Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara-gaitasun tituluen konbalidaziorako dekretua aurkeztu dute

Euskara-gaitasun tituluen konbalidaziorako dekretua aurkeztu dute

2008-04-10 / 08:30 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskararen gaitasun egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetuko dituen eta Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Dekretua aurkeztu zuten atzo (2008-4-9) Bilbon. HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Hezkuntza Sailak emandako agiriak Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu dekretu horrek, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz.

Atzoko aurkezpenean Miren Azkarate Kultura sailburua, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Joseba Erkizia HABEren zuzendari nagusia, Jon Urrutia IVAPen zuzendaria, Joseba Lozano Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri-Administrazioetako zuzendaria, Juanjo Agirrezabala Hezkuntza Saileko zuzendaria, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendaria eta Juan Maria Barasorda Herrizaingo Saileko zuzendaria elkarrekin agertu ziren komunikabideen aurrean.

Kultura sailburuak aurkeztuta, herenegun (2008-4-8) Gobernu Batzordeak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko Dekretua onartu zuen. Euskarazko egiaztagiri guztiak elkarrekin baliokidetzen dituen dekretu honek eragin zuzena du orain arte egiaztapen-sistema guztietan agiria duten milaka herritarrengan eta hemendik aurrera euskara tituluren bat eskuratzeko bidean izan daitezkeenengan.

Dekretu honen helburua, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatzea, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzea da. Euskararen egiaztagirien arteko baliokidetzak beraien artean eta hauek Europako Erreferentzia Markoarekiko ezarri dira. Dekretuak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Marko Bateratuaren B-1, B-2, C-1 eta C-2 mailekin parekatzen ditu HAEE-IVAP-ek, HABEk, Osakidetzak, Ertzaintzak eta Hezkuntza Sailak emandako agiriak, bakoitzaren baliokidetzak ezarriz. Halaber, gainerako euskara egiaztagiriak (Irakasleen 1. eta 2. Hizkuntza-Eskakizunak, Hezkuntza Langileen Euskara Agiria eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko tituluak) sei hilabeteko epean baliokidetzea eta koadro bakarrera biltzea aurreikusten du Dekretuak.

Patxi Baztarrika sailburuordeak atzo azaldu zuenez, "sektore askoren eta milaka eta milaka herritarren eskaera betetzen du" dekretu honek. Zuzen-zuzenean bi herritar motarentzako onurak ekarriko ditu dekretuak:

  • A) alde batetik, noizbait euskara tituluren bat atera duten milaka eta milaka herritarrentzat . Guztira 140.448 dira egiaztapen-sistema guztietan emanak dauden agiriak .
  • B) beste alde batetik, zuzenean onurak ekarriko dizkie, baita ere, oraintxe bertan euskara tituluren bat eskuratzeko ikasten ari direnei. Gogoan izan dezagun, adibidez, 2007-2008 ikasturtean HABEk homologatutako 109 euskaltegien sarean ia 40.000 ikasle ari direla euskara ikasten edo hobetzen: 40.000 horientzat guztientzat da oso berri ona gaurkoa.

HABEren egiaztagiriek balio ofizial osoa

Sailburuordeak azpimarratu zuen aurten 25 urte betetzen direla HABE sortu zela. "HABE da helduen euskalduntze-alfabetatzea arautzen eta zuzentzen duen erakundea, bera da helduen euskalduntzeko kurrikuluma zehazten duena, bera da euskaltegiak homologatzen dituena. Halere -gaineratu zuen-, HABEk emandako euskara gaitasun egiaztagiriek ez zuten orain arte administrazio publikoetarako balio ofizialik, HABEren titulua eduki arren beharrezkoa zen administrazioetako hizkuntza eskakizunen gaineko azterketa egin eta gainditzea", esplikatuz atzo aurkezturiko dekretuari esker hori ez dela horrela izango; zeren eta euskaltegietako ikasketen harian HABEk emandako lau mailetako egiaztagiriek "balio ofizial osoa izango dute lehen aldiz. Eta HABEren egiaztagiri horiek, IVAPek, Osakidetzak eta Ertzaintzak emandako hizkuntza eskakizunen egiaztagiriak eta Hezkuntza sailak emandako EGA titulua, guztiak Egiaztapen Sistema Bateratu batean sartu dira eta homologazioak definitu dira".

Gobernu Kontseiluak, Hazienda eta Administrazio Publikoko sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamena onartuz, homologazio prozesu hau martxan jartzea erabaki zuen duela ia bi urte. Batzorde bat ere eratu zuen: Hizkuntza Politikarako sailburuordea buru edo presidente izan duen batzorde honetan parte hartu dute Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, HABEk, IVAPek eta Hezkuntza sailak, eta lan hauetan parte hartu dute, halaber, Osakidetzak eta Barne Sailak.

"Konpromisoa" betez

Hizkuntza politikarako arduradun den aldetik, Baztarrikak nabarmendu zuen "urrats kualitatibo garrantzitsua" dakarrela dekretuak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legegintzaldi honetarako hartu zituen konpromisoen artean bat etorriz. Helburu programatiko hura Hizkuntza Politika aurrera begira. 2005-2009 liburuan jasoa dago eta honela dio hitzez hitz: "Alor eta esparru desberdinetan (Administrazio Orokorra, Hezkuntza, Osakidetza, ...) indarrean diren gaitasun-mailen arteko baliokidetze orokorra egitea, batean zein bestean pasatutako azterketa eta ebaluaketak errepikatu beharrik ez izateko".

Beraz, gaineratu zuen Baztarrikak, "bete dugu helburua, bete dugu hartutako konpromisoa". "Gaurtik aurrera -gaineratu zuen- euskarazko egiaztagiri guztien artean baliokidetzak izango ditugu. Arazo ugari konpontzeko balioko du horrek. Euskarazko egiaztagiri ezberdinak sortu eta garatu dira orain arte. Baina, esan bezala, orain arte ez da egon agiri guztiak batera bilduko eta elkarrekin baliokidetuko zituen araurik".

Sailburuordeak adierazi zuen egoera horren ondorioz "hainbat zalantza eta egoera paradoxiko" gertatu ohi dela euskara gaitasuna egiaztatzeari dagokionez, batzuetan egiaztagiri bat "eskuratzera behartu ere egin baita" hainbat herritar, gaitasun maila bereko beste agiri bat izanda ere edo, are okerrago oraindik, "gaitasun maila altuagokoa izanda ere".

Onuradun asko

Dekretuaren onuradunak asko izango dira. Adibidez, esan zuen sailburuordeak, herenegun bertan ireki zen HABEren aurtengo lehen deialdiko azterketetarako matrikulazio epea: 10.000 ikasletik gora aurkeztea aurreikusten dute euskaltegiek. EGA azterketa egiteko prozesuan ere une hauetan milaka batzuk ari dira. Bestalde, han-hemen administrazio organo desberdinetan zabalik daude lanpostuak betetzeko hainbat deialdi, eta horietan guztietan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egin ohi dira. Halaber, aipatu zuen Osakidetzaren iazko Lan Eskaintzan 24.400 herritarrek egin zutela Osakidetzaren hizkuntza-eskakizuna eskuratzeko eskaera. Euskaltegietan matrikulaturikoak ia 40.000 ikasle dira une honetan.

Atzeraeragina izango du

"Dekretu honen eragin onuragarria izango duten lehenak, beraz, euskara ikasten ari diren eta euskara egiaztatu nahi edo behar duten herritar horiek dira -esan zuen Baztarrikak-. Baina ez horiek bakarrik. Bada kontu bat oso garrantzitsua, milaka herritarrentzako oso onuragarri izango dena: atzeraeragina izango du dekretuak. Beraz, aurreko urteetan euskara agiriren bat eskuratua duten milaka eta milaka herritar horiek ere probetxu askoz zabalagoa atera ahal izango diote lortua duten tituluari".

Egiaztagirien banaketa koadroa:

AgiriaAgiridunak guztiraHasitako urtea
EGA - HEZKUNTZA SAILA81.8221982
HAEE-IVAP40.5851987
HABE8.9502004
OSAKIDETZA6.8962004
ERTZAINTZA2.1951998
Guztira140.448

Zorroztasun tekniko handiz

Sailburuordeak azpimarratu zuen euskarako egiaztagiri guztien baliokidetza ez dela "nola edo hala egin, gainera. Zorroztasun tekniko handiz jokatu da konbalidazio taula zehazteko lanetan. Egiaztagiri sistemak ez dira elkarren artean zuzenean alderatu, baizik eta Hizkuntzen Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaketarako Europako Erreferentzia Markoak ezartzen dituen mailekin parekatu da haietako bakoitza, banan-banan. Europako Erreferentzia Markoa izan dugu, beraz, oinarri eta biderakusle. Hau da, homologazioa aurkitu da Europako irizpideekin ".

Konbalidazio taulara iristeko beharrezkoa zen oinarri zientifiko eta zehatzaz jardutea. Horregatik, prozesu hau dena gidatu duen adituen talde bat osatu zen. Hiru adituak hauek izan dira:

  • Neus Figueras. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Kataluniako Hizkuntza Eskola Ofizialen egiaztatze-proben arduraduna eta katalanaren egiaztagirien konbalidazio markoaren arduradunetarikoa.
  • Iņaki Pikabea. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzaren didaktikan aditua.
  • Jose Francisco Lukas. Hezkuntza Zientzietako doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzaren didaktikan aditua.

Aditu taldeak erabili duen prozedura izan da Europako Kontseiluak gomendatzen duena, hain zuzen ere Hizkuntza-azterketak Europako Markoarekin uztartzeko Eskuliburua-n jasotzen dena.

Horrela, egiaztapen sistema bakoitzeko dokumentu eta material ugari aztertu dituzte. Besteak beste, azterketen diseinua eta deskribapen orokorra, probak egiteko eta kudeatzeko sistema, zuzenketa eta puntuazioa, datuen analisia eta ondoren berrikusteko prozedura ikertu dituzte 45 parametroren bitartez.

Azterlan horren barruan, halaber, egiaztapen sistema bakoitzeko azterketen lagin errealak baloratu dituzte, Europako Markoarekin alderatuta. Lan hori egiteko 30 epaileren lankidetza izan dute: 30 epaile horiek ebaluaketan eta azterketen zuzenketan aritutako irakasleak ziren. Guztira 125 azterketa-lagin erreal aztertu eta konparatu dituzte. Ondorioz, egiaztapen-sistema desberdinen maila bakoitza Europako Markoarekin elkatu dute, "horrek dituen abantaila guztiekin: nazioarteko estandarretan oinarritua egotea, gerora sor daitekeen edozein egiaztagiri marko bateratu honetara biltzeko erraztasuna, eta abar", erantsi zuen Hizkuntza Politikarako buruak.

Hauek dira dekretuak ontzat eman dituen baliokidetzak :

Europako Erreferentzia MarkoaIVAPHABEOSAKIDETZAERTZAINTZAHEZKUNTZA SAILA
B11. HE1. maila1. HE

B22. HE2. maila2. HE1. HE
C13. HE3. maila3. HE2. HEEGA
C24. HE4. maila4. HE

Taulan ageri ez diren gainerako euskara egiaztagiriak (Irakasleen 1. eta 2. Hizkuntza-Eskakizunak, Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako tituluak) Hezkuntza Sailak kudeatzen dituenak dira, eta dekretuan ezarrita geratu da sei hilabeteko epean konbalidazio koadro bakar honetara bilduko direla egiaztagiri horiek ere. Sailburuordeak atzo aurreratu zuen adituen taldeak jadanik "zehaztu" duela egiaztagiri horiei dagokien proposamena ere.

Azkenik, dekretuak aurreikusten du, baita ere, egiaztagirien baliokidetze marko bateratuaren Jarraipen Batzordea eratzea inplikatutako sail guztien artean. Horren helburua izango da egiaztapen sistema guztiak aurrerantzean ere Europako Erreferentzia Markora egokituta mantentzea eta sailen artean koordinazio tekniko egokiarekin jokatzea.

Apirilak 16, dekretua indarrean

Datorren 2008ko apirilaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean egongo da indarrean dekretua.

Baztarrikak amaitu zuen esanez "gure helburua euskararen erabilera bultzatzea" dela. "Ez dugu xede bihurtu nahi azterketak egitea edo tituluak lortzea. Ez dugu nahi jendeak euskara batez ere identifikatzea azterketa orok sortu ohi duen deserosotasunarekin; horregatik, egiaztagiriak eskuratzeko azterketak eta prozesuak sinpletu ditugu. Gure obligazioa da bidea leuntzea, ahalik eta herritar gehienek euskara gustura eta eroso erabil dezaten eguneroko bizimoduan". Alde horretatik gehitu zuen Dekretu hau "urrats handia" dela horretarako.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus