Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bikain ziurtagiria eskuratzeko eskabide epea zabalik

Bikain ziurtagiria eskuratzeko eskabide epea zabalik

2008-03-07 / 00:00 / Eusko Jaurlaritza - HPS   ENPRESA

Enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan euskararen etengabeko normalizazioa ebaluatu eta egiaztatuko duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko prozedura abian da. Jaurlaritzak dagokion Agindua onartu ostean, eskabideak aurkezteko epea ere zabaldu da: 2008ko martxoaren 6tik 31raino luzatuko da.

Euskararen Kalitate Ziurtagiri publiko, ofizial eta doako honen prozedura ezartzen duen Agindua joan den asteartean (2008-3-4) onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak. Prozedura gizartearen aurrean aurkeztearekin batera eskabideak egiteko epea ere zabaltzen da, atzo (martxoak 6) hasi eta martxoaren 31 arte hain zuzen. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskalit erakundearen artean sinatutako hitzarmenari esker, Bikain ziurtagiriaren kudeaketaz Euskalit arduratuko da.

Herenegun (2008-3-5) eman zuten guzti honen berri prentsaurrekoan Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Txema Gisasola, Euskaliteko presidenteak; eta Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendariak.

Patxi Baztarrikak adierazi du Bikain Ziurtagiri "ofizial, publiko eta doakoa" dela, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duena, eta enpresa zein erakundean "euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen" duena.

Hiru maila, hiru kolore

Ebaluazio sistema 2007. urtean landu eta testeatu zen proiektu pilotuan parte hartu zuten bederatzi enpresa hauen laguntzarekin: Eika, ELAY, Elkargi, Eroski, Euskaltel, CEGASA, Fundación Matia, Goiena, eta Makina Erremintaren Institutua.

Lan honetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera Artezkaritza Kontseiluan diren Euskalit Elkargoa, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiak, EUDEL, eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresari elkarteak izan dira; hauekin batera, baita Ziurtagiriaren Kudeaketa Batzorde Eragileko partaide den Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa ere.

Euskaliteko presidentea den Txema Gisasolak adierazi duenez kanpoko talde ebaluatzaile batek erakundea "ebaluatuko du", ideia zehatzak, praktika onak eta erakundeak euskararen kudeaketan dituen "indar-guneak eta hobetzeko izan ditzakeenak identifikatuz".

Hiru maila eta hiru kolore ditu Bikain ziurtagiriak, maila bakoitzeko bat: beltza, zilarra eta urrea. Egiaztapenaren hiru mailak ebaluazioan aitortutako euskararen erabilera eta presentziaren neurrikoak izango dira, baita entitateak hartutako hizkuntza-irizpideen errotze- eta garapen-mailaren araberakoak ere.

Ebaluatzaileen Kluba

Bikain ebaluazioa egiteko Ebaluatzaileen Kluba sortu da. Ebaluatzaile hauek berariazko prestakuntza-saioa egina izango dute, Euskaliten eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik, eta jatorriz hauetako batekoa izan beharko dute:

  • Enpresetako koordinatzaileak/ordezkariak
  • Euskaliten Ebaluatzaile Klubeko kideak
  • Enpresetako euskara-planen teknikariak
  • Euskara-teknikariak

Ebaluatzaile-Klubaren xedea, lan-jatorri askotariko kideez osaturiko klub zabal bat eratzea da. Izan ere, ebaluatzaile izatearen azken helburua euskararen erabileraren aldeko praktika onak konpartitu eta zabaltzea da, lan-sare bat sortuz. Gauzak horrela, ebaluazio-taldeak gehienetan, lan-jatorri eta ibilbide desberdinetakoak izango dira.

Eskabideak internetez

Atzotik aurrera eta martxoaren 31ra arte ebaluatua izan nahi duen erakundeak eskabidea bete beharko du, bai eta Ebaluatzaileen Klubean parte hartzeko interesa daukanak ere. Eskaerak http://www.euskalit.net/bikain webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Patxi Baztarrikaren arabera, "baikorrak izateko arrazoiak badira". Izan ere, egindako ahaleginak "bere emaitzak erakusten hasi dira eta bide horretan Bikain Euskararen Kalitate-Ziurtagiria oso pauso garrantzitsua izango da euskara ez ezik enpresak ere indartzeko".


Ildo bereko artikulua (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus