Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskaraz? Pozik gainera!

Euskaraz? Pozik gainera!

2008-03-10 / 07:00 / Aritz Urien Egia   BESTELAKOAK

Hainbat dendari elkartu dira Legazpi, Zumarraga eta Urretxun Mintzalaguna ekimenaren bidez euren artean euskararen erabilera sustatzeko. Proiektuaren helburua beldurrak eta lotsak gainditu, eta euskaraz egiteko konfiantza hartzea da.

Lehendik ere Mintzalaguna abian zuten hiru herriotan, baina dendariei zuzenean eskaintza egitea erabaki dute oraingoan. Urola Garaia Udal Elkartearen eskutik inplementatzen ari dira merkataritzan euskara sustatzeko plana. Ildo horretatik, iaz bultzatu zituzten estreinakoz erabilera taldeak eta aurten ere dendari berriak hasi dira ekimen horretan; hala ere oraindik asko ziren euskara sustatzeko planean zuzenean parte hartzeko zailtasunak zituztenak, ohitura edota ezagutza faltak baldintzatuta.

Dendariak dendarien gidari

Iazko taldeetako dendariak prest agertu ziren beste dendarien gidari gisa aritzeko eta beraien eskaintza ezinbestekoa izan da dendarien arteko Mintzalagunak aurrera egiteko. Ondorioz, Mintzalagun saioak antolatzea posible izan da eta otsailean bertan hasi dira dendariak hirunaka edo launaka elkartzen, hain zuzen ere, udaletako EBPN garatzeko teknikarien koordinazioari esker.

Oraingoz otsaila eta maiatza bitartean arituko dira jardunean ekimen horrekin, esperientzia pilotu gisa hartu baitute. Hiru herrietan guztira 22 dendari arituko dira epe horretan.

Beste ekimen batzuk

Urola Garaiko merkataritza guneetan aurten aurreikusita dauzkaten ekintzetako bat baino ez da dendarien arteko Mintzalagunarena. Esan bezala, martxan daude jadanik erabilera taldeak eta Mintzalaguna. Horiez gain, sektorekako hiztegiak ere txukundu eta berritu dira (Otamotz.com eta Zingizango.com web orrietan ikusgai) eta aurki bestelako foro berriak sustatuko dituzte, beti ere merkatariekin eta merkatari elkarteekin elkarlanean eta Urola Garaiko Udal Elkarteak kontratatutako EMUN Koop. Elkartearen aholkularitzapean.


(ARITZ URIEN EGIA Urola Garaiko Merkataritza Euskaraz planeko teknikari taldeko kidea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus