna, "nire irudiz nafarrok euskara batuari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure herrietan hain ugaria den, hainbeste ņabardura dituen hiztegiarekin aberastea da batetik, eta erranaireen, esamoldeen munduan sartzen diren esaldi egin baina ez erabat finkatu horiekin osatzea bestetik".

Orain, Euskaltziandian berriro bat egin dutelarik, Salaberrik argi dauka Sagrario Alemanek lan faltarik ez duela izango Akademian: "Iruditzen zait Sagrarioren ekarpena, hiztegi batua apailatzean etxean ikasitako hitzak sartzea alegia, biziki garrantzizkoa dela euskararendako eta Nafarroarendako, irudi baitu Imotz alderdi hau, hein batez bederen, Iruņerriarekin edo Iruņerriaren iparraldeko zendea eta ibarrekin zegoela loturik hiztegiaren aldetik, eta, beraz, Imozko hitzei sarbidea ematea erdararen bulkadaren aitzinean lekuak hustu behar izan zituen hizkerari sarbidea ematea dela, neurri batean".

Eta Alemanen hitzaldiaren hariari jarraikiz, Patxi Salaberrik adierazi zuenaren arabera, "euskara helduei irakastea ere garrantzizkoa izan da azken hamarkadetan eta garrantzizkoa izanen da ondokoetan, eta seguru nago eremu honetan ere Sagrarioren lana ezinbestekoa izanen dela bi "akademietan", Euskaltzaindian eta Arturo Campionen, gure hizkuntza irakatsi eta sustatzeko zereginetan".

Hainbat opari

Ekitaldiaren amaieran, eta euskaltzainburuaren eskutik domina eta diploma jaso ondoren, honako opariak hartu zituen Sagrario Alemanek:

  • Imozko Udalaren izenean, MĒ Antonia Iribarren, alkate andreak Mikel Okiņena etxalekuarraren eskultura bat eskaini zion.
  • Jose Maria Facenda, Etxalekuko kontzejuburuaren eskutik, 7 begi dituen makila hartu zuen. - Lagunen izenean Pedro Aleman aitaren jaioterriaren puxkatto bat izan nahi duen oroigarria: Amairko paisajea erakusten duen koadroa.
  • Etxalekuko elkartearen izenean Gartzen Belokik saski bat oparitu zion.
  • Arturo Kanpion euskaltegiak ere poema bat irakurri zion, Joseba Sarrionandiarena.
  • San Fermin taldeko kantariek bi kanta abestu zizkioten:
    • Goizean...
    • Eukal Herria
  • Musikariek (bibolina Erkuden Flores; Flauta Itiar Flores eta gitarra elektrikoa Iņigo Goikoetxea) Nafarroa arragoa jo eta kantatu zuten.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus