Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Sakelakoak ere euskaraz egiteko konpromisoak

Sakelakoak ere euskaraz egiteko konpromisoak

2007-10-17 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - HPS   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzak -Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez- eta telefonia operadore nahiz fabrikatzaile nagusiek lankidetzarako bi hitzarmen marko sinatu zituzten atzo (2007-10-16) Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian. Hitzarmen hauen helburua telefonia mugikorraren arloan euskararen erabilerari ateak luze-zabal irekitzea da.

Eroski, Euskaltel, Telefónica, Vodafone eta Yoigo operadoreak, eta Alcatel, Nokia, Samsung eta Sony Ericsson fabrikatzaileak dira, hain zuzen ere, euskara telefonia mugikorraren esparruan progresiboki sustatzeko konpromisoa hartu duten enpresak.

Telefonia fabrikatzaileek, operadoreek eta Jaurlaritzak konpromiso jakin batzuk zehaztu dituzte, bakoitzak bere aldetik bete beharrekoak, akordioari muina emanez.

Fabrikatzaileen konpromisoak

Fabrikatzaileen konpromisoak honako hauek dira:

  • a) Euskara ezarriko dute pixkanaka/progresiboki Euskadin merkaturatzen dituzten terminaletan.
  • b) Pantaila interaktiboen bidezko teknologia-produktuetan euskara jarriko dute menu eta aplikazioetako hizkuntza-aukeren artean.
  • c) Euskara ezarriko dute erabiltzaileen eskuliburuetan eta webetik jaso ditzakegun euskarri elektronikoko gida azkarretan ere.

Operadoreenak

Operadoreen konpromisoak honako hauek dira:

  • a) Terminalak fabrikatzen dituzten enpresei egindako eskaeretan eskatuko diete euskara izan dadila menuetako eta aplikazioetako aukerako hizkuntzetariko bat. Eskaera hori oso mugatua izango da 2007ko Gabonetako eta Erregeenetako kanpainetarako (gauden datetan gaudelako), zabalagoa 2008ko udako kanpainarako, eta orokorra izango da 2008ko Gabonetako eta Erregeenetako kanpainarako.
  • b) Beren komunikazioetan, kanpainak egingo dituzte beren bezeroek euskararen aukera ez daukaten telefonoak berritu edo alda ditzaten, aukera hori duten terminalak eskuratzeko bidea izan dezaten hala nahi badute.
  • c) Publizitatean, banaketa-guneetan eta web orrian argi adieraziko dute zein terminalek duten euskara-aukera.
  • d) Hala nahi duten bezeroek enpresarekin harremana euskaraz izateko aukera bermatuko dute, indarrean dagoen legeria betez.

Eta Eusko Jaurlaritzarenak

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, honako konpromisoak hartu ditu:

  • a) Eusko Jaurlaritzak babes instituzionala emango die hitzarmen hau sinatu duten enpresek euskara edo euskal kultura sustatzea helburuarekin bultzaturiko ekintzei.
  • b) Eusko Jaurlaritzak doaneko hizkuntza-aholkularitza eskainiko die hitzarmen hauen sinatzaileei euskarazko bertsioen egokitasuna eta terminologia-zuzentasuna bermatzeko.
  • c) Eusko Jaurlaritzak gizartean urtero sustatu eta jakinaraziko ditu telefonia mugikorrean euskaraz gertaturiko berrikuntzak, bereziki Gabonetako eta Erregeenetako kanpainetan, operadoreen izenak publikoki jakinaraziz, noski.

Euskararen oraina eta geroa bermatzeko pausoak

Akordio hau "oso albiste ona da" euskararentzat, adierazi zuen atzoko ekitaldian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Hitzarmen honen bidez, Eroski, Euskaltel, Telefónica, Vodafone eta Yoigo operadoreek, eta Alcatel, Nokia, Samsung eta Sony Ericsson fabrikatzaileek "konpromisoa hartu dute euskara progresiboki, pixkanaka, sustatzeko telefonia mugikorraren esparruan", gaineratu zuen sailburuordeak, azpimarratuz, baita ere, bi hitzarmen hauek sinatzearekin, Eusko Legebiltzarrak martxoaren 30eko Osoko Bilkuran egindako eskaera bete duela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Baztarrikak oroitarazi zuen azken 20 urteotan "200.000 hiztun irabazi" dituela euskarak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta gaur egun biztanle guztien artean "heren batek" dakiela euskaraz, eta 25 urtetik beherako gazteen artean "% 50etik gora" direla elebidunak. Aipatu zuen, halaber, euskara orain dela 20 urte baino gehiago eta arlo gehiagotan erabiltzen dela, "baita sekula erabili gabekoetan ere: hezkuntzako maila guztietan (unibertsitatea barne), komunikabideetan, kultur sorkuntzaren adierazpen guztietan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan edo administrazioan". Eskuko telefonoen erabiltzaileei dagokienez, eta kontuan harturik gazteek asko erabiltzen dutela eta erabiliko dutela, nabarmendu du biztanleen zentsuko datuen arabera 30 urtetik beherako gazteen "% 77,30 gauza" dela mugikorra euskaraz erabiltzeko, eta zenbat eta gazteago "orduan eta hobeak" direla portzentaje horiek.

Dena den, ohartarazi zuen euskara "eguneroko hizkuntza" izatea lortzen ari badira ere, "erabileraren erronka irabazteko asko falta" zaiela oraindik, eta estrategia horretan "kokatzen" dela, hain zuzen ere, gaur sinatu hitzarmena.

Baztarrikak azaldu zuenez, baserriko hizkuntza izan zen euskara, gerora "kostata baina industrializaziora egokitu zen", eta orain Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarte Globalizatura "egokitzen asmatu behar du, asmatu behar dugu". Eta horretan asmatuko badu, berretsi zuen "bistakoa" dela Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien munduan euskarak "bere leku propioa aurkitzea nahitaez", zeren eta "interneten garaia da gurea, posta elektroniko, blog, chat eta SMSen garaia". "Gazteak dira, gainera, bitarteko hauek gehien erabiltzen dituztenak. Horregatik dakigu euskara telefonia mugigarrian bultzatuz, euskararen oraina eta geroa bermatzeko pausoak ematen ari garela”.

Hitzarmen osagarri hauen argitan, sakelako telefonoa euskaraz erabili nahi duenak euskaraz ere erabiltzeko aukera izango du. Izan ere, Baztarrikaren iritziz, hori da hizkuntza aniztasun "aberatsa" eta gure gizartearen "elkarbizitza zaintzeko modurik eraginkorrena".

Sailburuaren agerraldia

Sailburuordeak amaitu zuen esanez konpromiso hauen ondorio praktikoak, batez ere, "datorren urteko udan eta Gabonetan atzemango" direla. Eta aurreratu zuen Kultura sailburuak hil honetan bertan, eta berak eskatuta, "agerraldia egingo" duela Legebiltzarrean hitzarmen hauei buruzko xehetasunak azaltzeko.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus