Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  The Wall Street Journal-i zuzenketa eske

The Wall Street Journal-i zuzenketa eske

2007-11-21 / 07:00 / erabili.com   BESTELAKOAK

Irakasleak, ikerlariak, idazleak, bertsolariak... Arlo eta esparru profesional askotariko 180 lagunen sinaduraz hornituriko idatzia helarazi berri diote The Wall Street Journal egunkariari, Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera? artikuluan argitaratutakoa gaitzetsi, bertan agertzen diren hainbat baieztapen gezurtatu eta egunkariari zuzenketa eske.

Keith Johnson kazetariak sinatuta, 2007-11-6an argitaratu zuen AEBetako egunkari ezagunak euskaldunen artean hautsak harrotu zituen artikulua. Haserrea eta erantzun soka luzea eragin zituen besteak beste euskara "hizkuntza zaharkitua" zela zioen idazlan hark. AEBetako edizioaren azalean argitaratu zuen erreportaia The Wall Street Journalek. Orain, 180 profesionalek sinatuta prestatu den erantzuna ere, edo beste modu bateko zuzenketa, leku berean argitaratzeko eskaera luzatu diote ingelesezko agerkariari.

"Sasi-informazioa" eta "zehaztasunik eza"

Ia lau orrialde oso hartzen ditu Keith Johnsonek idatziriko artikuluari kontra egin eta zuzenketak eginez prestaturiko idazlanak. The Basque Language among other world wide endangered languages (Euskara munduan arriskuan dauden beste hizkuntzen artean) izenburua jarri diote erantzun-zuzenketa idatziari. Johnsonek bere artikuluan txertaturiko hainbat baieztapen eta datu zuzendu eta zehazteaz gain, besteak beste, Espainiako Konstituzioak gaztelania ezagutu beharraz eta euskara ezagutzeko eskubideaz dioena ere argitzen dute, eta EAEko arlo publikoko lanpostuetarako indarrean dagoen hizkuntza eskakizun sistema ere bai, gaztelaniaren ustezko bazterketa zertan den argituz.

Joan den azaroaren 6an argitaratutako artikuluko hainbat eta hainbat pasarteren funts eza agerian utzi nahi izan dute The Wall Street Journal-i zuzenketa eske zuzendu zaizkion sinatzaile guztiek. Sinatzaileentzat, artikuluan "sasi-informazioa" eta "zehaztasunik eza" nagusitzen dira eta hori zuzentzea eskatzen diote The Wall Street Journal-i, "bere irakurleei zein munduko gutxiengoei zor dien errespetuagatik".

Eskaera hori erantzun artikuluaren aurrekari gisa New Yorkeko egunkarira bidalitako gutun batean zehazten dute sinatzaileek. Bertan azaltzen dute "zortzi herrialdetako hogei instituzio, komunikabide eta unibertsitatetako ordezkari diren 180 profesionalek" sinatzen dutela erantzuna eta zuzenketa eskea. Sinatzaileen arteko izen bakarra aipatzen dute gutunean, 1967tik 2003ra Idahoko Estatu Idazkari izan zen Pete T. Cenarrusarena, hain zuzen.

Sinatzaileak

Sinatzaileen artean izen ezagunak ageri dira, ordea, aipaturiko Cenarrusarekin batera. Unibertsitate eta ikerketa munduko izenak gailentzen dira guztien gainetik, eta hor ageri dira Euskal Herriko, Valentziako, Madrilgo, Argentinako, Kaliforniako, Mexikoko, Boiseko edo Venezuelako unibertsitateetako arlo desberdinetako irakasleak.

Sinatzaile guztien zerrenda, erantzun osoarekin eta zuzenketa eskea jasotzen duen gutunarekin batera, HEMEN ikus dezakezue. Joan den igandean, 2007-11-18an, igorri zuten guztia The Wall Street Journal"-era. Orain, egunkariaren aldetik erantzunik ba ote den ikusi behar.


Ildo bereko artikulua (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
181 izan zitezkeen...
2007-11-21 / 11:41 / Mikel Morris

180 asko dira baina ,zoritxarrez, ez dit inork ere ezertxo ere bidali, erantzun zehaztu hori sinatzeko, bestela, 181 izango ziren. Batzuetan, baztertua izateak min egiten dit baina moldatuko naiz, beti bezala.

(MIKEL MORRIS, Morris Student Plus hiztegiaren egilea da)

 
Erantzun hori idatzi zuenak ez daki euskara behar bezala
2007-11-21 / 13:51 / Mikel Morris

Ahaztu baino lehen, erantzun hori idatzi zuenak ez daki euskara behar bezala. Erantzun horretan, "govern", euskaraz, "jaurlaritza" omen da eta "independence", ordea, "askatasuna". Agian "govern", katalanez, "jaurlaritza" izan daiteke baina ez ingelesez. "Govern", ingelesez, "gobernatu" esaten da euskaraz edo, euskara garbi-garbian, "jaurri". "Independence" ez da "askatasuna", "independentzia" edo "burujabetasuna" baizik. "Askatasuna", ingelesez, "freedom" edo "liberty" da. Alemanez, "Demokratie" idazten da, ez "demokratie". Txikikeriak dira, hori bai, baina euskararen etsaiek horrelako hutsak erabil ditzakete euskararen aurka.

 
Eta hemengoei noizko?
2007-11-21 / 15:49 / JJ Agirre

Haserrea adierazteko eta erantzun soka luzea eragiteko artikulu iraingarriak AEBetan argitaratuak behar dute?

Uste dut guztion buruetan daudela asteon bai, asteon ez, euskarari eta euskaldunoi buruz erdeinuz eta gezurrez jositako artikuluak argitaratu ohi dituzten agerkariak, edo astakeria bikainak jaurtitzen dituzten irrati kateak, batzuek zakarrago, bestetzuek zorrotzago; batzuek Madrildik, beste batzuek Bilbo, Donostia edota Iruñatik.

Noizko horiei zuzendutako erantzun soka luzea edo diskurtso antolatu eta egituratua sikiera?

(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ albaitaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus