Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Andoni Sagarna euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Donostian

Andoni Sagarna euskaltzain osoak sarrera-hitzaldia egin du Donostian

2007-10-30 / 07:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Andoni Sagarna euskaltzainaren sarrera ekitaldia ospatu zuen Euskaltzaindiak 2007-10-26an, Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan. Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta 26. zenbakia duen domina eman zizkion Sagarnari.

Sarrera-ekitaldiaren egitaraua betez, Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra entzun zuten lehendabizi bertaratutakoek. Euskaltzainburuak esan zuenez, "hizkuntza eta teknologia berriak uztartzen saiatu eta saiatzen da Andoni Sagarna, euskararen onerako eta onurarako. Hitz batez esateko, zubigintza-lana egiten, arlo bateko eta besteko osagairik azpimarragarrienak batuz eta diziplinartekoa egoki landuz".

Besteak beste, euskaltzain berriaren "arima -"Sagarnak gogoratzen digu, besteak beste, alfer-alferreko dela teknika nahiz teknologia oro, artean espiritua eta arima ez bada"-, gogo euskaltzalea eta euskal kulturan duen militantzia" gogoan izan zituen euskaltzainburuak, baita bere "kemena eta eragingarritasuna, ekimena eta jarraitutasuna" ere. "Eustazpi eta euskarri sendoa dator gaur Euskaltzaindira -laburbildu zuen Andres Urrutiak-, XXI. mende honetan euskarari eta Akademiari beharrezko zaien tresna, lanabes eta proiektu berriak eskainiko dizkiona".

Andres Urrutiak amaitu orduko, Patxi Salaberri eta Mikel Zalbide euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Andoni Sagarna Euskara eta Informazioaren Teknologiak. Egungo egoeratik etorkizunera begira izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko.

"Hizkuntza eta teknologia, hara hor denok egunero erabiltzen ditugun bi gauza. Jende askorentzat, ordea, bata bestetik urrun dauden arloak dira. Bi eremu horien atzoko, gaurko eta biharko hurbiltasunaz eta harremanez hitz egitera natorkizue hain zuzen ere". Hitzaldi neurtu eta zehatza osotu zuen Andoni Sagarnak Euskaltzaindian sartzeko honetan.

Orokorretik abiatu eta gurera etorrita, XX. mendearen hasieraz geroztik ingeniariek euren lanbidean erabili beharreko hitz teknikoen gaineko arduraz aritu zen, Alemanian bereziki lexikografia espezializatuan eman zen bultzada gogora ekarriz.

Hizkuntza eta teknologiaren arteko harremana are gehiago hurbildu da informatikaren eremuan murgilduta bizi garenez geroztik, hainbat esparrutan: teknologia bera lagungarri gertatzen delako hizkuntzaren ikerketan (hizkuntzalaritza konputazionala); pertsonen eta sistema teknologikoen arteko harremanean (hizkuntza naturalaren prozesamendua); eta hizkuntza bera ezinbesteko tresna baita sistema teknologikook sortu eta garatzeko (hizkuntzaren ingeniaritza).

Hortaz, honaino iritsiak, Andoni Sagarnaren esanetan "gizarte berri honek jakintza du garapenaren gakoa. Orain arte ez bezala, iraultza ekonomikoaren erroak ez daude materiaren eta energiaren erabileran soilik. Informazio-teknologien etorrerak garapenaren eragilea beste arlo batera eraman du. Materia erabili beharrean, ikurrak, kodeak, mezuak erabiltzen dituzte teknologia hauek eta substantzia ukiezin hau da gizartea mugitzen duen motorraren erregai berria".

Euskararen premiak

Inguru geroz eta konplexuago horren baitan euskararen garapena zertan den aipagai izan zuen. Orain arte izan diren aurrerapenak onartuta -"Informazio eta Komunikazio Teknologiek azken hamarkadetan ekarri dizkiguten baliabide gehien-gehienak ederki baliatu ditugu euskaldunok"- etorkizunera begira, euskarak prestatu beharra dauka gainean ditugun aldaketen aurrean. Are gehiago: "Oso tresna baliagarriak daude dagoeneko, hedadura handiko hizkuntzentzat behintzat edo, hobeto esan, ia hedadura handiko hizkuntzentzat bakarrik".

Hala, bada, web 3.0 edo web semantikoaren garrantzi estrategikoa azpimarratu zuen Sagarnak. Izan ere, horren bitartez, teknologia eraikitzeko modua goitik behera aldatuko da. "Orain -azaldu zuen- hitzak eta esaldiak karaktere-katea gisa tratatzen dira eta ez haiek duten esanahiaz baliatuz. Web 3.0 edo web semantikoa deritzonean, berriz, erabiltzaileek esanahian oinarritutako interakzioak izango dituzte". Aukeretan ere arriskuak daude, eta errentagarritasuna aurrerapenen zabalkundearen eragile nagusietako bat delarik, Andoni Sagarnak hauxe galdetu zuen: "Zer gertatuko da teknologia horiek hizkuntza batzuetan bakarrik erabil badaitezke? Jokoz kanpo geratzen diren hizkuntzak ez dira praktikoak gertatuko eta hainbat esparrutatik kanpora geratuko dira. Web semantikorako ez badugu euskara prestatzen, gizarte digitalaren Harri Aroan geratuko gara".

Euskararen arazoak zehaztu zituen hurrena: "Ez dugu lortu oraindik ustiapen industrial eta komertzial errentagarririk Hizkuntzaren Ingeniaritzan. Gehiago esango dut: zaila ikusten dut hori lortzea planteamendu batzuk ez baditugu aldatzen. Euskara erabilera murritzeko hizkuntza izatea oztopo larria da. Honek, jakina, asko baldintzatzen du aipatu dudan errentagarritasunaren arazoa".

Bide horretan, asko eta askotarikoak izan dira gure artean egin diren ahaleginak. Horiek ez dute etenik izan behar, oinarri ezin sendoagoa direlakoan: "Dagoeneko metatua dugun jakintzan eta praktikan oinarrituz, Hizkuntzaren Ingeniaritzako produktuen eta zerbitzuen industria bultzatzea izan behar du estrategia, hedadura handiko hizkuntzen merkatuetan errentagarritasuna bilatzeko, bide batez euskarak datorren munduan bizirik irauteko beharrezkoak izango dituen tresnak lantzeko".

Corpus baten beharra

Mehatxu horiei aurre egiteko, badu euskarak landu beharreko arlo bat: etorkizun hori bermatu nahi badu, corpus ahalik eta osatuena lantzea ezinbestekotzat jotzen du euskaltzainak. "Gaur egun -zehaztu zuen-, Hizkuntzalaritza ez ezik, Hizkuntzaren Ingeniaritza ere corpusetan oinarritzen da". Zeregin horretan, Euskaltzaindiaren esku-hartzea oso garrantzizkoa jo zuen Sagarnak: "Euskaltzaindiak badu dagoeneko bide hori urratzen joateko egitasmoaren lehen zirriborroa. Bertan corpus monitore bat eraikitzen joatea planteatzen da, alde batetik euskara idatzizko hedabideetan ia unean-unean nola erabiltzen ari den jakiten lagunduko duena eta bestetik gorputza hartzen joango dena erreferentzia corpuseranzko bidean".

Lehentasunak markatu zituen, bada, eta bitartekoak ere nabarmendu: "Mundu globalizatuan buru-belarri sartuta gaudelarik, jakintzan oinarritutako organizazioak behar ditugula esaten digute adituek. Hara hor bete-betean baldintza hori betetzen duen jarduera bat. Baliteke ni ameslari bat izatea, baina uste dut areto honetan bertan dauden dozenaerdi bat lagunek estrategia horretan sinetsiko balu, bideragarria litzatekeela".

Horra euskal hizkuntzaren Akademian sartu berri den ingeniari baten hitzak. Erronka zein den argi adierazi zuen joan den ostiraleko bere hitzaldian, eta berari dagokion heinean, ilusioz beteko duela ere nabarmendu zuen. Eleizalde, Etxaide, Dassance, Yrizar, Davant, Sarasola edota Zalbide ingeniari eta euskaltzainak bide-erakusle izan ditu Euskaltzaindian. "Horrek, jakina -azpimarratu zuen-, haien eredua jarraitzeko ahaleginak egingo ditudala agintzera behartzen nau eta halaxe egingo dut".

Jean-Louis Davanten erantzuna

Jean-Louis Davant euskaltzainak eman zion Andoni Sagarna euskaltzain berriari erantzuna, Aizkolariak eta zizelkariak, hitzaldiarekin. Sarrera-hitzaldiaren aitabitxiari euskaltzain berriaz mintzatzea eskatzen zaio eta hala egin zuen Davantek, umore onez eta ironiaz egin ere. Sagarnaren ibilbidearen hainbat momenturi erreparatu zion Zuberoako euskaltzainak: hala, horren ikasketak eta zeregin profesionala aipatu zituen, argitaratu dituen liburu batzuk gogora ekarri, urte askotako Sagarnaren Euskaltzaindiarekiko lotura ere azpimarratu zuen, eta azkenik Euskaltzaindiaren zeregin handienetakoa den hiztegigintza arloa aipatu zuen: "Hiztegigintza horretan, ezin gara sail tradizionaletara mugatu eta Euskaltzaindiak, hiztun eta idazle onaren kultura zabalean sar daitezkeen hitz tekniko eta zientifiko arruntenak bere hiztegi batura bildu behar ditu". Horregatik, batez ere, Andoni Sagarnaren izendapena, Davanten aburuz: "Lehenik eta oroz gainetik, Hiztegi Batuko lantaldean urtez eta urtez egin duzun lana ikusirik, hiztegi horri ekarri eta ekartzen diozuna gogoan, Euskaltzaindira deitu zaitugu duda izpirik gabe. Ez da ustekabea, eta ordu zuen".

Euskaltzaindiak idazleen beharra duela entzuna du Davantek. "Baina besterik -galdetu zion bere buruari- zer gara gaurko euskaltzainak?" Bere esanetan, batzuk literatura pertsonal eta lirika landu dituzte euren testu idatzietan, beste batzuk linguistika edota gramatika, baita gai sozialak ere... genero ezberdinak jorratu dituzte euskaltzainek. Orain, baina, "hirugarren urrats bat eman behar dugu: gaurko munduaren izakera eta berri zehatzak euskaraz erran hitz egokietan. Eta hor -esan zion Sagarnari- zu bezalako adituak eta idazleak, idazle adituak eta aditu idazleak behar ditugu, Andoni, zubigile".

Andoni Sagarnak elkarlanean duen eskarmentua goraipatu zuen Davantek -"Euskaltzaindiak elkarlanerako gai direnak behar ditu bere baitan"- eta lehendik egindako lanak orain sartu diren euskaltzainen bultzada behar duela azpimarratu zuen bereziki: "Adin bateko euskaltzainak, ni barne, idazle orokorrak izan gara, jeneralistak, maiz poligrafoak, euskalki batean oinarrituak eta sustraituak, gero beste euskalki pare batera zabalduz joan garenak; salbuespenez kanpo, euskararen alorrean autodidaktak izan gara. Euskara batua moldatu dugu, edo hasi bederen, larri larria. Haritz enbor gogorrean estatua baten itxura eman diogu orokorki. Silueta marraztu diogu aizkoraz, Txillardegi eta Mitxelena maisuen diseinutik".

"Orain -gaineratu zuen- aizkolarien ondotik, zizelkariak behar ditugu, berezilari zorrotzak, euskara batuaren bozeto sendoari aurpegi fin eta gazte baten emateko, esku polit, arin eta trebeen adelatzeko".

Euskaltzaindiaren berrikuntzaz mintzo da Jean-Louis Davant: "Nire ondotiko belaunaldia formakuntza bereziz eta ofizioz hornitua etortzen hasia zitzaigun bulta honetan, orain zabaltzen ari zaigu eta gaina hartuko digu. Horrela behar du, euskararen aberasteko, egokitzeko, berritzeko, puntako teknikak baliatuz. Gu lumaren arotik boligrafora, idazmakinara eta faxera pasa ginen. Nire ondotikoak informatikara igo dira trebetasun handiz, nor bere kaxa. Orain Andonik erakusten digu nolako abantailak eta probetxuak atera daitezkeen tresna horren erabilera sistematiko eta kolektibo eta publikotik".

Akademia den heinean, Euskaltzaindia gaztea da Davanten aburuz. "Militantea -gaineratu zuen- euskararen egoerak horretara behartua, baina profesionala ere bada, eta zientifikoa izan nahi". Andoni Sagarna garaiz eta sasoiz heltzen den uste osoan, erakunde horretara ongietorria eman zion Zuberoako euskaltzainak: "Zure lan aratz eta oparoaz, hiztegigintzan bereziki, lehenago ere sartzea merezi zenukeen".

Hitzaldia amaitzean, euskaltzainburuak euskaltzain oso berriari dagozkion agiria eta diploma eman zizkion. Gero, banan-banan, euskaltzain guztiek zoriondu zuten Andoni Sagarna.


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus