Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Piarres Lafitteri eskainitako liburua plazaratu dute

Piarres Lafitteri eskainitako liburua plazaratu dute

2008-03-03 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944). Kultura jasoko euskaltzaleen sarearen baitan liburua aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Amelia Hernándezen doktorego tesian oinarrituta.

Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, aurkeztu zuten lan berria 2008-2-21ean Andres Urrutia euskaltzainburuak, Ludger Mees, EHUko Euskara errektoreordeak, eta Amelia Hernández Mata egileak. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 20. zenbakia da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Lafitte, zehatz-mehatz

Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburua Amelia Hernándezen doktorego tesia da eta Joseba Agirreazkuenaga eta Javier Díaz Nociren zuzendaritzapean burutua da. Izenburuak adierazi bezala, Piarres Lafitte idazle lapurtarraren figura eta lana aztertzen ditu zehatz-mehatz. Lehenbiziz, testuinguru historikoan kokatzen gaitu egileak. Honela dio Amelia Hernándezek: "Lafitte pentsalariaren aro entzutetsuaren aurretiko urteak ekintza intelektualez josirik baino ezin dira egon; pentsalari, intelektual eta zientifikoez inguraturik baino ezin dira egon, ekintzok burutu ahal izateko. Izan ere, intelektual baten emaitzak emankorrak izanez joango dira besteekiko ez adostasunek eta eztabaidek eraginda, iritziok pentsalari horren pentsamoldea landuaraziko baitute. Erakusle gisa, Piarres Lafitteri buruzko gure lan hau, non jende ikasia baino ez zaigun agertuko irakaslearen sarekideen artean".

Kultura jasoko sare baten aurrean gaude, Hernándezen aburuz, "maila intelektual handiko kideek osatu zuten aztertu nahi dugun Lafitteren lagunartea, 1920tik 1944ra bitartekoa".

Horren karietatik, hainbat datu ematen ditu ikerleak:

  • Piarres Lafitte eta lagunkideen intelektualtasunaren iturri nagusia Eliza izan zen.
  • Apaiz irakasle gehienek XIX. mendeko Elizaren ikusmoldeaz hezten zituzten gazteak.
  • XIX. mendearen lehenengo hamarkadetan apaiz euskaldun guztiak ez ziren liberalismoaren berrikuntzen kontra.
  • 1875ean, III. Errepublika aldarrikatzen da Frantzian. Bestalde, Elizak protestantismoari aurre egin behar dio. "Horiek biek bultzaturik -dio Hernándezek- Elizaren buruek beharrezko ikusi zuten apaizgaiak prestakuntza intelektualaz hornitzea. Apaizgaiak kulturizatzeko erabaki hori aurrerapauso handia eta erabakigarria izan zen euskal kulturarako ordutik aurrera kultura jasoko irakaskuntza-gune izan baitzuten euskaldunek, Elizaren pean garatu bazen ere".
  • Hainbat arrazoi zirela medio, XIX. mendearen amaieran ugarituz joan ziren integrismo katolikotik urruntzearen frogak. Beste horrenbeste -areagotuta, gainera- gertatu zen XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan.
  • Piarres Lafitte katolizismoaren ikuspegi totalitariotik urrundu zenetariko adibide argia dugu.

Testuinguru orokorra hau izanik, Amelia Hernándezek hainbat ikuspuntutatik aztertu du Lafitten figura. Hala, bada, Piarres Lafitteren sare intelektualaren kideen berri emateko datu basea sortu du. "Lan honetan -dio tesiaren egileak- saiatu izan gara taldeko harremanak ezagutzen, euren ezaugarriak aztertu eta, garaiko giro sozio-politikoa kontuan harturik, Piarres Lafitteren 1920tik 1944ra bitarteko garaiaren egoera kulturalaren berri izatea".

Aipatu datu basea osatzeko, sei elkarte kultural aztertu ditu: Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Eskualzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Gure Herria elkartea eta Euskal Museoa. Gutunak ere irakurri ditu Hernándezek, eta Lafitteren garaikideei elkarrizketak egin dizkie ere. Horrek guztiak erakusten du "1920tik 1944ra bitartean sare kultural mamitsua osatu zela Iparraldeko euskal eremu kulturalean eta Piarres Lafitte sare horren partaide esanguratsua izan zela".

Amelia Hernández Mata

Amelia Hernández Mata Bilbon jaio zen, 1964an. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatearen "La formación del mundo contemporáneo" izeneko doktorego programan parte hartu eta Eusko Ikaskuntzaren Ahozko Historia sailaren "Euskaltzaleak eta Espainiako Gerra" izeneko proiekturako beka lortu zuen.

Hauek dira argitaratu dituen lanak:

  • "Bigarren Aintzina", Uztaro, 15. zkia., 1995, 37-53 orr.
  • "Piarres Lafitte Aintzinan", Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura, 15. zkia., 1997, 31-60 orr.
  • "Piarres Lafitte bere eskutitzen bitartez. Euskaltasuna Iparraldean pizteko saiakera bat", Oihenart. Cuadernos de Lengua y Literatura, 2000, 63-78. orr.
  • "Euskalduna eta Piarres Lafitte", Lapurdum, VI. zkia., 2001, 195-202 orr.
  • "Iparraldeko elkarte kulturalak 1920. eta 1030. hamarkadetan", Euskonews&Media
  • Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944), Euskal Herriko Unibertsitatea-Euskaltzaindia, Iker bilduma, 2007

Piarres Lafitte

Piarres Lafitte Luhuson jaio zen, 1901ean eta Baionan hil, 1985ean. 1924an apaiztu zen. Euskal Literatura eta Letrak ikasi zituen, baita Zuzenbidea ere. Lizentziatura Tolosan lortu zuen.

Lafittek berak aitortzen zuenez, Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Eskualduna, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne, La Presse, eta La Liberté de Sud-Ouest aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak.

1934an Aintzina izeneko hilabetekaria sortu zuen eta 1944an Herria aldizkaria, Telesforo Monzon eta Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Ohorezko kalonje Baionako katedralean (1961), eta Doctor Honoris Causa Euskal Herriko Unibertsitatean (1982). 1983an Euskaltzaindiak Lafitteren omenezko liburu bat kaleratu zuen 50 bat ikertzaileren lanez osatua.

Alor asko ukitu zituen Lafittek bere idazlanetan, besteak beste gramatika eta hiztegiak, olerkia, ipuinak, antzerkia edota saiakera. Bere Grammaire basque oinarrizko gramatika-liburua da, askoren ustetan.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus