Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oņederra proposatu dituzte euskaltzain oso izateko

Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oņederra proposatu dituzte euskaltzain oso izateko

2007-10-31 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oņederra euskaltzain urgazleak proposatu dira euskaltzain oso izateko, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko. Proposamenak Euskaltzaindiak Donostian 2007-10-26an eginiko osoko bilkuran egin dituzte.

Hauek dira proposamenak:

29. zenbaki-hutsartea betetzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazlea proposatu dute Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek.

30. zenbaki-hutsartea betetzeko Lourdes Oņederra euskaltzain urgazlea proposatu dute Henrike Knörr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu euskaltzain osoek.

Joan Mari Torrealdai

Joan Mari Torrealdai Nabea, Foruan jaio zen 1942an. Filosofia eta Teologia ikasketak bete zituen, Oliten (1960-1963) eta Arantzazun (1963-1967), hurrenez hurren. Toulouseko "Institut Catholique" ikastetxean atera zuen Teologiako lizentziatura, 1972an, eta Parisen, berriz, Hizkuntza Frantseseko diplomatura ("Alliance Franįaise", 1972) eta Gizarte Zientzietako lizentziatura ("Institut d’Etudes Sociales", 1975). Informazio Zientzietan graduko lizentziatua, (Euskal Herriko Unibertsitatea, 1984). Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea da (Deustuko Unibertsitatea, 1991).

Anaitasuna hamabostekaria zuzendu zuen. Deustuko Unibertsitatean Soziologiako irakasle izana (1976-1978 eta 1991-1993 urte tartean), Doktoratutzako klaseak ere eman ditu Euskal Herriko Unibertsitatean zein Deustukoan, 1978an. Bestalde, Euskal Idazleen Elkartea erakundeko idazkaria izana da (1969-1978), bai eta Soziologoen Euskal Elkartea erakundeko idazkaria (1979-1980) ere.

Euskaldunon Egunkaria-ren Administrazio Kontseiluko kidea izan zen hasieratik bertatik, eta 2000tik 2003ra bitartean lehendakaritza bete zuen. 1977. urteaz geroztik, Jakin aldizkariaren zuzendaria da.

1975eko ekainaren 27an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Akademiaren enkarguz, euskal idazleen eta euskarazko ekoizpen idatziaren azterketa egin zuen.

Hogeita hamar urtetan zehar landu duen lan bibliografikoak bi alor nagusi ditu: bat, liburua bera gizarte adierazle gisa ulertuta liburugintzaren azterketa, Jakin-en 30 zenbakitan emana eta modu zabalagoan "Euskal idazleak gaur" eta "Euskal Kultura gaur. Liburuaren mundua" liburuetan sakondua. Eta bi: liburuen katalogoa, fitxa bibliografikoz osatua.

Argitaratu dituen lanen artean hauek daude, bestak beste: Iraultzaz. Jakin, 1973; Euskal idazleak gaur / Historia social de la lengua y literatura vascas. Jakin, 1976; El euskara y la cultura escrita. Jakin, 1977; Euskal idazleak gaur. Jakin, 1977; Euskal liburu eta aldizkariak. Euskaltzaindia, 1978; Euskararen zapalkuntza. Jakin, 1982; XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa. Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993-97; El libro negro del euskara. Ttarttalo, 1998; Martin Ugalde: Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena. Jakin, 1998; La censura de Franco y los escritores vascos del 98. Ttarttalo, 1998; XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa, I, II, III, IV, V. Gipuzkoako Foru Aldundia; Imanol Murua Gipuzkoako Alkate, Alkartasuna Fundazioa, 2004.

Jaso dituen sarien artean: Euskadi de Plata Saria, (1997), Euskal Kultura Gaur liburuari liburudendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik. Euskadi de Plata Saria, (1998), El Libro Negro del Euskera liburuari liburudendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik. Eta aurten, 2007an, "XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria", Ohorezko aipamena.

Lourdes Oņederra

Donostian sortua, 1958an.

Filologia Hispanikoan lizentziaduna (1980). Euskal Filologian doktorea (1987). Tesia euskal hizkuntzaren palatizazioaz egin zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.

Master of Arts The University of Iowa, Department of Linguistics (1982).

EHUko katedraduna da. Unibertsitate honetako Filologia eta Geografia eta Historia Fakultatean dihardu gaur egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean, bertan Fonetika eta Fonologia irakasle delarik.

Horrezaz gain, Grazeko (Austria) Unibertsitateko irakasle gonbidatua izana da eta, besteren artean, Teaching Assistant bezala aritu izan da Iowako Unibertsitatean, fonetika eskola praktikoak ematen. Vienako eta Hawaiiko (Honolulu, Estatu Batuak) Unibertsitateetan ere izana da, fonologia ikerketak egiten. Hawaiiko kasuan, David Stampe doktorearekin lan egiteko aukera izan zuen.

Euskaltzaindian, Ahoskera batzordeko kide izan zen, harik eta batzordea desagertu zen arte. Batzorde horretan, ahoskerari buruzko normatibizazioaren inguruko ikerketa lan bat burutu zuen (1993-1994). Ahoskera batzordeko koordinatzailea ere izan zen (1995-1998).

Euskaltzaindiak 1996ko martxoaren 29an izendatu zuen euskaltzain urgazle.

Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2002-2003), ASJU (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo") argitalpenaren kontseilukidea da. Linguistic Society of America (LSA) eta Societas Linguistica Europea (SLE) elkarteetako kidea da. 2004tik, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko idazkaria da.

Komunikazio eta ponentzia ugari eginak ditu eta biltzar askotan parte hartu du, hizlari eta aditu bezala.

Bestalde, hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lan zientifikoak. Hala, Euskaldunon Egunkarian, 1995-1997 urte bitartean, hamabostean behin zutabe bat idazten zuen. Egunkari bereko Begia gehigarrian ere zutabe laburrak idazten aritu zen (2000tik 2001era). Bestalde, Ere, Oh Euzkadi!, Hika, Argia edota Diario de Noticias de Alava komunikabideetan argitaratu ditu bere kolaborazioak.

2001. urteko irailetik 2005eko azarora arte, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, EiTBrako hizkuntza kontsultarako aholkulari bezala jardun zuen.

Lourdes Oņederrak Eta emakumeari sugeak esan zion argitaratu zuen 1999an. Liburu hori Espainiako Sari Nazionalerako finalista izan zen eta Euskal Herrian hainbat sari jaso zuen: Beterriko Liburua 1999, Zilarrezko Euskadi Saria 2000, Euskadi Saria 2000, Kritika Saria 2000. Gaztelaniazko itzulpena ere argitaraturik dago Y la serpiente le dijo a la mujer izenburuaz, Iņaki Iņurrietak itzulirik, Bassarai argitaletxearen eskutik. Eta ingelesera ere itzuli dute.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus